Noiz izanen dugu Nafarroan behar bezalako dekretu bat?
Noiz izanen dugu Nafarroan behar bezalako dekretu bat? –
Noiz izanen dugu Nafarroan behar bezalako dekretu bat, arreta jasotzen duten pertsonak eta sektoreko langileak ardatzean jartzeaz gainera, gizarte zerbitzu publiko doakoak, unibertsalak eta kalitatezkoak bermatzen dituena?
Gure ustez, dekretuaren edukia aldatu behar bada ere, beste behin ere ez dira prozesuaren formak errespetatzen ari, eta hori oso beharrezkoa da bermatzearren Nafarroan adineko pertsonak, desgaitasuna dutenak edo adingabeak artatzeko dauden zerbitzuak publikoak, kalitatezkoak, unibertsalak eta doakoak izanen direla.
Jakin badakigu gauzak aldatzeko ematen diguten tartea oso txikia edo hutsaren hurrengoa dela, baina, hala ere, LAB sindikatutik hainbat ekarpen egin ditugu, gure ustez ezin dugulako utzi alferrik pasatzen dekretuan jaso beharko liratekeen funtsezko gai batzuk mahai gainean jartzeko aukera.
Beste behin ere ahaztu egin dira Nafarroako Gobernuak aurreko legegintzaldian hartu zuen konpromisoaz. Dekretu hau 209/1991 Dekretuaren aldaketaren emaitza da. Horretarako, LABek 11.000 sinadura baino gehiago bildu zituen Nafarroan 2016an. Eta ondoren, Gobernuak dekretua aldatzeko konpromisoa hartu zuen, negoziatu ondoren.
Alabaina, ikusi duguna izan da sektorearen beharrei urrutitik ere erantzuten ez dieten proposamenak egin dituztela; lehenengo, aldaketa partzial bat egoitzetarako eta desgaitasunaren arlorako. Adingabeak 92/2020 Dekretutik kanpo geratu ziren, eta orain, lehenengo aldaketan, esparru hori korrika eta presaka sartu nahi dute, dauden beharrak eta errealitatea kontuan hartu gabe, ekarpenak egiteko oso epe estuak emanez eta diagnostiko sakona edo eztabaida lasaia egiteko denborarik eman gabe. Adingabeen zuzendariordearen apeta hutsa diren titulazio-irizpideak nola edo hala ezarri nahi dituzte, benetako aurrerapausorik eman gabe eta publifikazioranzko bidean aurrera egiteko konpromisorik hartu gabe.
Gure ustez, planteatutako abiapuntuak ez ditu konponduko dauden beharrak. Berriro ere Gobernuaren arrabola dugu aurrez aurre, politika pribatizatzailea nagusi. Eta hori jasanen dutenak, zoritxarrez, langileak izanen dira, eta, ondorioz, artatutako pertsonak. Garaia da zerbitzu publikoak garatzeko, pertsonen aldeko apustua egiteko eta zaintzak erdigunean jartzeko; bizitzaren jasangarritasuna ezin da emakumeen, langileen eta erabiltzaileen prekarietatean oinarritu. Horregatik, uste dugu beharrezkoa dela gizartea mobilizatzeko bidean aurrera egitea, gure helburuak lortuko baditugu.
Gauzak horrela, erantzukizunagatik, ez dugu aukera galdu nahi dekretuaren zirriborroari honako ekarpen hauek egiteko:
- Egoitzetako plazak:
Gure proposamena makroegoitzak saihestea da. Horretarako, egoitza berrien plaza-kopurua Gobernuak proposatzen duenaren erdia izan beharko litzateke gutxienez, eta plazen % 100 indibidualak izatea bermatu beharko lukete; dagoeneko eraikita dauden egoitzetan, % 90. Desgaitasunen bat dutenentzako egoitzek gaur egun dituzten plazen erdia izan beharko lukete, eta adingabekoen egoitzei dagokienez, uste dugu oinarrizko harrera-egoitzetan plazak 8tik 6ra edo gutxiagora murriztu beharko liratekeela.
Helburua baliabide bakoitzean egoiliar gutxiago edukitzea izan behar da, plantillak handitu eta orain ez dauden beste figura profesional batzuk sartzeaz gainera. - Langile ratioak:
Proposatzen dugu ratioak kategorien arabera kalkulatzea, banan-banan. Ez da zuzena, ezta serioa ere, zuzeneko arretako langile guztiak aintzat hartzea, bakoitzaren eginkizunak kontuan hartu gabe.
Zuzeneko kudeaketa publikoko zentroetan dagoen ratioa gainerako zerbitzu guztietan ere bermatu beharko litzateke, alde batera utzita kudeaketa publikoa edo pribatizatua den. Pribatizatutako zentroetan ezin da langile gutxiago egon bakar-bakarrik kudeaketa azpikontratatuta egoteagatik, horrek eragin negatibo oso zuzena duelako esku-hartzean, bai artatutako pertsonentzat, bai langileentzat.
Azkenik, argi daukagu plantillak nabarmen handitu behar direla, kategoria bakoitza banan-banan aztertuta, eta gaur egun sarturik ez dauden beste langile kategoria batzuk jaso behar direla. Izan ere, horixe da diziplina anitzeko taldeak sortzeko modu bakarra (ospitaleetan gertatzen den bezala), hain beharrezkoak direnak kalitatezko arreta bermatzeko eta sektorean dauden lan-osasuneko arazo larriak saihesteko. Langileen balioaniztasun funtzionalari akabera eman behar zaio, baita kategoria bakoitzaren eginkizunen zehaztapen faltari ere, biak ala biak gero eta ohikoagoak baitira langile eta figura profesionalen faltaren ondorioz. - Titulazioak adingabeak babesteko arloan:
Gobernuak “dekretuz” ezarri nahi ditu Adingabeen Zuzendariordetzak 2021eko uztailean bere aldetik proposatu zituen titulazio aldaketa arbitrarioak, dozenaka profesional kale gorrian gelditzeko arrisku larria dakartenak.
Gai hori behar bezala eztabaida beharra dago, baina, negoziazioari ekin aurretik, hauxe da gure proposamena: adostasun batera iristen ez garen bitartean, adingabeen arloko 2018ko gizarte-itunaren baldintza-agirietan ezarritako titulazio-irizpideei eustea. Era berean, proposatzen dugu etorkizunean egiten diren aldaketek egungo plantillak errespetatzea, atzeraeraginezko ondoriorik ez izatea, sektore osoan lan-esperientzia indibiduala aitortzea eta ikasteko aukerak erraztea, behar den denborarako baimen ordainduak emanez eta ordutegi-egokitzapenak eginez lanbide heziketan sartu ahal izateko. - Lanaldi osoko kontratu mugagabeak:
Gobernuari eskatu diogu desgaitasuna duten pertsonei arreta emateko zerbitzuaren enpresa adjudikazio-hartzaileak behartu ditzala beren langileen kontratuen % 90 gutxienez mugagabeak izatera, betiere oinarrizko lan legediari jarraikiz ehuneko handiago bat izatea eskatzen duten egiturazko lanpostuak gehiago ez badira. - Lantokiak:
Pertsonak artatzen dituzten zentroak, askotan langileentzat behar diren gutxieneko baldintzak betetzen ez dituzten lantokiak dira: komunak, aldagelak, dutxak, bulegoa, armairutxoak arrisku biologikoei buruzko dekretua betetzeko… - Adingabeentzako zentroen barne araudia:
Gaur egun, adingabeek araudi desberdina dute arreta ematen dien enpresa adjudikazio-hartzailearen arabera: paga, ordutegiak, autonomia-plana… Beharrezkoa da adingabeak babesteko sistemari egokitutako irizpide komunak egotea, irizpide horiek negoziatzea eta artatutako pertsonen, senideen eta ordezkaritza sindikalaren ekarpenak kontuan hartzea. - Euskara:
Artatutako pertsonek euskaraz artatuak izateko eskubidea dute, hala nahi badute. Artatutako pertsonen hizkuntza-eskubideak errespetatu behar dira, eta hori ez da bermatzen, ezta errespetatzen ere. Horretarako, euskara-planak egin beharko lirateke, bai Administrazioan, bai enpresa adjudikazio-hartzaileetan, horrela, pixkanaka, lan eremua euskalduntzeko bidean aurrera egiteko, bermeak emanez langileentzat eta artatutako pertsonentzat. - Zuzeneko prestakuntza lan osasunaren arloan:
Gure iritziz, ezinbestekoa da zentroetako zuzendaritzek gutxienez 100 orduko prestakuntza espezifikoa izatea beren jarduketa-eremuan eragin zuzena duen prebentzio-diziplina bakoitzean: arrisku psikosozialak, ergonomia, etab.
LABen ustez, aukeraz beteriko une baten aurrean gaude, baina baita arriskuz beterikoa ere. Gobernuaren esku dago ekarpen hauek eta aurrerago egin daitezkeen beste batzuk onartzea, eta hori aurrerapauso txiki handi bat izanen litzateke sektorearentzat. Bide luzea dago aurrean, eta arazoaren sustraira jo behar da konponbide integral bat emateko, gure gizarteak merezi dituen gizarte-zerbitzuak izan nahi baditugu. LABek bultzatzen jarraituko du hori lortzeko.
Noiz izanen dugu Nafarroan behar bezalako dekretu bat, arreta jasotzen duten pertsonak eta sektoreko langileak ardatzean jartzeaz gainera, gizarte zerbitzu publiko doakoak, unibertsalak eta kalitatezkoak bermatzen dituena?