«Nehoiz ez dute kontuan hartu Anza familiaren mina»

«Nehoiz ez dute kontuan hartu Anza familiaren mina» –

Oihana Teyseyre Koskaratek, Ipar Euskal Herriko Hitzan.


MARITXU PAULUS BASURKO – Abokatua

Tolosatik ez zen sekula itzuli Jon Anza, eta haren familiak ez du gertatutakoari buruzko erantzunik ukan hamabost urteotan. Paulus Basurkoren ustez, ez zaie «ezer erraztu», eta den mendreneko informazioak lortzeko «borrokatu» behar izan dute.

Haurra zeneko garaiak markatu zuen Maritxu Paulus Basurko abokatua (Baiona, 1972): «Errefuxiatuen umeekin ikastolara joatea, GALen atentatuak, beldurra…». Eta, ingurune horren eraginez, euskal presoen aferak defendatzeko gogoa izan du ibilbide profesionalean. Duela hamabost urte, 2009an, Jon Anza euskal preso ohia desagertu zen, eta haren familiaren abokatua izan zen. Erantzunik ez ukaitearen sentipena izan da gogorrena Paulus Basurkorentzat.

«Nehoiz ez dute kontuan hartu Anza familiaren mina»

Nola hasi zen Jon Anzaren desagertzearen afera zuretzat?

Kezkarekin. Abokatu gisa, ez ginen oraino jakinean; beraz, judiziala izan aitzin, kezka familiarena izan zen.

2009ko apirilaren 18an ikusi zuten azkeneko aldiz.

Jon Anzak trena hartu zuen Baionan, Tolosara [Okzitania] joateko, neska lagunak utzi zuen tren aitzinean. Apirilaren 20an, kezka sortu zen, sartua beharko zukeelako eta ez zutelako haren berririk. Mediku azterketa garrantzitsu bat zuen apirilaren 24an, baina horra ere ez zen agertu, eta haren neska lagunak bazekien ez zukeela huts egingo, zituen osasun arazoengatik. Egun horietan familia hasi zen ospitaleak deitzen, eta orduan hurbildu zitzaizkidan.

Nola heldu zenion aferari?

Lehenik, gauza bat ulertu behar da: heldua zarelarik, eskubidea baduzu zeure kabuz desagertzeko, eta nehor ezin da ibili zure atzetik. Baina, kasu honetan, kezkatzeko arrazoi asko bagenituen, osasun arazoak zirela eta. Hala, salaketa bat ezarri genuen Baionako Auzitegiko prokuradorearen aitzinean. Egun batzuk geroago, ETA erakundeak komunikatu bat atera zuen, erranez Jon Anzak hitzordu batera azaldu behar zuela eta ez zela joan. Komunikatu horretan, Espainiako eta Frantziako segurtasun indarrak desagertzearen erruduntzat jo zituen.

Zer gertatu zen horren ondorioz?

Bigarren ikerketa abiatu zuen Terrorismoaren Kontrako Fiskaltzak, komunikatuaren ondorioz. Guk abiatutako ikerketaren ondorioz hainbat gauza egin zituzten, baina ez zen batere aitzinatzen.

Hamar hilabetera gauzak aldatu ziren…

Bai. 2010eko martxoaren 11n, dei bat ukan nuen: Baionako Poliziak erran zidan gorpu bat aurkitua izan zela Tolosako gorputegian, eta pentsatzen zela Jonena izan zitekeela. Zur eta lur nintzen, eta poliziari berriz errepikarazi nion: «Gorpu bat? Tolosako gorputegian?». Ez nuen ulertzen ahal nolaz gorputegian bazen gorpu bat, erraten zidatenaren arabera, aspalditik hor zena. Segidan familiari jakinarazi nion, eta momentu oso gogorrez beteriko zurrunbilo bat hasi zen. Galderak, eta erantzunik ez batere. Nehoiz ez dute kontuan hartu Anza familiaren mina.

Eta juridikoki nola aitzinatu ziren gauzak?

Gorpua atzeman ondotik, instrukzio bat ireki zuen Tolosako Auzitegiak, eta hortik aitzina gauza batzuk jakin ditugu, baina beti oso poliki, eta gauza anitz erantzunik gabe gelditu dira. Edozer lortzeko borrokatu behar izan dugu, eta ez zaigu ezer erraztu.

Pixkanaka informazioak izan dituzuela erran duzu. Zer bertsio egin ahal izan duzue?

Familiarentzat gogorrena hori da: egun, oraindik, ez dugu bertsio segururik. Sentipena dut lana ez dela inoiz egin bukaeraraino. Bertsioari dagokionez, dakiguna da —baina hor ere dudak badira, lekukotasunetan zalantzak badirelako— Jon Tolosara iritsi zela, hotel batean lo egin zuela gau batez, eta gero haren aztarna galtzen dela. Haren gorpua ikusirik, pentsatzekoa da nonbaitetik zetorrela, baina ez da argitu nondik. Segur dena da zetorren leku horretan gelditu direla haren afera guziak, salbu haren tren txartela, zeinak identifikatzeko bidea eman duen.

ETAk ateratako komunikatuan Frantziako eta Espainiako segurtasun indarrak akusatu zituen. Ba ote da elementu juridikorik hori hala izan zela erakusten duenik?

Nik ez dut hori segurtatzeko elementurik. Dakiguna da momentu horretan —eta hori dosierrean da, elementu objektiboa da— Espainiako poliziak Tolosan zirela. Arma bat ahantzia izan zen hotel batean; hoteleko jabea konturatu zen, eta ohartu ziren Guardia Zibilaren arma bat zela. Bada elementu objektibo hori, zalantza asko sortzen dituena: zer egiten zuen Guardia Zibilak Tolosan, Jon Anza desagertu zen momentu berean? Baina erantzunik ez dugu; egiaztapena, eta kito. Garai hartan beste momentu latzak izan ziren, eta pentsatzen zen Espainiako poliziek justiziaz kanpoko interbentzioak egiten zituztela. Mujikaren kasuan instrukzioraino joan zen [Juan Mari Mujikak salatu zuen zibilez jantzitako bi Espainiako poliziak bahitu zutela, eta mehatxatu ondoan utzi zutela, 2008an].

Zer eskatzen duzue orain?

Maleruski, egun dosierra gelditua da. Europaraino jo genuen izandako zailtasunak salatzeko, baina bide horrek ez zuen ezer eman. Justiziaren arabera, faltak izan dira ikerketan, baina falta horiek guziak ez dira nahikoa estatuaren ardura erakusteko. Juridikoki ahal genuen guzia egin dugu, baina gure aurrean genuen pareta ezin hautsia zen; nehork ez zuen nahi gainetik pasatu gintezen.

Halako afera bat defendatzea nola bizi izan duzu?

Nire minik handiena da familiari ezin izan dizkiogula eman merezi zituen erantzunak; haien mina zinez arindu nahiko nuen. Sentitu duguna da Jon terroristatzat jotzen zutenez haren familiak ez zuela merezi beste familia batek bezainbat errespetu.

«Nehoiz ez dute kontuan hartu Anza familiaren mina»  «Nehoiz ez dute kontuan hartu Anza familiaren mina»  «Nehoiz ez dute kontuan hartu Anza familiaren mina»  «Nehoiz ez dute kontuan hartu Anza familiaren mina»

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude