Nazio askapena: arrazakeriaren eta faxismoaren kontrako antidoto bakarra
Arrazakeriaren eta faxismoaren kontrako antidoto bakarra –
Dirudienez, Euskal Herrian migrazioa arazo bilakatu da azken bi hamarkadetan. Atzerritarrez josi omen dira gure lurrak. Gure kultura arriskuan omen dago fenomeno “berri” honen ondorioz. Lapurretak, bortxaketak, liskarrak… ugaritzen ari dira gure herri eta auzoetan. Segurtasun ezari nola aurre egin lehentasun bilakatu da instituzioetako eginbeharretan, baita poliziaren sarekadetan ere. Eskolak segregatu dira eta ospitaleak kopatu. Bizikidetza arazo guzti hauek migrazioaren arazo zuzenak omen dira jendartearen gehiengoarentzat.

Euskal Herriak historia garaikidean fase ezberdinak bizi izan ditu migrazioari dagokionean. Batzuetan hartzaile eta beste batzuetan anparatu, lurraldeko ekonomiaren gorabeherak behartuta. Batez ere, bi garai egon dira bereziki lotuak migrazio prozesu esanguratsuei, non gure herriaren itsura eraldatu duten goitik bera. Biak ala biak industrializazio prozesuei lotutakoak eta landa eremutik hirirako exodoarekin lotutakoak. XIX. mende bukaerakoa lehenengoa, behin gerra karlistak galduta Bizkaiko Bilbo inguruak industrializatu zirenean aurretik foruek mantendutako lur komunalak pribatizatu eta modu basatian ustiatu zirenean milaka langileren izerdi eta odolaren bizkar. Bigarrena berriz, 50. hamarkadatik aurrera frankismo betean gure herriaren barnealdea industrializatu zenean kanpo inbertsioak (Michelin, Volkswagen, Mercedes…) bertan instalatu zirenean. Hain izan zen bortitza aldaketa non 200.000 etxebizitzatik gora eraiki ziren Hego Euskal Herrian garai hartan industriak behar zuen lan indarra bermatu ahal izateko. Landa eremutik hirietara joandako euskaldunez gain, ehundaka mila izan ziren garai hartan euskal herrira iritsitako migratuak.
Garai haietan, gaur bezala, lehen parrafoan azaldutako egoerak eta pentsamoldeak errepikatzen ziren. Fenomeno “berri” horiei erantzuteko hartutako norabide erreakzionario bezala. Hala ere, egon ziren bestela jardun zuten indarrak ere. Ikuspegi abertzale eta sozialistetatik erantzun bateratua emateko nahia izan zutenak. Hortik datoz, 30. hamarkadan alderdi komunistako euskal adarrak edota 60. hamarkadan ETAk gehiago teorizatu zuen Euskal Herrian lan eta bizi dena euskalduna dela, beti ere, bertako hizkuntza eta kultura baztertzen ez duen bitartean, edota gainontzeko herritarrak zapaltzeko asmorik ez duenean (burgesia espainol eta frantsesen edo internazionalaren parte diren horiek ez baitira euskal herriaren parte).
Alta, ematen du aldarri hauek atzean geratu direla. Gu eta besteen haustura, azalaren kolorearen ezberdintasunarekin batera handitzen doa egun. Arrazalizatuak kanpotar bilakatu ditugu, hemen jaio badira ere, eta kanpoan jaiotakoak bertakotu ditugu gure azalaren kolorekoak badira eta frankieraz edo gazteleraz (euskara ez da hain ezinbestekoa, horregatik, ez da helduen alfabetatzearen unibertsaltasuna bermatzen) hitz egiten badute. Hain da handia haustura, non egitura politiko, sindikal eta sozialetan arrazializatuen kupoa betetzen saiatzen den progresia performatzeko. Ez dugu gutasunik, soilik “haien” eskubideak defendatzeko behar moral paternalista. Hain dago barneratua arrazakeria ez dela gai berdintasunetik aritzeko.
Burgesiak eta bere aparatu instituzional, mediatiko, errepresibo eta sozial guztiak banaketa hori indartzeko daude egituratuta. Lan munduan, eskoletan edota administrazioan, banaketa hori indartzen ari dira gure artean banatzeko. Lanaren banaketa soziala azalaren kolorearen arabera ere banatzen dute, emakume langile arrazializatu askoren egoera izanik okerrena. Erreserbako gudaroste industriala betetzen duten milaka langileren patua, momentuko lan indarraren beharrei zuzenki lotuta dago. Bidasoan dugu fluxu horren ixteko giltzaren adibide garbia. Baina, egunerokoan ikusten ditugu migratuen eta arrazalizatuen kontrako sarekadak gure inguruan, askotan interpelatuak sentitu gabe.
