Nobela beltza, gurean
Miseriatik ihes egindako neska atzerritarra prostituziora behartua. Putetxea non eta Euskal Herri sakon berdeko eremu txerokian. Neskak noizbait ihes egin eta bere bezeroetariko batek –baserri bateko mutilzaharrak- eman aterpea eta berotasun pixka bat.
Juan Martin Elexpuru idazle bergararrak bazuen halako ipuin bat “Txakur zaunkak atean” bere narrazio bilduman. Literatura. Fikzioa. Zenbat halako, ordea! Elexpururen ipuineko pertsonaia gure artean zen. Non eta Iturenen.
Pentsatu nahi dut herritarrek ongi etorri eginen ziotela Yamiled Giraldori. Bere seme-alabek, bederen, bertze iturindarrek baino ilunago zuten azala, baina haiek bezain aise egiten zuten euskaraz. Yamiled-en istorioak ez du, alabaina, happy end-ik izan. Zortzi tiroz garbitu zuten lehengoan Cordovillan. Ez ginen nobela arrosa bat irakurtzen ari, genero beltzekoa baizik, guk eta bere ingurukoek jakin gabean.