Non eman da benetan Badiouren “gertakizuna” euskal gizartean?

Badiouren gertakizuna euskal gizartean –

Badiouren gertakizuna euskal gizartean

Alain Badiou-ren filosofiak eta bere kategoriek polemika handia sortu izan dute maiz askotan. Izanez ere, berauek asko-askotan bortxa iraultzaile-subertsiboa aldezteko baliatu izan dira. Halere, eta filososfia honek horretarako bide errazegi eman lezakeela inolaz ukatu gabe ere, berez-berez ez luke zertan hala izan. Egia da, zuzen-zuzenean historian zehar Badiouk zenbait biolentziaren aurrean erakutsitako jarrera errealari erreparatuko bagenio, edota, berari berorri zuzenean kontu honen gaineko bere aburua eskatuko bagenio, agian, ziurrenik, bortxazko ekimenen aldeegi egin lukeela bere biolentziaren aldeko jarrerak balantzan. Edozein kasutan, erantzun horien faltan, eta maizenean bere testuen abstraktotasuna-teorikotasuna eta, zergatik ez, iluntasuna, tarteko, gai honek ezin dio interpretazio kontua izateari utzi. Kontuak kontu, Badiouren aldetik berariaz edo ez, ezin uka bere pentsamendua bortxazko borroka asko aldezteko erabilia izan denik.

Aurreko eguneko artikuluan jada adierazita moduan, “gertakizuna” bere kategoria filosofikorik nagusienetariko bat da. Bestalde, bere obra nagusitzat jo beharko litzatekeen El ser y el aconteciento izenburukoan historiaren hausturaren alde egiten du agiriki, baita tradizioak luzaraziko ordena normalaren kontra egiteaz ere. Badiouren esanetan, zinezko aurrerabidea emango bada, errotikako hausturak bortxarazi behar dira. Haustura, dena den, ez da berenez datorren ezer. “Gertakizun” deituko duen horretatik segituko da betiere haustura, Badiouren ikusian. Gertakizun delako horrek eten batekin du lotura estua, berez jada gaur artean egon den horren guztiorren etenarekin, ezarria dagoen ordenaren urraketarekin. Hausturatik dator, hortaz, gertakizuna, edo gertakizunak, berau izango bada, haustura eragin behar du derrigor. Hortaz, gertakizuna, mailaz mailako bilakaera lineal eta progresibotzat jo beharrean, guztiz eta errotik berria den horren irrupziotzat jo behar genuke, Badiouk dioskuna ulertze aldera. Iraganarekiko lotura guztiekin etetea “egiarako” aurrebaldintzatzat jo du beti Badiouk. Bestalde, gertakizun delako horretan parte hartzen duten horiek berorrekiko fidelak izan behar dute, berorrekiko fideltasuna izan behar dute.

Badiouren gertakizunak, historiako aurrebaldintzekiko haustura erotikakoa bilatzen duenez, gehienetan Mendebaldeko demokrazien kontra egitea izango du eskakizun, besteetan beste, sistema hauek askatasunez mozorroturiko dominazio sistematzat joko direlako.

Badiouk ageri-ageriki, berenez, bortxa eta terrorismoaren alde ez badago ere, bere “errotikako eraldaketa” delako hori iristeak bortxa iraultzailea zilegitzen duela eman dezake lehenengo itxura batean. Izanez ere, Etika bere obran zeraxe diosku; erresistentziak eta “egiaren” (alegia, gertakizunetik segitzen den egia hori) alde egiteak “muturreko ekintzak” egitea behartzen dute sarri askotan.

Honelako testuek, honelako adierazpenek, ireki samar uzten dute biolentziarekikoan Badiouk zinez izan zuen jarrera. Hau horrela, izaera marxistako zenbait taldek, Badiouren pentsamenduaren gainean egin duten interpretazioan biolentzia ere zilegituta zegoela ikustea guztiz normala eta espero izatekoa da.

Halere, nago, Badiouren “fideltasunaren” kategoria ez dugula zertan beti gako iraultzaileetan aintzat hartu behar. Eta badakit hemen irakurketa ez-ohiko samarra eta agian neuregia egiten ari naizela. Baina, halere, nago fideltasun delako horrek ez duela derrigor bortxazko iraultza batekiko izan behar. Badiouk, gertakizun delako hori zerbait gutiz disruptiboarekin lotzen badu ere, berez ez du zertan biolentziarekin lotuta izan, eta justu kontrako norantzan obratuko lukeen zentzuan ere uler genezake. Hau da, injustu eta arrunt bidegabetzat jotzen dugun balizko aldaketa iraultzaile baten kontra. Unean unean, “egia” eta “gertakizuna” zinez zeintzuk diren, hemen edo han egongo da “getakizuna” gizarte batean.

Areago, ernabidean dagoen dena delako egia batekiko fideltasunaz ari bagara, zer gertatzen da egia hori jada aurkitu-ezarria dagoela baten bat uste eta sinetsita dagoenean? Zer gertatzen da gauden honetan baten batek egia bat ez dela iraulia izan behar uste duenean? Ikuspegi honetatik, “fideltasuna” erresistentzia erapean ager liteke, disrupzio bidegabe baten aurkako erresistentzia moduan, betiere sinetsita, aurrez aurreko ordena zilegiago dela disrupzioak ekarri asmo duen hori baino. Hartara, errotikako disrupzio delako horrek komunitatearen onaren aurka egingo lukeen eraldaketa soziala lekarkeela uste den horretan, orduantxe, orain arteko balio sistema batekiko fideltasuna “zinezko gertakizun” bilaka daiteke, “kontra-gertakizun” moduan izanda ere.

Bestetik ere, eta planteatutako zentzu honetan ere, zer esango genuke talde batek bortxa-eza zinezko ebento-gertakizuntzat badu? Kasu honetan, edozein ekimen biolentoren aurrean erresistentziazko jarrera bati eustea zinezko errotikako gertakizuna izan liteke.

Orain, lerro hauei buru emate aldera, gurera etorri nahiko nuke, Euskal Herrira. 90eko hamarraldian zehar, Oldartzen testu ofizialak zein J.Aguirre bezalako talde ideologikoek “pentsamendu bakartzat” jotzen zuten horren guztiz aurka egin behar zuen “Frentre Bateratu” delako horren baitan izan zuen ENAMek intereseko Badiou. Egoera horretan, balio marxistak gaurkotu eta berritzeko beharra sentitu zuen ENAMek, estrukturalista frantziarrek jada egina zuten moduan, eta, zentzu horretan, Badiouren eskaintza filosofiko-politiko erakargarri-erakargarrian aukera paregabe bat ikusi zuen. Halere, Badiouk berez ez zuen ezer egin. Bere pentsamendua eta ideiak baliatu zituena ENAM izan zen. Bestetik, egia da ENAMetik kanpo beti egon den euskal gizartearen gehiengoak ez dituela Badiourenak ezta bezalakorik ere baliatu bere errelato edota bere baitan eman izan diren ideologia ezberdinak elikatzeko, izan hauek abertzaleak edo konstituzionalistak. Halata ere, Badouirenak-eta euren iruditeria oinarritzeko baliatu ez izanak ez du zergatik esan nahi, zintzoki, zin-zinez, zinezko “gertakizuna” eta berorrekiko zinezko “fideltasuna” ez denik eman ENAMen kontra egondako euskal gizartearen gehiengo horretan. Ezen, egia esatara, zer da zinez “gertakizunago”, ENAMek burutu nahi izandako iraultza huts egina, edota, berori gauzatu nahian, berak eragindako hamarkadetako odol jario nekez paigarri horren aurrean, tinko eta hutsik egin gabe, eta asko sufrituta, heroikoki eutsi ere eutsi dion euskal gizartearen gehiengo zabal horren jarrera? Nik argi daukat. Ezen gurea ez da inondik “ebento” (“gertakizuna”) horren aurrean kontserbakoi eta otzana izan den gizarte bat, hurrik eman ere. Nekez euts dakioke honelako barne jazarpenezko eta bortxazko egoera horren luze bati. ENAMek eurena gertakizuntzat joko du. Pentsatzea libre da. Alabaina, erresistentzia paregabe batez bortxazko egoerari eustsi dion euskal gizartearen gehiengo horrek askoz arrazoi gehiago ditu, egiari zor, eurena zinezko gertakizuntzat jotzeko, eta berorrekiko zin-zinez guztiz fidela izan dela argi izateko.

Badiouren gertakizuna euskal gizartean  Badiouren gertakizuna euskal gizartean  Badiouren gertakizuna euskal gizartean  Badiouren gertakizuna euskal gizartean  Badiouren gertakizuna euskal gizartean  Badiouren gertakizuna euskal gizartean  Badiouren gertakizuna euskal gizartean

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

3 pentsamendu “Non eman da benetan Badiouren “gertakizuna” euskal gizartean?”-ri buruz

  • Oso bat Goitiak aipatzen duen azken paradoxarekin.

    Gertakizuna gertatu nahi duenari gertakizuna gertatu zitzaion. Hau da, gizartea jazartu zitzaion eta barraka itxi behar izan zuen ETAk.
    Oso antzeko gertatu zen adibidez Atez Ateko sistemaren ezarpen saioaren kasuan: Bilduk ezarri nahi izan zuen zaborra biltzeko modu bat, hegemonia lortze aldera, erabakia gertakizun gertatze aldera, eta gizartea jazartu zen, kontrako bidetik gertakizuna gertatuz.
    En fin, horregatik ez nago konforme ETAri “euskal erresistentzia” deitu nahi zaionean. Euskal gizarteak ETA erresistitu behar izan baitzuen, ETAkoak eta bere akolitoak azken finean garai bateko Aide Nagusien antzekoago izan ziren inolako erresistentzia baino: gure gizartetik ereindako zapaltzaile klase bat gure askatasunaren aitzakiz gure gizartea oinperatua ikusi eta gertatu nahi zutena.

  • Hau irakurrita gero igual ingeleraz esaten den bezala ‘wishful thinking’ piskat ez ote dagoen gertakizuna hitzari eman nahi diozun esanahiarekin. Gertakizuna beti sortuko da esperimentaziotik, ez dagoena mantentzeko, oro har, konformismotik. Gero esperimentazioek arrakasta gehiago edo gutxiago izango dute, edo porrotatik arrakasta sortu daiteke. Baina gertakizuna jada badagoen ordena defendatzetik nekez.
    https://badiouetagu.eus/estaldura-prozeduraz/

  • Gertakizuna, ETAren kasuan bezala, hamarkada batzuetan luzatu eta gero ingurugiro sozial baten “jada badagoen ordena” bilakatzen da, dudarik gabe. Euskaldunak oso ohituak ginen goizetan esnatzea eta periodikutan ETAren heriotzaren batekin gosaltzea. Hori zen gure eguneroko bizitzaren zati bat. Gure paisai politiko-sozialaren konposagai bat. Zer “gertatu” zen. Gizartea bera gertatu zela gertakizun urte gutxietan ETAk gainbehera egiteko eta desagertzeko. ETAk orden bat sortu zuen eta gizartea, gertakizun bihurtuta, ETA desegarrazi zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude