Nemesio Etxaniz Aranbarri jaio zela 125 urte
Nemesio Etxaniz Aranbarri jaio zela 125 urte –
125 urte dira Nemesio Etxaniz Azkoitiko erdi-kalean jaio zela. Bai ezberdina zela orduko Azkoitiko soziologia eta gizarte giroa, gaurkoaren aldean. Honela zioen Etxanizek berak, autobiografiatik asko duen “Izotz-kandelak” eleberrian:
Joan zan gizaldiko azken urteak [XIX. mendekoak] eta gure gizaldiko [XX. mendekoak] lendabizikoak ezagutu ditugunok ondo gogoan degu garai artako giroa ta oituren neurri estua. Elizkizun luzeak ziran orduko zinerik ederrenak, eta Loiola-aldera atze-aurrera egitea (ala esan oi da joan-etorria Azkoitin), jai arratsaldeko entretenigarririk aundiena. Abe Maritarako etxean sartzen ziñan [iluntzeko kanpaia jo aurretik] eta andik aurrera agortu zan zuretzako jaia.
Giro artan sortua zan gure Ximon [eleberriko protagonista]. Azkoitian?… Azpeitian?… Erri biak berdintsu zaizkigu. Biak euskaldun utsak, biak oitura estuetan bizi ziranak” (Iñaki Segurola prest.: Izotz-Kandelak. Elkar. 1992. 43 or.)
Jada hor agertzen zaizkigu argiro, historia hurbilean, azkoitiarrek eta azpeitiarrek izan dituzten bi ezaugarri nabarmen eta orokortuak: euskaltasuna eta erlijioaren itzal handia. Erlijioarena asko moteldua da, ñabardurak ñabardura, eta euskararena berriz, asko eraldatua, besteak beste, 1950-1970 urteetan, Espainiatik, eta azken hogei eta bost urtean, herrialde askotatik etorritakoen ondorioz.
Eta ezaugarri horiek ez dira bakarrik Urola bailarakoak izan. Han, beharbada, beste euskal bailara batzuetan baino bortitzagoa izan da Loiolako jesuita sermoigileen eragina eta itzala, baina Pruden Gartziaren hausnarketarekin bat etorriz, ez al zen euskaldun fededun binomioan sintetizaturiko sentimendu eta ikusmoldea oso amankomuna euskal herrietan, oro har, XVIII. mendearen bigarren zatian hasita XX.eneko 60-70eko hamarkadetaraino, hortxe nonbait?
Nemesio Etxaniz arlo askotan nabarmendu zen: poesian, antifrankismoan -gobernadore zibilei gutunak-, teatro-lanetan, abestietan, irrati-lan, kazetari eta narrazio lanetan, baina batez ere, eta sustrai-sustraitik, euskalduna izan zen, eta euskaltzalea eta abertzalea, apaiz izateaz gainera.
Badu gorago aipatu dugun eleberri autobiografiko horrek “alderdikeriak” izeneko atal bat. Politika aldetik karlistak eta integristak zirela nagusi esaten zigun XX. mende hasieran Azkoitian. Nemesioren aita integristetakoa zen. EAJko nazionalistak hasiak ziren Bizkaitik Gipuzkoara zabaltzen eta halakoren batean Azkoitira heldu ziren. Hona nola kontatzen digun txikitako oroitzapena:
Baiña egun batean, beste ero batzuek agertu ziran errira Bilbo-aldetik-eta etorriak. Orregatik Bizkaitarlistak deitu zieten. Auek euskaldunak zer giñan erakustera omen zetozen. Bizitza guztirako gogoan gelditu zitzaion egun aren oroitza. Ximon [Etxanizen alter-egoa] eta beste lagun koxkor batzuek bizkaitar aien automobil-ondoren joan ziran azkenengo unetan, iseka ta burla egiñaz:
-Oiek erakutsiko zigue euskeldunek zer gean; beoijjek euskeraz etzekie-ta.
Ta benetan, orduko azkoittiarrentzat, bizkaitar erdeldun aiek maketuak ziran; Santander-aldetik etorrita bertan bizi ziran pare bat pamiliko seme-alabak, guk bezin ederki euskeraz egiten zutenak, berriz, aiekiko, euskaldun jatorrak ziran. (Ibid. 75-76).
Nemesiok ez zuen batere maite euskararik gabeko abertzaletasuna. Gaur soziolinguistika aldetik jantziago gaudenez, euskararen hegemonia linguistikoa zegoen orduan Azkoitiko herrian, eta Santanderko gurasoak izanagatik, ez zegoen euskaltegi beharrik guraso erdaldun haien seme-alabek euskaraz ikas zezaten. Gure gazte garaian ere, -frankismoan– famatu bat aipatzearren, Diego Gartziak ez zuen eskolaren beharrik izan euskaraz ikasteko. Ez zuen EGArik aterako, baina euskaraz egiten zuen.
Baina Nemesio Etxanizekin ari ginen. Espainiako II. Errepublikaldian, zehazki 1934an, Euskararen Astea aldarrikatu zuen “El Día” izeneko egunkarian, artikulu-sail batean. Hona, azkenengo artikuluan zer zioen:
Abertzale askori ere halatsu gerta ohi zaie. Mitiñetan harutz-honuntz ibiltzeak, deadarka ta goraka eztarri urratzeak, ikurrak paparrean harro erakusteak eta abar abertzale guziak errez egiten dituzten lanak dira; baiña jairik gabe ta zaratarik gabe ixilean euskera ikasten aritzea, euskera beti hitzegiten eta idazten ekitea, hor eztizue gutxik baiño gogoz hartuko. Batzuk, jakin ezak galtzen dizkigu lan honetarako; ez baitira konturatzen euskera galtzorian dagoenik, ezta ere euskera jasotzea zer beharreko lana zaigun. Besteak berriz ohartu arren, ez dizute bihotzik egiteko neketsu hori hartzeko.[…]
Euskera baztartzen ari zaigula, abertzaletasuna gehitu arren euskera atzeraka dijoakigula, hesiren bat jaso behar gendukela atzerapen hori ebakitzeko. Zer hesi hobegorik abertzale bihotz eta sendiak baiño? Iritxi dezagun lehenbizi euskerarentzako muga horiek gordetzea (Mikel Atxaga prest. Lan hautatuak. Nemesio Etxaniz. Hiria&Egan. 2000. 51 or.).
Une bakoitzean eman dituen irtenbide posibleei baino, errepara diezaiogun Etxanizek adierazten digun euskararen galeraren kontzientzia zoli eta eta sentimendu biziari. 1931tik 1936ra ere, nahiz euskal nazionalismoak goraka egin, euskararen erabilera beheraka zihoan, haren pertzepzio subjektiboan.
Frankismo betera etorririk, eta bizitzen Donostian zegoelarik, hango ikastetxeetako gazteen hizkuntzari adi sumatzen dugu artikulu honetan:
Euskara indartze-aldetik, zenbat etsai! Zoaz egoardi aldean Instituto aldera; zoaz gure Moja ta Praillen Ikastetxetara… Zer da ura? Ango Marea Beltza ikastetxetatik, guziak erdera utsean itzegiten! Oietako asko ta asko guraso euskaldunen seme-alabak dituzu; baiña an dijoan marmarra entzuten badezu, ba dirudi auzo urruti bateko umeak dituzula ta ez Euskalerriko gazteak. Etxean euskera aul bat egingo dute zenbaitek gurasoekin; baiña bere adiñeko gazteekin, ezta pentsatu ere! (“Marea-beltza” in Zeruko Argia 1971-II-28).
Kontu egin arrazakeriarik ez zegoela Etxanizen baitan, zeren “oietako asko ta asko guraso euskaldunen seme-alabak dituzu”; baizik eta euskal gazteriaren ahotik entzundakoak sorturiko erreakzio emozionala, hots, esango balu bezala: “ez dirudi Euskal Herrian nagoenik gazteria hau nola mintzo den entzunik”.
Urte bakan batzuk lehenago, adierazia zuen Espainiatiko etorkin-olatuari buruz:
Guk, beste aldetik, ez karidade aldetik eta ez beste inundik, ez daukagu geure izatea ta etxea ondatzeko lain jende artzeko obligaziorik. Gureak baino askoz indartsuago ta zabalago diran errietan, kanpokoak ez dira artzen nolanai; baizik angoak ar ditzaketen neurrian (…) Guk ere ez degu euskalduntasuna galtzeko obligaziorik, kanpokoak gurean neurri gabe artuta. Bakar-bakarrik gure etxea ta izatea ondatu gabe artu ditzazkegunak artu bearra degu (“Gure txistulariak eta gazte traketsak” in Zeruko Argia (1965-6-6)).
Hori adierazten zuen Nemesio Etxanizek 1965ean, baina ez zegoen Euskal Herriaren esku garai hartan erabakitzea zenbat etorkin espainiar ziren har genitzakeenak geure izate eta nortasun berezia galdu gabe, eta, bistan dago, egungo egunean ere ez, Espainiako estatuaren esku baitago hori, eta autonomi estatutuak ematen dizkigun aukerak oso mugatuak baitira.
Etorkinak gurera etortzen jarraituko dute hurrengo hogei bat urtean, eta erdiak edo gaztelaniaz badakitela etorriko dira. Etortzen zirenekin honela jokatu behar genuen: “Kanpotik sartu zaizkigun oiek, gure egitea; biotzez euskaldun biurtzea. Onela gure artean pozik artu ta ikusiak izango dira ta oien seme-alabak, gureak bezain etxekoak izango dira Euskalerrian” (Ibid.)
Azkoitiak eta gainerako Euskal Herriak lortuko al du hori, ditugun eskumen mugatuekin, eta euskararen aldeko hizkuntza-politikak erdigunean jarri gabe?
Nemesio Etxaniz Aranbarri jaio zela 125 urte