Nor erantzule?
Nor erantzule? –
Azken astean, egunez-egun positibo tasak altua izaten jarraitzen du Hego Euskal Herrian. Nafarroako gobernua hasi zen neurri gogorrak hartzen aurrena. Mugikortasuna murriztu zuen eta beharrezko denean bakarrik irten daiteke erkidegotik. Taberna eta jatetxeak itxi zituen eta eskolaz kanpoko eta “beharrezko” ez diren jarduerak debekatu. Bestalde, sei pertsona bakarrik bildu ahal ziren.
EAEn, ordea, gobernuak neurri arinagoak hartu zituen eta herri batzuetan, gune gorrietan taberna eta jatetxeen ordutegia zorroztu zuen eta herritik ez ateratzeko gomendioa eman zuen. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa osoan sei lagunetara jeitsi nahi izan zuen jendearekin biltzeko aukera baina auzitegiak kontrako epaia eman zuen eta hori egitea ez dela legezkoa esan. Epaiarekin haserre, Urkullu Sanchezengana jo eta alarma egoera jartzeko eskatu zion eta hark kasu egin. Igandetik estatu espainiar guztia alarma egoeran dago eta etxeratze agindua dago gaueko 23:00etatik goizeko 06:00etara. Erkidegoetako gobernuei eman die eskumena aldaketa batzuk egiteko. Alarma egoera hau sei hilabetez luzatu nahi lukete, gainera.
Alarma egoerarekin Eusko Jaurlaritzak murrizketa handiagoak egin ditu eta horren berri atzo iluntzean eman zuen. Erabaki nabarmenenak mugikortasunarekin du zerikusia. Herritik ezingo dute herritarrek mugitu beharrezkoa ez bada. Eremu publikoan eta pribatuan elkartzeko aukera ere murriztu du eta gehienez sei lagun elkartu ahal izango dira. Nafarroko gobernuak ere neurriak gogortu ditu puntu honetan eta batera bizi ez direnak eremu pribatuan elkartzea debekatu du.
Neurri hauek guztiak entzunda, erantzule bakarrak herritarrak garela adierazten dute. Baina gobernuek egin al dute ezer aurreko itxialditik? Aldaketarik gaizki zegoena konpondu edo hobetzeko? Aurreko itxialdian bezala ez dago ZIU nahikorik. Positibo tasa altua izatea ez da ona baina ZIU nahikorik ez izateak eta ospitaleetan ohe nahikorik ez izateak larritzen du egoera. Eta hori ez da herritarren errua.
Europatik jasotako diru-laguntza guztiak nora joan dira? Enpresa handiak babestera?eta zer gertatuko da taberna eta jatetxeekin? famili negozio txikiekin eta autonomoekin? Denda txikiekin? itxialdi honen bueltan, jarraituko al dute bizirik? Horretan ere herritarrek al dugu ardura?
Senide eta lagunekiko distantzia handiagotzen ari da. Gure arteko harremanek eragin handia jasan dute eta jasango dute. Eta ume eta gazteengan ez al dugu pentsatuko? eta adinduengan? egoera latz honek nola eragin die dagoeneko eta eragingo die?
Orain arte hartu diren neurri guztiak herritarrek bete beharrekoak dira. Eta non daude gobernuek bete beharreko neurriak? Herritarrak ote gara egoeraren erantzule?
Ez dut uste erantzuleak topatzea denik helburua. Birus honen erantzuleak ez gara, ez herritarrak, ez beste inor. Benetako erantzuleak baleude… Kritika konstruktiboa eta autokritika behar ditugu. Ez badute agintari-oposizio taldeek arduraz jokatzen eta ez badugu herritarrok arduraz jokatzen nekez lortuko dugu helburua. Zerbait ikastea helburutzat jarriko bagenu, denok, beharbada aurrerapauso txikien bat egitea posible izango litzateke. Erantzuletasunaren joko horrek, aldiz, ez du ezer ikasteko balio.
Hedabideetatk egunero ari dira errua herritarrei leporatzen; gaizki portatzen omen gara. Nik, berriz, agindutakotik harago arauak betezen dituen artalde akritiko bat baino ez dut ikusten. Eta gure “res” publikoaren kudeatzaileak? Ez al zaie erantzukizunik eskatu behar honetaz guztiaz egiten ari diren kudeaketagatik. Noiz bihurtu ginen ardi obediente?
1. Akritikoa
2. Kritikoia edo sasi-kritikoa: kritika, batzuetan egoera hobetzeko borondaterik gabea. Sarritan norberarenak estaltzeko erabilia.
3. Kritikoa: kritika eta autokritika.
4. Kritikoa eta egoerarekiko arduratsua: kritika konstruktiboa eta autokritika. Egoera hobetzeko nahia.
Nire ustez lehenengo edo bigarren fasean altuenen, salbuespenak salbuespen.