Noaingo bataila, Amaiur eta Hondarribiaren defentsa

Noaingo bataila –

Jauntxoak eta eliza komuneroen aurkako gerran bete-betean sartuta zirela, 1521ean, Nafarroako Enrike II.ak bere koinatu Frantziako Frantzisko I. erregearen laguntza lortu zuen Gaztelak bederatzi urte lehenago inbaditu, konkistatu eta okupatutako Nafarroako erresuma berreskuratzeko.

Lehendik ere Enrike II.aren gurasoak Joan Albret eta Foixko Katalinak makina bat aldiz saiatu ziren Gaztelarrak Nafarroatik bidaltzen; baina, 1521ekoa zirudien “oraingoan bai” esateko modukoa. Enrike semea errege zela eta bere zerbitzura jarritako nafar eta Biarnoko osteei frantsesen laguntza “epela” gehituta garaile izan ziren Iruñeko ateetaraino. Hiriburuko jende leialaren laguntzaz, gaztelarrentzat defendatzen zuen Ignazio Loiolakoa zauritu eta Iruñeko erresumaren azken gotorlekura iritsi ziren, Logroñori setioa jarrita.

Villalarreko porrotaren ondoren, ahulduta komuneroak eta Gaztelako nobleek, elizak eta enperadore berriaren tropak landalurreko nekazariak lehen lerroan jarrita, atzerarazi zituzten nafar-frantsesak. Karlos V.a zen Inperio Sakratuaren Enperadorea, Felipe Habsburgokoaren eta Gaztelako Juana I.aren semea. Ganten jaioa zen, Belgika iparraldean, gaztelaniaz tutik jakin ez arren amaren sena eta amorrazio inperiala jaso zuen. Berak eta bere tropa alemaniarrak gidatu zuten Nafarroa desagerrarazteko azken aurreko batailak: Noain, 1521ean, Amaiur 1522an eta Hondarribia 1524an. Erresuma Nafarroa Beherean bizirik jarraitu zuen.

Noaingo bataila

Zenbakien desberdintasun handia

Kolpe handiena 1521ean jaso zen. Gudua Ezkiroz, Erreniaga eta Noaingo zelaien artean jokatu zen. Gaztelako kondestableak zuzendutako kontraerasoa 30.000 soldaduz osatua zegoen eta nafar-bearnesak apenas 8.000. Gutxirako balio izan zuten defentsarako kanoi astunak eta eliteko frantses jendarmeak, are gutxiago hauek diziplina hautsi eta lerrotik ihes egin zutenean. Nafar-gaskoi tropen 5.000 lagun hilda utzi zituen, Gaztelarrak ez dago garbi, baina, gutxi.

Salbatu ziren nafar gutxiak mendialdeko bidea hartu behar izan zuten, Iruñea inbaditzaileen eskura erori zen berriro eta Enrike II.a berak eta bere leialek Pirinioetako bortuz bestaldeko haranetan antolatu zuten erresistentzia.

Handik urtebetera, 1522an, ehundik gorako nafar leialek Amaiur gaztelua hartu zuten Jaime Belaz Medrano kapitainaren agindupean. Gaztelarrek gaztelua setiatu egin zuten eta 16 kañoi espainiarrek gaztelua bonbardatu zuten eguna joan eguna etorri. Espainiarrak ez izateko borrokatzen zuten haiek ezin izan zuten ezer egin etsaiaren indarraren aurrean.

Karlos V.a enperadoreak Frantziarren kontrako erasoa antolatu zuen 1523-24ko neguan. Halabaina, Europan porrot egin eta bere ejertzitoaren hondarrak Hondarribia blokeatzera bidali zituen. 1524ko otsailean frantsesek hiria utzi zuten, hortaz, nafarrak bakarrik geratu ziren Petri Nafarrokoaren izen bereko semearen agindutara. Hondarribia 1524ko apirilaren 29an errenditu zen Espainolen aurrean, 824.urtean erresuma sortu eta handik 700 urtetara. Nafarroako erresuma 1620an desagertu zen Europako estatu subiranoen zerrendatik, baina euskalnafarrak ez dira izan ez erantziak, ez asimilatuak eta are eta gutxiago betirako garaituak.

Noaingo bataila

Euskara irakaslea

Zer duzu buruan “Noaingo bataila, Amaiur eta Hondarribiaren defentsa”-ri buruz

  • Oso interesgarria benetan.Herri kolonizatuen historia galtzen joaten da, eskertzekoa da horrelako gertaera historikoak ez ahaztea eta jakinaraztea.
    Zer gertatuko ote zen Nafarroako Erresumak Noaien garaile irten ezkero?
    Irunen ospatzen den Alardeak gertaera guzti honekin zerikusi dauka?1522 garren urtean gertatuko bataila ospatzen omen dute, non irundarrak frantziarren Kontra ibili ziren, edo zuzenago izango zen nafarren Kontra aritu zirela erratea?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude