Niko Sagarzazuri gutuna
Niko Sagarzazuri gutuna –
“Euskadi jator goxo eta …” dio Niko Etxartek kantuz. Zuk ere, Niko Sagarzazu, pentsatzen dugu bat eginen duzula interpretazio horrekin, baita errepika pu(n)taraino eramanez ere ziurrenik. Ez baitugu uste zuretzat ere beti zure aulki horretan egunerokoa atsegina gertatuko zaizunik. Egiten duzuna ez dugu zalantzan jartzen, egiten ez duzuna aldiz faltan botatzen dugu.
Gazteen ikasketa bideko gertakarietan maiz zure izena aipatua izan zaigu, erabakia zure esku dagoela esanez. Emaitza emankorrik ez genuen jaso lehen, eta oraintxe ezer lortuko bazenu ere beranduegi litzateke. Datorren ikasturtean agian, hala bedi! Betiere, gure ikasleak injustizia ikaragarria bizitzen ari direla gogora arazteko idazten dugu.
Ipar Euskal Herriko gazteek 17-18 urtetatik aurrera Hego Euskal Herrian euskaraz ikasten jarraitzeko zailtasunak eta ezintasunek, urtea joan urtea etorri, hor diraute; familia askoren amesgaizto dira. Administrazio bakoitzak atzerritar bihurtzen du besteetakoa, bereziki Ipar Euskal Herrikoa. Hiru erakundeen arteko akordio ezak (Euskal Elkargoa, Eusko Jaurlaritza, Nafar Gobernua) eta hezkuntza programa bateraturik ez izateak bihurtzen ditu ikasleak atzerritar Euskal Herri barnean ere. Unibertsitate arloan poliki-poliki ari dira bideak zabaltzen, errazten, arduradun batzuen lanari eta borondateari esker, proiektuan sinetsiz eta euskal ikasketak bultzatuz. Lanbide Heziketan, Sagarzazu eta Arevalo jaunak, urtea joan urtea etorri, harresiak hor darrai. Horra, Hezkuntek proiektua: aurrekari bikaina, heldu eta berriz abian emateko zeren zain?
Lanbide Heziketan sartzea zaila, euskaraz ezinezkoa askotan, eta orain zer, eta azken ezustekoa: Lanbide Heziketako Erasmus programa bertan behera.
Zorioneko Erasmusek bideratzen du ikasleek atzerrian ikasketak edota praktikak segitu ahal izatea. Atzerrian bai: Irungo ikasle batek Hendaian praktikak egin ahal izango lituzke Erasmusi esker. Sarako batek Beran. Baionako batek Donostian… “Euskadi”tik atzerrian, bai, Niko, zuk hori zauden tokitik normal biziko duzu. Besteok, Euskal Herrian -EAEtik kanpo gaudenok- aldiz hori nozitzen, sufritzen dugu.
Eman dezagun Irunen ikasten ari den Donibane Lohizuneko ikasle batek etxe ondoan lan-praktikak egiteko enpresa bat aurkitu duela, hurbil, eroso Erasmusi esker bideragarria. Ba ez, aurten ez. Ezin izango du etxe ondoan praktikarik egin, Irunera -hurbilena litzateke- joan beharrean izango da, “Euskadi”ra (hau da Espainiara). Covid-a omen da errudun. Barre egingo genuke patetikoa ez balitz. Bidean ibili beharra arrisku, gastu, muga… eskola programan enpresa berri bat –ikasleak berak aurkitua– izatea eta abar aintzakotzat ez hartzeaz gain, errespetu falta ikaragarria deritzogu. Salbuespenik ezin dela egin. Beraz, bilaka arazi orain salbuespen deritzozuen hori normal, bideragarri. Salbuespenek balio dezatela bide hori zabaltzen hasteko. Horren gibelean egoerari irtenbiderik emateko borondate apurrik ez dagoela pentsa arazten digu, eguneroko lan erosoaz gain gehixeago egiteko batere gogorik ez, buruhausterik ez.
Probetxu handiagoa ateratzen diozue bai argazki eta hitz arranditsuz udazkenean izaten den Lanbide Heziketaren Europako astean esandakoei: “Europako Batzordeak nabarmendu duenez, era honetan Euskadiko Lanbide Heziketari eta Eusko Jaurlaritzari aitortzen zaie erronka global konplexuei erantzuna emateko duten gaitasuna; hau da, pertsonei zein enpresei laguntza ematea, prestakuntza eta berrikuntza bultzatuz. Begirada beti bikaintasunean ipinita, Lanbide Heziketako ikastetxeen eta eragile sozioekonomikoen elkarlanaren bidez” www.irekia.euskadi.eus. Erantzun gaitasuna, erronka global konplexuei erantzuna, elkarlana, pertsonei laguntza… egiari zor! Europak hainbeste begiratzen bagaitu eta ispilu bagara, baliatu EUSKAL hori benetako ezaugarritzat, seriotasunez har dezan Europak ere. Edo zuek ere ez duzue sinesten eta ondo gelditzeko besterik ez duzue erabiltzen eta soldatak, egin ez egin, Euskadin ziurtatuak dituzuen bitartean tirrit!
Berdin, mugaz gaindiko programa bultzatzailetzat beren burua argazkitan aurkezten duten horiek non dira, zer diote, ezer egiten ari ote dira? Itsu behar dute gero hiru erakundeetako kargudunek, arduradunek, elkar hartu eta Euskal Hezkuntza sistema osatu eta egokiaren premi gorria ez ikusteko eta Europan dagokion tokia egiteko. Orriak eta orriak beharko lirateke errealitatearen esparru guztiak gordin eta egia osoz esplikatzeko.
Dugun sentsazioaren arabera, eta tronpatuko bagina hainbat hobe, horrelako arduradunekin Euskal Herririk inoiz ez. Niko Etxartek errepika oso osoan kantatzen jarraitzeko aitzakiarik ez!