Noizko familia legea langile publikoentzat?
Noizko familia legea langile publikoentzat? –
Gaur goizean, abenduaren 18an, STEILAS sindikatuko kideok Nafarroako Jauregiaren aurrean elkartu gara, Gobernuari behingoz Familia Legea aplika dezan eskatzeko.
Espainiako Gobernuak, 2023ko uztaileko hauteskundeen aurretik, langileen lan kontziliazioa hobetzeko araudia onartu zuen Errege Dekretu bidez, modu honetan, familia tipologia guztiei lekua eginez. Dekretuak lan baldintza edo baimen batzuetan hobekuntzak ezartzen ditu. Esanguratsuenen artean dago, adibidez, ezinbesteko egoeren aurrean lanetik alde egiteko eskubidea, urtean gehienez ere lau egunez. Senide baten gaixotasunagatiko baimenari dagokionez, bi egunetik bostera igarotzen da. Berrikuntza nagusiena zortzi asteko guraso baimena izango litzateke, haurrak zortzi urte bete arte hartu daitekeena. Baimen hau ordaindu gabekoa da, nahiz eta Europak baimen honek soldatapekoa izan behar duela argi esan dion Espainiako Gobernuari. Uda honetan bertan amaitu zen zuzentaraua bertako araudian ezartzeko epea, Espainia baimena ordaintzera behartzen duena. Espainiako Gobernuak bete gabe jarraitu duenez, Europako Batzordeak arau-hauste prozesu bat ireki du.
Dena den, jakin berri dugu, Bartzelonan, epaitegi batek, kontziliazio Zuzentarauak ezartzen duen bezala, zortzi asteko guraso baimena ordaintzea ebatzi duela eta honek aurrekari bat sortu du. Urte eta erdi pasa ondoren, Nafarroan bazterkeria jasaten jarraitzen dugu, Errege Dekretu hau Funtzio Publikoan ez baita aplikatzen. Aitzakitzat darabilte Langileen Estatutu berriaren baitan onartzea aurreikusten dutela. Nafarroako Gobernuaren eraginkortasun falta tarteko, Estatutu honen diseinua atzeratzen ari da, langileen eskubide urraketa izugarria ematen ari delarik. Nafarroan, Administrazio Publikoan dihardugunok, ez dugu baimen horietaz disfrutatzeko eskubiderik.
Nafarroako Foru Komunitateak baditu berariazko eskumenak, baina onartezina da eskumen hauek langile publikoen aurka erabiltzea. STEILASek gogor salatzen du langileen lan baldintzetan sortzen ari den desoreka, kasu honetan funtzio publikoko langileen kaltetan. Langile publikoen hobekuntzak premiazkoak dira eta hori da Nafarroako Gobernuari eskatzen dioguna, Familia Legea aplikatuko duen Langileon Estatutua lehenbailehen argitaratu dezan. STEILASen borrokan jarraituko dugu irakasle eta Nafarroako Gobernuko haur eskoletako langileen kontziliaziorako hobekuntza hauek berehalakoan ezar daitezen Nafarroako hezkuntza publikoan ere.
…
Bihar hezkuntza publikoa ordezkatzen dugun lau sindikatuk (STEILAS, LAB, CCOO, ELA) elkarretaratzea deitu dugu arratsaldeko 18tan Parlamentu aurrean. Aurrekontuen Legea onartuko den eguna delako eta irakaskuntza publikoak hainbeste aldiz aldarrikatutakoa alde batera utzi dutelako. Olentzero eta Mari Domingi ere etorriko dira, agian ikatza ekartzera. Bertan espero zaituztegu. Eskerrik asko.