Nazio izatearen ardura

Nazio izatearen ardura –

Euskal Herria nazioa bada, jo dezagun aurrera, eta euskal nazio demokratikoaren egiturak eraiki, zabaldu eta indarrean jarri. Egin dezagun behingoz politika positiboa euskal nazioa oinarri hartuta. Eraiki dezagun behingoan euskal herritarron etxea, Euskal Herria.

Nazio izatearen ardura
Arg: ArtHouse Studio

Euskal Herria nazioa da. Hori entzuten dugu berriro ere gurean, hori esaten da, baina paradoxaz, alderdi abertzale instituzionalei emandako boto kopurua goraka doan garai hauetan, desnazionalizazio prozesua ere modu azeleratuan zabaltzen ari da bi estatuetatik gure etxe barrura. Euskara ikasi duen herritarren kopuruak ere gora egin duen garai berean, euskararen erabilera ahuldu, trabatu, galgatu eta atzeraka hasi eta guztiz galtzeko arriskuan dakusagu. Larrialdi egoeran daukagu euskal nazioa, hori da egia.

Zama astuneko bi estatu jarri zaizkigu gainean, bai, eta bakoitzak bere “naziotasuna” eta “hizkuntza unibertsala” indarrez eta modu eraginkorrean hedatu du Euskal Herriaren alde banatan. Espainiar edota frantziar izatera, sentitzera eta mintzatzera behartu gaituzte, eta gurean ez dira gutxi dagoeneko inposaketa hori gertaera naturaltzat hartzen dutenak. Horretarako bitarteko ugari baitute bai Frantziak bai Espainiak.

Baina esan dezagun argi hau ere: etorkizuneko proiektu gisa bai Espainia bai Frantzia porrot egindako estatuak dira. Zergatik? Begira dezagun Frantzia: estatu mailako aliantza progresista deitua hauteskundeetan garaile izan arren, makronismotik eskuin mutur lepenistarantz doan gobernantza egiturak nagusitzen dira.

Begiratu Espainiara, egitura zurruneko itsasontzia da Espainia betiereko hori: brankan du monarkia ustela, borboiak txandaka lemazain; eskuineko amulan militarrak, beste aldekoan epaileak; enpresarien elitearen kasta zubian nagusi; txopan, berriz, txandakako gobernu beti otzana eta haren marinel, morroi eta txo laguntzaileak. Itsasontzi lastatua da Espainia deitua, eta lasta edo zama guztia istriborrera pilatzen zaio, eskuin muturrera beti. Nola ontziratuko gara, bada, hor euskaldunok? Ez gure borondatez!

Itsaso zabaletan nabigatzen beti izan dugun trebezia berreskuratu behar dugu. Baina itsasontzi propio egokian, nazio propioaren porturako bandan abiatu eta eskifaia egokia osatuta. Ez onartu inola ere estatu bi horiek erabaki dezaten gure nazioaren egitura, gure historia, kultura, hizkuntza, jendarte antolaketa, gure norabidea eta etorkizuna.

Nazioa bagara, nazioa izatearen ardura gure eskuetan hartu behar dugu behingoz, ondorio guztiekin. Ez gara jarriko defentsiban, estatuen erasoen zaparradaren azpian euritakoak zabalduta. Ez.

Zer dugu gure alde? Euskal herritarron nortasuna, euskaldun izateko borondate zabal nagusia. Horri eman behar diogu bide. Euskal Herriaren historiatik berreskuratu behar dugu hari baikorra. Gu, euskaldunok, ez gara inoiz inposatzaile izan, biktima gara, sarritan erabaki irmoz eta indarrez ere defendatu den biktima. Ez dugu ontzat emango gure ibilbide historikoaren bertsio arrotz eta maltzurrik. Ez dugu, beraz, gurea ez den zorrik kitatu behar, ez eta ondoriozko baldintza inposaturik onartu.

Euskal herritarrok ez gara Euskal Herrian “gutxiengo nazionala”, estatuak eta enparauak horretan tematzen diren arren. Euskal herritarron borondatezko naziotasun demokratikoa euskal naziotasuna da. Aldiz, espainiar edota frantziar sentitzen direnak, horiek dira Euskal Herrian gutxiengo nazionalak. Ondorioz, euskal nazioaren antolaketa demokratikoak naziotasun euskalduna eta euskara hizkuntza unibertsala bermatu behar ditu. Nazioa izatearen ardurak euskal naziogintza demokratikoa garatzea eskatzen digu.

ARGIAn argitaratua

Nazio izatearen ardura

Zer duzu buruan “Nazio izatearen ardura”-ri buruz

  • Benat Castorene 2024-11-04 18:40

    “[…] frantziar izatera, sentitzera eta mintzatzera behartu gaituzte, eta gurean ez dira gutxi dagoeneko inposaketa hori gertaera naturaltzat hartzen dutenak”
    Egia duzu. Eta iduri du Frantziako estatuak eta gizarte guziak arazo zurunbilo ezezagun eta arriskutsu batean sartzen ari direla. 1789ko iraultzan hasi zen ziklo bat finitzen ari da gure begien aitzinean. Jakitun dira azken abertzaleak? ala ez dira gehiago gai?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude