Naziogintza Taldearen Hiztegi Politikoa

Naziogintza Taldearen Hiztegi Politikoa –

Naziogintza Taldearen Hiztegi Politikoa

Kultura politikoa ez da oso garatua euskaldunon artean, zoritxarrez. Ez eta euskal abertzaleon artean ere. Horren ondorioz, sarri modu desegokian erabiltzen ditugu oinarrizko kontzeptu batzuk, eta hori egitean galtzaile ateratzen gara beti borroka ideologikoan. Oinarrizko kontzeptu politiko batzuk bildu nahi izan ditugu gure hiztegi honetan eztabaida ideologikoetan ez korapilatzeko. Ez da gure asmoa izan tratatu politiko bat idaztea, definizio labur eta zehatz batzuk ematea baizik.

Euskal Herria libre izango bada, geure mundu-ikuskera propio eta indartsua garatu behar dugu, ezin baitaiteke lehia dialektikoa irabazi arerioaren marko mentala eta horrekin doazen hitzak onartzen baditugu.

Azken boladan abertzaletasunik gabeko independentismoaren ideia zabaltzen ari da. Diskurtso kaltegarri horrek kontu materialak eta gobernantza edo demokrazia hobetzea soilik hartzen ditu helburu; eta, txarragoa dena, gaztelera/frantsesa Euskal Herriko hizkuntza natural gisa onartzen, euskararen parean. Bide batez, baztertu egiten ditu eskubide historikoen defentsa  eta nazioaren biziraupena bera ere.

Arrazoibide desnazionalizatzaile honek berba politak erabiltzen ditu maiz, zeharo manipulatuak, itxurazko logikaren bidez, iruzur menderatzailea zabaltzeko. Beraz, hitzon esanahi zehatza jakitea komeni zaigu engainua agerian uzteko.

Gainera aldarrikapen nazionalak diskurtso sendoa eskatzen du, eta, horretarako, halabeharrezkoa/ezinbestekoa/derrigorrezkoa da hiztegi argi, eraikitzaile eta askatzailea. Hitzak baitira, hain zuzen, geure burua askatzeko ezinbesteko tresnak.

Azken finean, hitzen esangura botereak finkatzen du.

  • “Hitz bat erabiltzen dudanean,” esan zuen Humpty Dumptyk erdeinuz, “neuk erabakitzen dut zer esan nahi duen, ez gehiago ez gutxiago”.
  • “Kontua da, “ esan zuen Alicek “ea egin dezakezun hitzek hainbeste esanahi ezberdin izatea”.
  • “Kontua da,” esan zuen Humpty Dumptyk, “nork agintzen duen, eta kitto.”

(Ispiluan barrena eta Alicek han aurkitu zuena. Lewis Carroll)

ABERRI: Nazioa, Euskal Herria.

ABERTZALE: Aberria eta bere ezaugarri propioak (hizkuntza, kultura, nortasuna…) maite eta zaintzen dituena. Horrekin batera, bere aberriarentzat burujabetza nahi duena.

ABERTZALETASUNIK GABEKO INDEPENDENTISMOA: Alkoholik gabeko patxaranaren antzeko iruzurra. Independentismoa hobeto bizitzeko soilik eskatu behar dela diotenen ideologia bitxia. Ahaztu egiten zaie horiei independentzia duintasun nazionalaren kontua dela, patrikaren betetze mailatik harago doana. Gure kasuan, euskal nazioaren biziraupena bermatzeko eta asimilazioa saihesteko dagoen bide bakarra da abertzaletasuna. Abertzaletasuna izan da beti eta nonahi prozesu independentista guztien motorrik eraginkorrena.

ASIMILAZIO: Nazio batek pairatzen duen prozesua, bere ezaugarri propioak ahaztu eta nazio menderatzailearenak onartu arte. Hizkuntza, kultura, baloreak eta memoria  galtzen ditu, eta noizbait nazio izan den giza taldea beste komunitate nazional baten barruan urtzen da.

AUTODETERMINAZIO-ESKUBIDEA: Nazio edo Herri guztiek euren estatus politikoa libreki hautatzeko duten eskubidea, nazioarteko ordenamendu juridikoan jasota dagoena.

BAKE: “Indarkeriarik edo gerrarik ez”-etik harago doan kontzeptua, giza eskubideekin eta eskubide kolektiboekin ere lotura handia duena. Justiziarik gabe ez dago bakerik, indarkeriarekin edo gerrarekin ez dagoen modu berean.

BANDERA: Estatu zapaltzaileko herritarren iritziz “zapi-zatia” mendeko nazioarena denean. Beren estatuarena denean, aldiz, “aberriaren baloreak irudikatzen dituen ikurrik gorena”.

BERDINTASUN: Demokraziaren oinarrizko printzipioa, hiritar guztiak legearen aurrean berdin tratatuak izateko eskubidea. Demokrazian hiritar guztiek dituzte eskubide eta betebehar berak.

Euskal Herrian euskaldunok espainieraz/frantsesez jakin beharra daukagu, aldiz, gure artean bizi diren espainiarrek/frantsesek ez daukate euskaraz zertan jakin.

BIOLENTZIA SINBOLIKOA: Menderatzaile eta menderatuen arteko harremanetan azaltzen dena. Indarkeria fisikoa ez izan arren, baizik eta ikusiezina edo subliminala, ondorio berak lortzen dituena. Maiz  menderatzaileak hautematen ez duena eta menderatuak naturaltasun osoz onartzen duena. Euskaldunok derrigorrez erdaraz egin behar izaten dugunean pairatzen duguna.

BIZIKIDETZA: Euskara utzi eta erdaraz bizitzea, erdaldunak ez gogaitarazteko. Erdaldunen inposaketen aurrean kexarik gabe makurtzea.

BURUJABETZA: Beste inongo Herriren mende ez izatea. Euskal Herriaren kasuan, Espainiaren edo Frantziaren mende ez izatea. Independentzia.

DESOBEDIENTZIA ZIBILA: Estatuaren autoritatea eta legitimitatea kolokan jartzen duen bortxarik gabeko herri-erantzun orokortua. Gure testuinguru geo-politikoan, askapen nazionaleko prozesu bat bururaino eramateko tresnarik eraginkorrena.

DIGLOSIA: Nazio azpiratuetan, bertako hizkuntzaren eta kanpoko hizkuntzen artean ematen den hizkuntza-desoreka. Gizarte horietan bertako hizkuntza, sarritan ofizialtasunik ez duena, beheko funtzioetarako soilik erabiltzen da, kolonizatzaileen hizkuntzak gizartearen eremu formal guztiak (goi-mailako irakaskuntza, kultura, administrazioa, gizarte-prestigioa…) bereganatzen dituen bitartean.

Urte askotan euskararen egoera diglosikoa izan bada ere, gaur egun gure hizkuntza ordezkapen-prozesuan dago, hau da, desagertze-bidean, baldin-eta euskaldunok eragozten ez badugu.

ELEBITASUN: Gizakioi, eta ez komunitate nazional bati, dagokigun hizkuntza-ezaugarria. Ohikoa da nazio azpiratuetan, ez hainbeste nazio zapaltzaileetan. Elebitasuna, oro har, tarteko etapa bat da, hizkuntza gutxituaren desagerpenerantz eboluzionatzen duena.

Elebitasunaren alde dauden askok, benetan, zera esan nahi digute: “Zuk elebiduna izan behar duzu ni ez nagoelako prest hala izateko. Beraz, niri hitz egin nahi baldin badidazu, nire hizkuntzan egin beharko duzu

ESKOLA PUBLIKOA: Estatuarena. Estatuak modu batean edo bestean kontrolatzen eta kudeatzen duena. Euskal Herria independentea ez den artean ez da euskal eskola publikorik izango.

EUSKAL ESKOLA NAZIONALA: Euskal hezkuntza bermatzen duena, jakintza eta balore unibertsalak euskaraz  ematen dituena, euskal curriculuma lantzen duena eta hedadura (dimentsio) nazionala duena; hiritar euskaldun kultuak hezten dituena.

ESKUBIDE KOLEKTIBO: Giza talde edo nazio-komunitate bati dagozkion eskubideak. Aitortua izan zen eskubide horietako lehena autodeterminazio-eskubidea izan zen, eta hortik abiatuta garatu egin zen eskubide kolektiboen kontzeptua. Nazio-komunitateak  ukatzen dituen estatuak, jakina, ez ditu inoiz eskubide kolektiboak onartzen.

ESTATUGINTZA: Nazio baten erakundetze-prozesuari deritzo. Naziogintzatik estatugintzara dagoen jauziaren funtsa prozesuen eta estrategien artikulazioan datza. Hau da, nazio-kontzientzia indartzen den unean, nazioa ohartzen da estatu bat behar duela bere beharrei era errazagoan aurre egiteko, beraz, bere errealitate soziopolitikoa eta ekonomikoa erakundetzen saiatzen da.

ETNIA: Hizkuntza eta kultura bereko gizabanakoen multzoa.

ETNOZIDIO: Etnia baten suntsiketa-prozesuari deritzo. Etniak ez dira berez desagertzen; estatu zapaltzaileek deuseztatzen dituzte, besteak irensteko dituzten  asmoak muturreraino eramateko. Etnozidioa genozidio mota bat da, “ezberdinak” hil beharrean beren kulturak eta hizkuntzak hiltzen dituena.

EUSKARA: Euskal Herriko hizkuntza. Euskaldun egiten gaituena. Irudika daiteke  alemanez ez dakien alemana, gazteleraz ez dakien espainola, frantsesez ez dakien frantziarra? Euskaraz ez dakien euskalduna ere ez.

EUSKALDUN: Euskaraz hitz egiten duena. Euskaraz bizi dena edo bizitzen saiatzen dena, bere jatorria, abizena edo azalaren kolorea dena delakoa izanda ere. Hala ere, euskararen jakite hutsak ez du inor euskaldun egiten, ingeles hizkuntzaren ezagutza hutsak ingeles bihurtzen  ez zaituen  bezalaxe. Nekez jo baitaiteke euskalduntzat euskaraz dakiena baina inoiz hitz egiten ez duena.

EUSKAL KONTZIENTZIA NAZIONALA: Euskal nazioaren partaide sentitu eta egunerokoan horren arabera jokatu.

EUSKARAREN DESPOLITIZAZIOA: Euskaldunen hizkuntza-militantzia  indargabetu nahi dutenek erabiltzen duten kontzeptua. Euskaldunen hizkuntza-mendekotasuna   bilatzen duena, eta euskara “komunikazio-tresna hutsa” izatera murriztu nahi duena, gure hizkuntzari bere balioa sinbolikoa eta identitarioa kenduz.

HIZKUNTZA: Nazioa osatzen duten gizataldeko kideek elkarrekin komunikatzeko duten hitzezko adierazpidea. Naziotasunaren funtsezko elementua. Are gehiago, nazio gutxituetan. Horietan, hizkuntza ez da -inperialistek dioten moduan- komunikazio-tresna hutsa, norbanako identitatea eta identitate kolektiboa bermatzen duen ezinbesteko elementua baizik. Hizkuntza da nazio zapalduek eskura duten baliorik handiena eta armarik eraginkorrena haien asimilazioa saihesteko.

HIZKUNTZA GUTXITUA: Kolonizazio basati baten ondorioz mendeko nazio batean egoera murriztuan edo gutxiengoan  geratu den hizkuntza.

HIZKUNTZA-INPERIALISMOA: Hizkuntza zapaltzaileari eta haren hiztunei, beste nazio bateko hizkuntza zapalduz, boterea eta pribilegioak ematen dizkien hizkuntza-politika, euskaldunok egunero pairatzen duguna.

IDENTITATE: Nazio inperialistek azpiratutako nazioei ukatzen dieten funtsezko lokarri kolektiboa. Menderatzaileen arabera, nazio gutxituen “identitate-diskurtsoa” zitala eta gaiztoa da, arrazismo mota bat, ezabatu behar dena. Ondo baino hobeto dakite horiek Herri bati bere berezko nortasuna deuseztatzen zaionean errazagoa dela bere asimilazioa, nazio inperialista guztien ezkutuko xedea. Berezko hizkuntza eta kultura izateak, bereziki, ematen dio nazio bati bere berariazko identitatea.

Nazio menderatzaileek, hala ere, ez diote euren identitateari inoiz uko egiten.

INPERIALISMO: Nazio batek beste nazio batzuk azpiratzeko eskubidea duela defendatzen duen ideología supremazista.

KOLONIZAZIO: Herri batek, ideia inperialista bati lotuta, beste Herri baten ondasun materialez jabetzea eta tokiko herritarren hizkuntza, kultura eta nortasun kolektiboa desjabetzeko prozesua da, alienazio edo arrozte-prozesu baten bidez. Kolonizazioaren funtsa Herri bat azpiratzea da atzerriko kontrola bere gainean ezarriz. Giza jardueraren arlo guztietara zabaltzen da kolonizazioa: ekonomiara, gizartera, demografiara, kulturara eta politikara.

KOLONIA: Kolonizatuta dagoen Herria, atzerriko estatu baten mende dagoena. Ez du metropolitik milaka kilometrotara zertan egonik, “ur gaziaren” printzipioaren aldekoek defendatzen dutenez (haien arabera, kolonia izateko itsaso batek egon behar du metropoliaren eta koloniaren artean). Erretorikak baino gehiago, oharpen enpiriko batek, egunero ikusten dugunak, hobeto deskribatzen du kolonia baten egoera: “zure Herrian dauden armadak, poliziak eta justizia-sistemak zure hizkuntza hitz egiten ez badute, kolonizatutako Herri batean bizi zara”.

KOLONIZATU: Estatu zapailtzaileak asimilatu duen pertsona. Kontziente edo inkontzienteki zapaltzailearen hizkuntza, kultura, ohiturak eta pentsamoldea bereganatu dituena.

KOLONO: Estatu menderatzailearen asmo  asimilazionisten ezinbesteko tresna (nahi gabekoa, kasu gehienetan), metropolitik zapaldutako nazio batera lekualdatzen dena. Kolonoak dira kolonizazioaren funtsezko elementuak. Kategoria itzulgarria da: gizabanako batek kolono izateari uzten dio harrerako nazioan integratzen denean. .

KULTURA-ANIZTASUN: Kultura eta jatorri ezberdinetako pertsonen bizikidetzaren aldeko jarrera politikoa, Estatu burujabeen hizkuntzak eta kulturak mehatxupean jartzen ez dituena.

Gaur egun mendebaldeko gizarte guztiak dira anitzak eta kulturanitzak. Frantzia eta Espainia anitzak dira, eta horrek ez die ezertan eragiten haien hizkuntzei, ezta nortasunari ere, anitz guztiak integratzen baitira espainiartasunean edo frantsestasunean. Aniztasuna errespetuarekin lotzen da: zuriak-beltzak, bertakoak- etorriberriak, kristauak-musulmanak, feministak, LGBTIQak… denak dira espainiarrak/frantsesak.

Herrialde menderatuetan, aldiz, aniztasun hitza nazio zapaldua oraindik gehiago zapaltzeko erabiltzen da, geure herrian euskaldunok azpimultzo triste bat bihurtzeraino: aniztasunak, euskaldun eta erdaldun, denok espainiar edo frantses egiten gaitu. Aniztasuna dela-eta Euskal Herrian erdaldun izateko eskubidea aldarrikatzen dute. Espainian eta Frantzian, ordea, aniztasunak ez du ematen haien hizkuntza baztertzeko aitzakiarik.

LEGEZKOTASUN: Estatu baten legeen multzoak ezartzen duen bizikidetza-esparrua. Legezkotasuna osatzen duten legeek ez dute beti zertan bidezkoak izanik. Hala, AEBetan esklabutza legezkoa zen, eta Hego Afrikan apartheida.

Azken finean, legea boterea duenak egiten du.

LEGITIMITATE EDO ZILEGITASUN: Lege-markotik harago doan kontzeptua, arrazoi etikoak eta moralak ere aintzakotzat hartzen dituena. Legezkoa den guztia ez da zilegi, eta zilegi den guztia ez da legezkoa. Ekintza batzuen zilegitasuna legea betetzetik harago doa, bereziki ekintza horiek giza eskubideei eta eskubide kolektiboei eragiten  badiete.

NAZIO: Etnia bereko gizabanakoen multzoa, bere nortasunaren kontzientzia politikoa duena. Nazioa ez da estatua, estatua izan nahi duen etnia-komunitatea baizik. Gure nazioa: Euskal Herria.

NAZIOGINTZA: Nazio baten nortasuna indartzeko eta bere herritarren nazio-kontzientzia pizteko abian jartzen diren  politiken multzoa.

NAZIONALISMO: Herri batek nazio izateko eskubidea (aitortza nazionala) eta  munduko beste nazioen maila berean izateko eskubidea dituela defendatzen duen ideologia politikoa. Inperialismoaren aldean, nazionalismoak ez ditu beste nazioak azpiratu nahi, ez baita nagusitasunari edo supremazismoari lotua. Nazionalismoak “izan” nahi du,  inperialismoak, aldiz, “eduki” egin nahi du.

NAZIONALISMO BANALA: Estatuen indar normalizatzaileari lotutako kontzeptua. Nahiz eta esplizituki aldarrikatzeko beharrik ez izan, gizartean eragin handia duen estatu-nazionalismoa da, zalantzan jartzen ez dena. Sinboloetan, kirolean, hizkeran azaltzen da. Adibideak:  Euskal Herrian Zaragozan ekoitzitako produktu bati nazionala esatea; gobernua aipatzean,  Madrilgoa/Pariskoa dela ulertzea; Sevillako bati bertokoa deitzea eta Urruñako bati atzerritarra…..

Banal izenondoak ez dio nazionalismoari garrantzirik kentzen, alderantziz: gure gizartean funtsezko ezaugarria da, hain sakona non sarritan sumatu ere ez baitugu egiten, eta, hala ere, nazionalismo banal horretan blai-blai eginda gaude.

HIZKUNTZA-NORMALTASUNA: Euskal Herrian euskaraz bizitzea, estresik gabe eta hizkuntzari buruz pentsatu gabe, euskara harremanetan automatikoa delako: Alemanian alemaniera bizi den moduan.

OBEDIENTZIA ZIBILA: Estatu zapaltzaileen aurrean otzan obeditzen duenaren jarrera, estatuaren agintaritza onartzen duenarena. Zapaltzaileen legezkotasuna betetzen duenaren jarrera. Gure testuinguru geo-politikoan, suntsipen nazionala bururaino eramateko tresnarik eraginkorrena.

HIZKUNTZA-ORDEZKAPENA: Nazio gutxituetan, berezko hizkuntzaren desagerpenari eta nazio menderatzailearen hizkuntzaren nagusitze-prozesuari deritzo. Kolonizazioaren ondorioa da hizkuntza-ordezkapena. Elebitasuna da hizkuntza-ordezkapenaren tarteko etapa, behin-behinekoa, nazio kolonizatzailearen hizkuntzaren erabateko nagusitasunarekin bukatzen dena.

Naziogintza Taldearen Hiztegi Politikoa

Euskal kontzientzia nazionala lantzen duen taldea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude