Neguan irakurriko ditugun 10 titular
Beno udazkenekoekin asmatu ala ez berdin dio Pello Zabalak bezala. Orain neguan irakurriko ditugun 10 titularrekin natorkizue. Kasu, hauetariko dezente bete egingo baitira.
- Joseba Arregi Donostiako Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitatean ingresatu dute, arreta zerbitzuko emakumeari 18 ergatibo zuzendu ostean.
- Patxi Lopezek 4 urtetan gaztelania ikasteko konpromezua hartuko duela agindu du, Espainiako presidente hautatzen badute.
- Europako ikerketa baten arabera, ‘San Mames Barria’ amaitzerako jada ez da barria izango.
- ETB1eko audientzia neurgailua duten 7 familiak kexatu egin dira, haien lana ez delako behar bezala baloratua izan.
- Martxelo Otamendik twitterreko avatarra aukeratzen jarraitzen du: “Pello Urzelaik aholkatutakoek ez naute batere konbentzitzen. Ni gehiago naiz USBtakoa.”
- Yolanda Barcina profiterol batzuekin erasotu dute, poliziaren ikerlariek adierazi dutenez, ez zeramaten merenge frantsesik. Abokatuak kezkatuta agertu dira: “Gaizkileek haien erasotzeko teknikak asko findu dituzte, eta legea ez dago halako ingeniaritza gozogilerako prestatuta”
- Merenge frantsesaren biktimen elkarteak justizia eskatu du, “merengearen jatorria dena dela ere”.
- Markel Olano etxean hondakinak errausten harrapatu dute. Etxea berotzeko zela argudiatu du jeltzaleak.
- Paco Etxeberria medikuaren arabera, Joseba Sarrionandia eta Olentzero pertsona bera izan daitezke. “Bistan da biak ala biak gabonetan agertzen direla, abenduan. Eta ez ditu inork ikusten”
- Maite Iturbe: “GRAPO amaitu zen, GAL amaitu zen, ETA amaituko da, baina, Goenkale ez da inoiz bukatuko”
Haimakarrena iritsi daiteke: “Gobernu probrisionalak deitu du euskal herritarrei erresistentzia antolatzeko Frantzia eta Espainaren aurka Nabar Estatua berreskuratzeko helburuarekin. Lehengo orientazioak Nabarrako lurralde guztiak ingobernableak bihurtzea inbadatzaileentzat izan dira.”
BideNabar, BideNabar, BideNabar estatua… Astun halakoak!
Euskaraz ondo egitea ere komenigarria da: “konpromezu” ez da onartzen, “konpromiso” baizik, “erasotu dute” aditza ere okerra da, “eraso diote”. Gaztelaniak inork ez lituzke onartuko horrelakoak.