Negar hotsa

Negar hotsa –

Enrike Diez de Ulzurrun, Noticiasen.


Negar hotsa
Ezkaba IÑAKI PORTO

Mende hasierako kultura kontseilari batek “vasco” hitza erabiltzea debekatu zuen Donibane Garaziri buruzko liburu bat frantsesetik gaztelaniara ekartzean. Testuan etengabe aipatzen ziren “Pays Basque”, “culture basque”, “coutumes basques” eta gisakoak. Hura Frantzia zen eta kito, bertzelako ñabardurarik gabe. Ipar Euskal Herriarekin mugakide diren udaletako web aunitzetan ere, Frantzia dutela auzo aipatzen da, ja ere erran gabe Lapurdiz, Nafarroa Behereaz eta Zuberoaz, udal aginte taldeak abertzaleak izan arren. Halaber, urteak joanagatik ere, gobernuak aldatzeagatik ere, udaletan bertzelako jendea egonagatik ere, nekez topatuko dugu “vasco” hitza gaztelaniazko testu ofizialetan Nafarroa Garaiari dagokionez, duela 40-50 urte ez bezala.

Bertzalde, mendi lasterketa bat egin da lehen aldiz maiatzean, Ezkabatik Urepeleraino, 38ko maiatzeko ihesaldi handi bezain odoltsu hura gogoan. “La Fuga” eman diote izena. Webguneko gaztelaniazko testuan honela ageri da helmuga: Urepel (Francia), eta Ezkaba mendiari lotutako udalerrietako webgune batzuek ere horrelaxe dakarte. Dagoen larrean dagoela, ozen iristen da handik Urepeleko artzainaren negar hotsa. Bistan denez, kultura kontseilari ohiaren debekuek eskola sortu dute. Nafarroako Gobernuak ere gaztelaniari eman dio lehentasunezko lekua Urepelera bizirik iritsitako iheslari baten omenezko oroitarrian. Ederki gabiltza. Bitartean, bertzelako ñabardurarik gabeko Frantzia horretan, frantsesez ez den hizkuntza batean estreinatu da antzezlan berezi bat asteburu honetan, leku paregabean. “Lurrez estali” lana da, Euskal Herri osoko hamar aktorek jokatua; guztira, hamasei emanaldi ekainean, den-denak Izurako Latsaga gazteluan. Sarrerak agortuak dira, salbu Iruñeko Zaldiko Maldiko elkarteak antolatu duen autobusean joanen den jendearendako.

Negar hotsa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude