Negua datorrela!

Negua datorrela! –

Negua gogor datorrela entzuten daramagu astebete eta gure artean errepikatu eta errepikatu gabiltza Donostian. Etxeko igogailuan, familiako solasaldietan, dendan, azokan, autobusean, anbulatorioan… horretan (soilik) egiten dugu bat: negua hasiko da bortitz, gogor, latz. Noiz? Sansebastianak baino lau egun lehenago. Prestatuta ditugu jantziak, almidoituta sukaldari txanoak, danborrak eta kupelak ere prest. Haurrak entseatzen hasita, festa ezagutzeko aukera izan ez duten hiru urtekoak ere jo eta ke dabiltza eskolako pasilloetan. Eta zer? Hau zoritxarra! Berriro ere, aurreko ia gehienetan bezala, noiz hasiko negua, eta orain, urtarrilaren erdialdean.

Aritu gara, bada, donostiarrok azken urteetan klima madarikatu hau aldatzeko lanetan, negua desagertu guran, ozono geruza mehetzen, planetaren tenperatura igo nahian. Ibili gara, bada, automobilean aurrera eta atzera Kontxatik Zurriolara, motorrean Urbieta kalean barrena eten gabe, hondakin guztiak erraustegira eramaten, dena udalaren laguntza hobeezinarekin, ia atsedenik gabe. Baina alferrik! Ez dugu negua uxatu! Eta berriro ere dator, behar ez den momentuan juxtu! Sansebastian bezperan.

Ez dakit. Agian sakrilego esango didazue, baina zaindariaren eguna udaberrira pasako bagenu? Planetaren onerako, sikiera?

Negua datorrela!

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz