Nazioaren neurrira

Nazioaren neurrira –

Zorionekoak gara euskaldunok. Euskal Herria, Baskonia, gure nazioa, mundu osoaren aurrean agertzen da, historian izan den eta gaur egun den modukoa. Imago Vasconiae. Barne irudia eta besteen aurrekoa. Zer gara, nolakoak gara, non gaude, noiztik eta noiz arte. Gure kartografia historikoak gailurra lortu du eta nazioartean ere agertu da, Jose Mari Esparza eta Ramon Oleaga ikerlarien lan bikainari esker, Joseba Agirreazkuenaga eta Iñaki Lopez Luzuriagakoaren arartekotasuna medio. Atlasa da gure nortasun agiria orain.

Nazioaren neurrira
Arg: Naziogintza

Badugu irudia orain, eta badugu izena aspaldian. Gutxienez XVI. mendetik gara izenez Euskal Herria, gure literaturan horrela agertu gintuztelako orduan, bai Araban (Juan Perez Lazarraga), bai Lapurdin (Joanes Leizarraga). Baina, eta izana? Noiz izango gara nazio libre antolatua, instituzio, estatu, errepublika?

Politika atzeratuta dabil Euskal Herrian. Zer dela eta? Mende hartu gaituzte XVIII. mendetik Iparrean, eta XIX. mendetik, Hegoan. Zazpiak bat garela aldarri egin zuten XIX. mendean Abadiak eta Xahok, baina ondoren ez gara gai izan jauzi egiteko, eta erdizka hiruretan lotzen gaituzte gaur, zazpiak bat egiteko bide egokirik hartu gabe.

Euskaldunon kaltea ez dator hutsean eskuin muturretik, baina, Frantziatik bertatik dator, edo Espainiatik. Hori ikasten ez dugun bitartean ez dugu Euskal Herri librerik izango

Ez dugu gaur politika burujaberik. Begira Euskal Autonomi Erkidegoa (EAE) deitu horretara eta ikusi alderdi abertzaleen artean dabilen lehia gordina. EAJk nahiago du PSOErekin ezkondu eta haren harrokeria espainiar zalea gobernuan partekatu, EH Bildurekin akordio abertzalea adostu baino. Nafarroan, berriz, euskararen kaltetan gobernatzen du PSOEk, bi alderdi abertzaleen gobernatzeko bonus hori merke lortuta. Eta Iparraldean EH Baik ez du erreparorik ikusi Fronte Popular guztiz frantsesdunean txertatzeko, Frantzia bera eskuin muturraren besoetan ez uzteko argudiopean. Euskaldunon kaltea ez dator hutsean eskuin muturretik, baina, Frantziatik bertatik dator, edo Espainiatik. Hori ikasten ez dugun bitartean ez dugu Euskal Herri librerik izango.

Euskal politikagintzaren muina Euskal Herrian bertan kokatu behar dugu, ezinbestean. Bai bertoko erakunde autonomiko edo departamentukoetan, haietan egoeraren diagnosi zehatzak egin, aliantza egokiak garatu eta ekinbide zuzenak bultza daitezkeelako. Bai eta herri elkarte, sindikatu, entrepresa eta kultur erakundeetan ere, euskal naziogintza benetako auzolan kolektibo bihurtzeko.

Auzolan politiko horren eremua argitu behar dugu, hala ere, hizkuntz irizpideetatik hasi eta kokapen politikoetara helduta. Eskizofrenia punturaino eraman gaituzte herritarrak ordezkari politikoen azkenaldiko jokabideek. Ezin jarraituzkoa gertatu zen, esate baterako, Gasteizko Legebiltzarrean lehendakaria eta gobernu berria hautatzeko saio luzea. Hara non hasi zitzaizkigun bi hautagai nagusiak euskaratik gaztelerara jauzi egiten minutuero, etengabean, bakoitzaren ordu eta erdiko hitzartze luzean! Eromen linguistikoa, entsalada ozpindua. Noiz erabaki behar dugu Euskal Herriko hizkuntza euskara dela, eta ez dakienak, ikasten ez duen bitartean, eskuragarri dituela berehalako itzulpen zerbitzuak?

Elkarguneak identifikatzea eskatzen du, bere aldetik, Euskal Herria Bilduk, ondoren horietan elkarlana garatzeko moduan. Metodologia egokia izan daiteke, zalantzarik gabe, interes alderdikoiekin talka egiten ez badu. Baina zehaztapena behar da, ezeren aurretik: Euskal Herriaren nazio aitortza. Gune historikoa, gune geografikoa, gune kulturala badena, behingoz, gune politiko nagusi bihur dadin.

ARGIAn argitaratua

Nazioaren neurrira  Nazioaren neurrira

2 pentsamendu “Nazioaren neurrira”-ri buruz

  • Egun on, Karmelo!

    Horrela dirudike, imago bat garela azken finean. Abertzaletasuna zombie bihurtu da instituzioetan eta herria erosotu. Zertarako balio izan digu demokraziak azken finean? Oroz lehen, otzantzeko eta gure gabezien errua norbaiti botatzeko estakuru ederra lortzeko. Bestetik, irabazteko latza den joko baten arauei lotzea. Horri, azkenik, herri mugimenduaren ezintasuna gehituiozu eta halaxe gabiltza, ezinean.

    Kultur sistema integratu ezean akabo, horrek dakarren lan titanikoa, heroikoa, aintzat hartuta.

    Politikak ere bere parte pertsonalagoa eta egunerokoagoa berrartu behar du. Ezin onetsi dezakegu naturaltasunaren izenean eguneroko bizitza eta geure burua begiratzeari uko egitea. Gu geu gara kultura eta identitatearen jardun eta jagole. Metafisikarik ez da, gure baitan bizi da.

  • Benat Castorene 2024-08-08 15:03

    “Eta Iparraldean EH Baik ez du erreparorik ikusi Fronte Popular guztiz frantsesdunean txertatzeko, Frantzia bera eskuin muturraren besoetan ez uzteko argudiopean”
    Erabat egia da eta bi arrazoi ikusiko nituzke:
    Batetik, iparraldean ezker abertzalea, bere estrategia elektoralagatik, ezker frantsesaren mende egon da batez ere hauteskunde garaian BABko eskualdean eta azkenean noiz nahi eta nunahi. Bada, badu bolta bat orain frantses ezkerrak erreforma sozietaletan eta”Rassemblement National” ren kontra diharduela nagusiki. Horretarako alde batera utzi ditu langile xumeak zeinek eskuarki RNren alde baitute. Beraz iparraldeko EH Baik ez ditu frantses sozialistak segitu egiten baizik.
    Bestetik bada arrazoi praltikagoagorik ere. Izan ere ezker abertzalea beldur da azken hamarkadetan euskal kultura eta erakaskuntzaren aldeko emandako laguntza apurra eta bestelako abantail batzuk galtzea RNA boterera iristen balitz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude