“Komandantzia – Frankismo, Nazismo eta faxismoaren babesleku” aldizkari monografikoa
“Komandantzia – Frankismo, Nazismo eta faxismoaren babesleku” aldizkari monografikoa argitaratu da –
Urte beteko lana borobilduz Bidasoako Komandantzia Militarra eta honen inguruko Estatu aparatu Frankistak hizpide dituen lana argitaratu du Bidasoako elkarte memorialistak.
1937an, gerra frontea Bizkaian barneratua zegoelarik, matxinatuek egituratuak zituzten Gipuzkoako Ipar Ekialdeko udal eta Estatu aparatuak. Testuinguru honetan dago Bidasoako Komandantzia Militarra. Matxinatuak Kataluniara heldu arte, “Espainia nazionalaren” sarrera bakarra Irungo Avenida zubian kokatua zegoen, eta bertatik kontrolatzen ziren sartu-irtenak, propaganda edota faxisten zerbitzu sekretuen mugimenduak. Irun eta Hondarribiko ardura militarrak izateaz gain, Pirinioetako mugaren zuzendaritza bertan ezarria zegoen.
SIM, SIMP eta SIFNE inteligentzia sare faxistek Komandantziatik egiten zuten lan, Francoren kuartel nagusiko zuzeneko aginduetara. Espioitza lan horietan ezinbestekoak ziren III. Reich-eko ordezkariak, Italia faxistako kideak edota komandantziak propioki sortu zuen “Sail berezia” izeneko komandoa.
Komandantzia militarra
Egoitza nagusia bi eraikinetan kokatu zen. Lehenbizi, Corona Celayaren etxean. Behin behinekoa izan zen, eta segituan lekualdatu zen Jose Maria Berastegui aduana agentearen etxera, egungo Iparralde 26 etxea. Aduana agentziako nagusia Estatu frantsesean erbesteratu zen. Ez zen errepublikanoa. Bere burua «erregionalista eskuindartzat» zuen, baina Santiago Fernandez Urtizberea aduana agenteak sustaturiko errepresioa salatu zuen. Hori dela eta, bere etxeko lehen okupatzaileak Santiago Fernandezen koinatua izan zen. Azkenean, poztasunez jaso zuen Komandantziaren lekualdatzearen berri. «Atseginez jakin nuen. Nahiz eta bertara joango zen jende guztiak etxearen narriadura areagotuko zuten, komandantziaren zerbitzu guztiak bertan ezarrita. Nahiago nuen egoera hau Irungo bizilagunak jasotzen jarraitzea baino».
Irun eta Hondarribiko ardura militarrak zein mugako zuzendaritza Julian Troncoso komandanteak bateratu zituen. Eragin handia izan zuen, SIM, Servicio de Informacion Militar antolakundean. Bere kabuz, Komandantziako “sekzio berezia” edo “Legion Negra” sortu zuen. Talde honek Ipar Euskal Herrian hainbat sabotaje gauzatu eta ontzi errepublikanoak bahitu zituen. Hala ere, C-2 urpekoaren bahiketa saiakeran harrapatu zuten. Ekintza honen ondorioz, hainbat hilabetez atxilotua egon zen Frantzian, eta Komandantziatik kargugabetu zuten.
Troncoso espetxean zegoela, Luis Ochotorena Sanchez kapitainak hartu zituen komandantziako ardurak. Behin behineko arduren ostean, Antonio Sanz Aguerok jaso zituen komandantziako ardurak. Zeresan handia izan zuen errefuxiatuen itzuleran, bereziki 1939ko “La Retirada” ostean. Hala ere, Luis Ochotorena bigarren aldiz izan zen Bidasoako Komandante militarra, eta aldi honetan jazo zen Ipar Euskal Herriko kostaren okupazio nazia. Berak egin zien harrera Irungo Avenida Zubian. Jose Lopez Pinto, VI. ingurune militarreko arduradunarekin batera, Irunen eta Ipar Euskal Herrian, Frankismoa eta Nazismoaren arteko lehen harrera instituzionaleko anfitrioia izan zen.
Sarrera, Kontrola eta «aberriratzeak»
Estatu kolpearen ondorioz, Irungo biztanleria 18 mila pertsonetatik 6 milara jaitsi zen. Erregimen berriaren lehen hilabeteetan bi mila pertsona inguru itzuli ziren, Comision de Admision del Puente erakundearen baimenarekin. Guadalupeko hainbat preso ohiek kudeatzen zuten antolakundearen funtzioa itzuli nahi zuten pertsonen «jokabide politikoa aztertzea», fitxak sortzea eta sarrera onartzea edo ukatzea zen. Hainbatetan «purgatoriora» bidaltzen zituzten erbesteratuak, Hendaiara edo bestelako gune batera, denbora jakin batean muga igaro ezinik mantenduz.
Pertsonen sailkapena, Behe Bidasoako erbesteratuen kontrol politiko eta ideologikoan oinarritzen zen, Bidasoako Komandantzia Militarraren oinarrien baitan. Horretarako, JAP, Falange, Junta Carlista, Poliza edo elizako ordezkariek kontrolatu beharreko pertsonei buruzko dokumentu laburrak idazten zituzten, Estatu kolpearekiko jarrera zein Fronte Popularrarekin izandako harremana deskribatuz.
Comision de Admision del Puenteren erabakiaren arabera, Avenida zubia zeharkatzen zuten pertsonak kontzentrazio gune ezberdinetara bideratzen zituzten: Erregimen berriarekiko atxikimendua justifikatuz gero, Hondarribiko Mirentxu kasinora eta Nuestra Señora del Pilar egoitzara. Bertatik igaro zen, besteak beste, Josemaria Escriva de Balaguer, Opus Deiren sortzaileak. Instalakuntza hauek helburu bikoitza zuten. Erbestetik etorritako pertsonak galdekatuz, Frankistek errefuxiatuei buruzko informazioa eskuratzen zuten. Kasino Mirentxuko DIDREM erakundeko langileek 84.756 fitxa pertsonal egin zituzten.
Latzagoa zen «iruzurrezko» erbesteratu izendapena jasotzea, eta Irungo kontzentrazio esparruen sisteman barneratzea. Sailkapen mota honen ondorioa zen Pequeña Velocidad edo Hilaturas Ferroviarias pabiloietan barneratua izatea. Bertan atxiloturiko pertsonak San Pedro de Cardeña, La Magdalena edo Miranda de Ebroko kontzentrazio esparruetara bidaltzen zituzten. Gutxienez, 3971 pertsona igaro ziren Pequeña Velocidad esparrutik. Maelle Maugendre historialariaren arabera, 98 mila pertsona igaro ziren mugatik, 1938ko maiatza eta 1939ko otsaila artean. Esparru hau da, gaur egun, kontzentrazio esparruetatik zutik jarraitzen duen eraikin bakarra. Behobiako pabiloiak, Stadium Gal futbol zelaia eta Irungo espetxea ere kontzentrazio esparru gisa baliatu ziren.
Espioitza aferak
1936ko Estatu kolpearen ostean, matxinatuek hiru inteligentzia zerbitzu eratu zituzten: Servicio de Informacion de la Frontera Nordeste de España (SIFNE), Servicio de Informacion Militar (SIM) eta Servicio de Informacion y Policia Militar (SIPM). Hiru zerbitzuek kokalekua izan zuten Irungo Komandantzia Militarrean. Julian Troncoso komandanteak eragin handia izan zuen SIM eta SIFNE zerbitzuetan. SIPM, aldiz, informazio zerbitzu militarra eta informazio zerbitzu zibilaren batura zen. Irungo bulegoetatik svastikaz sinaturiko hamarnaka txosten bidali zituzten Francoren kuartel nagusira.
Espioitza jarduna garatzeko, komandantziak kriptoanalisian eta irratian adituak ziren pertsonak zituen. Zuzeneko harremana mantentzen zuten matxinatuek Europa osoan ezarri zituzten beste egoitzekin. Rol esanguratsua izan zuten Lapurdin kokaturiko Nacho-Enea eta Grande Fregate etxeek.
Sail berezia: Komandantziaren komandoa
Espioitza eta sabotaje lanetarako Bidasoako Komandantzia Militarrak espresuki sortu zuen “Sail berezia” edo “Legion negra” izeneko komandoa. Bauer komandante eta fisikari nazia zein frantziako La Cagoule antolakunde faxistarekin elkarlanean hainbat atentatu burutu zituzten. Horretarako, urpeko batean iritsi zen Bauerrek bonbak egiten zituen Pasaiako portuan. Atentaturik ezagunena patronal frantsesaren aurkako atentatua izan zen. 1937ko irailak 11an, leherkari bat jarri zuten Pariseko egoitzan.
Talde honen beste ekintza nabarmena ontzien bahiketa izan zen. Campoamor petrolio- ontzia bahitu zuten CAMPSA konpainiarentzat eta C-2 urpekaria bahitzen saiatu ziren. Bertan hil zen Jose Maria Gabarain Goñi falangista donostiarra eta komandoko hainbat kide espetxeratu zituzten, Julian Troncoso barne.
Irungo buleko alemana
Komandantziaren ekintzen arrakasta asko oinarritu zen gainontzeko espioitza agentzien laguntzan. Italiako SIM eta Portugalgo PVDE Irungo komandantziarekin elkarlanean ibili ziren. Hala ere, alemanen parte-hartzea nabarmendu zen. III. Reicheko kideak Hendaia okupatu aurretik iritsi ziren Behe Bidasoa eta Gipuzkoara.
Alemanen bereizgarritasuna zen Estatuko espioitza zerbitzuentzat lan egin arren, ofizialki beste enpresa bateko langileak zirela. Are gehiago, soldata bakarra bertatik eskuratzen zuten. Ogibideak III. Reicheko interesekin lotuak egoten ziren. Bidasoaren kasuan, SOFINDUS holdinga eskualdean ezarri zen alemanei babesa eskainiz eta wolframioaren kontrabandoa sustatuz.
Ohikoa bihurtu zen alemanen presentzia Behe Bidasoan. Besteak beste, Alfred Gensorowsky, Walthrer Wilhem eta Hermann Kallab ezarri ziren eskualdean.
“Komandantzia – Frankismo, Nazismo eta faxismoaren babesleku” aldizkari monografikoa argitaratu da
“Komandantzia – Frankismo, Nazismo eta faxismoaren babesleku” aldizkari monografikoa argitaratu da