[Nor Zen?] Paulino Uzkudun
[Nor Zen?] Paulino Uzkudun
“Boxeoa” eta “euskalduna” kontzeptuak hitz bakar batekin lotzeko eskatuz gero, ziurrenik “Urtain” esango duzu. Baina badago beste izen bat, badago euskal boxeogintzak eman duen beste elementu entzutetsu bat, iraganean ezagun eta egun ia ikusezin.
[Nor Zen?] Paulino Uzkudun
Paulino Uzkudun Eizmendi Errezilen jaio zen, Gipuzkoan, 1899ko maiatzaren 3an. Gurutze baserriko bederatzi anaia-arreba artean gazteena izan zen. Koskortutakoan aizkora probekin hasi zuen bere kirol ibilbidea, baina beranduago, ordea, sona emango zion ofizioari helduko zion.
Boxeoari ekinda, Uzkudunek bere garaiko munduko txapeldun Joe Louis, Max Baer, Max Schmeling eta Primo Carnera izan zituen aurkari hainbat borroketan. Erretiratu zenean, guztira 50 garaipen (34 KO), 17 porrot eta 3 berdinketa zituen.
1924an Espainiako Txapelketa irabazi ondoren, Europako boxeolariak garaitzeko txanda iritsi zitzaion Uzkuduni; bi urteren buruan, Europako Txapelketa irabazi zuen. Bartzelonan izan zen norgehiagoka hura, eta Erminio Espala italiarra garaitu ondoren, Euskal Herrira itzuli zen. Donostiara heldu zenean, Txirrita bertsolariak bertso batzuk bota zizkion Europako txapeldun berriari:
Gipuzkoa’ko Errezill’ena,
Gurutze’n jaio ta asiya,
obekiyago jakitiatik,
Paulino Uzkudun graziya;
oraiñ iru urte San Juanetan
zan boziuan asiya,
garai onetan bere mendian
dauka Europa guziya.
Uzkudun boxeolari bizkorra zen, eta sekulako ezker gantxoa zeukan. Harry Wills famatua erretirarazi zuen, 1927an lau asaltotan irabazi zionean.Behin munduko titulua lortzeko borrokatu zen, 1933an, Italian: Primo Carnerak puntuka irabazi zion hamabosgarren asaltoan. 1933-1934 denboraldietako udan, Uzkudun Rocky Pointen (AEB) entrenatu zen. Franklin Rosaliarekin sparring saio bat egiten ari zela, hark Uzkudun eraitsi zuen. Batzuek diote hori izan zela erretiratzeko hartu zuen erabakiaren zergatia.
1935an itzuli zen, ordea, Madison Square Gardenen Joe Louisekin borrokatzeko. Laugarren asaltoan, Louisen eskuin uppercutak Uzkudun eraitsi zuen, eta arbitroak borroka amaiarazi zuen, nahiz eta Uzkudunek borrokara itzuli nahi izan. Uzkudun inoiz ez zuten eraitsi haren azken borroka profesionaleraino.
Txirritak bertsoak kantatu zizkionean agian ez zuen jakingo, baina Paulino Uzkudun falangista zen: Gipuzkoako falangista afiliatuen zerrendan, 785. zenbakia zeukan, hain zuzen ere. 1936an faxistekin lerrokatu zen. Pasaiako CNTkoek Uzkudun harrapatu zuten halako batean, eta noski, bera fusilatzeko erabakia hartu. Baina paradoxikoki diziplina hautsi zutenak ez ziren anarkistak izan, jeltzaleak baizik. Zarauzko EAJko kideek ihes egiten lagundu zioten.
Gerraostean, frankismoaren propagandako ikur handietako bat bilakatu zen. Madrilen bizi izan zen urte luzaz, eta bertan hil zen, 1985ean.
Kaixo!
Atxagak bere liburu bikainean (Nevadako egunak) kontatzen ditu pertsonaje honen bizitako beste pasarte interesgarri batzuk.
Ondo izan!
https://eu.m.wikipedia.org/w/index.php?title=Perlak,_kolpeak,_musuak,_traizioak&action=edit&redlink=1
Aitaren osaba zen. Amona Enkarnak “Mutur” esaten omen zion. Ez omen zen Azpeitiako gure baserri aldetik askotan agertzen, pentsa Aitona ere beste bandoan ibiltzeagatik heriotz zigorrera kondenatuta egon baitzen Donostiako gartzelan.
“Laura esaten zioten” (http://www.txalaparta.eus/libro/10092/laura-esaten-zioten/) izebaren liburuan ere aipatzen dira Paulinorekin izan zituen tirabiraren batzuk.
A ze familia gurea!! 😀