Benetako etsaiak identifikatu gabe, zaila dugu benetako gutasun bat eraikitzea. Baina horretarako, ezinbestekoa da gutasun hori praktika erreal batetik eraikitzea. Arrazakeriaren kontra, migratuen eskubideen alde edota lan baldintza eta etxebizitzaren aldeko borroka partzialek balio dezakete haien (burgesia) frente ezberdinen aurrean erantzuteko. Baina Gutasuna sortzeko burgesiaren eredu arrazistari eta atzerakoiari aurre egiteko proiektu politiko bat eraikitzea ezinbestekoa da. Bestela, aurreko krisi garaiek erakutsi diguten bezala, burgesiaren oldarraldiari irmotasunez aurre egiten ez badiogu, faxismoak hedatzeko beharrezkoak dituen osagaiak elikatuko ditugu. Bizirauteko beharrezkoak ditugun elementuak (lana, etxebizitza, segurtasuna, hezkuntza, osasuna…) zalantzan dauden momentu honetan, bermatzeko borrokak abiarazi gabe, etsaiaren sareetan harrapatuta geratuko dira oraindik ogi papurrak eskuratzeko gaitasuna duten horiek. Gutxi horien eskubideen defentsa egiteak soilik, langileen arteko gerra zabaltzea ekartzen du, kanporatuak geratzen garen pertsonen kontrako erasoa biderkatuz. Jendarte burgesaren ingeniaritza errepresibo guztia zapalduak gehiago zapaltzera bideratzen da gero eta gehiago.
Euskal Herria den bezalako nazio zapaldu batean, kontraesan hauek oraindik eta modu sofistikatuagoan azaleratzen dira. Eraikuntzan dagoen nazioa izanda, bere naziotasuna erreproduzitzeko zailtasunak ugaritzen dira burgesiak langileen arteko banaketa induzitu horren harira. Proiektu nazional espainol eta frantsesak, euskal egitura nazionalen kontrako isilpeko (eta ez hain isilpeko) gerra iraunkorra darabil, identitate nazional ezberdina duten pertsonak euskal kulturaren kontrako ariete bezala erabiliz. Bortxatzen gaituzten estatuen integrazio behartuak, tokiko errealitatean prozesu eratzaile horren kontra posizionatzera eramaten ditu herritar asko. Nazio-Estatu hauen kontrako borrokak soilik batuko gaitu ordea, klase borrokaren bitartez, euskal nazio baten eraikuntzaren prozesuan. Estatu burges espainol eta frantsesen nazionalismo erreakzionarioaren kontra soilik eraiki daitekeen nazioa da gure nazioa. Euskal Herrian bizi eta lan egiten dugun, euskal herri langileok, dugu soilik, jatorrizko eta helmugako langile nazioa eraikitzeko bide horretan eragiteko aukera. Hala ez bada, ez baitu lortuko logika burges horietatik askatzea, baizik eta horietan sakondu eta horien zerbitzura egotera mugatuko da, bi estatuen apendize kulturalki exotiko bezala, jatorrizko herrietan bizi den zapalketak erreproduzitzen jarraituko duen bezala.
Euskal Herria, hemen lan eta bizi garen pertsonok osatzen badugu, gure interesen alde borrokatzen bagara, gutasun bat sor dezakegu pentsamendu erreakzionariotik kanpo. Gure borroka partikularra erreakzio burgesaren kontrako borroka nazional bilakatu dezakegu. Jatorri eta azalaren koloretik haratago, gure bizimodua gure interesen alde antolatuz munduko askapen prozesuari gure aletxoa jarri ahal diogu. Baina horretarako ezinbestekoa da proiektu politiko independentista sozialistarekiko atxikimendua. Hortik bakarrik ahalko diegu aurre egin gure egunerokotasunean bizi ditugun arazoei. Gu, arrazakeriaren kontra eta euskararen alde gaude; segregazioaren kontra eta hezkuntza sistema propio baten alde; makro proiektuen kontra eta lurraren defentsaren eta komunaren alde; pobreziaren kontra eta etxebizitza eskubidearen alde; lukurreriaren kontra eta aberastasunaren banaketaren alde; jabego pribatuaren kontra eta erabilera balioaren alde; faxismoaren kontra eta euskal herri langilearen alde; NATOren eta mendebaldeko herrialde inperialisten kontra eta nazio zapalduen askapen borroken alde; proiektu espainol eta frantses erreakzionarioen kontra eta Euskal Herri independente eta sozialistaren alde! Denak kabitu gaitezke bertan; ez barkatu, zapaltzen gaituzten haiek ez!
Horrelako diskurtso ñoñoekin jarraituz gero, a ze nolako zartakoa hartuko dugun!!!!
“Arrazakeria, faxismoa, migrazioa, arrazalizatuak, burgesia eta bere aparatuak, lanaren banaketa soziala, burgesiaren eredu arrazista eta atzerakoia, oldarraldia, klase borroka, euskal herri langileok, langile nazioa, logika burgesa, proiektu politiko independentista sozialista, komuna, pobrezia, NATO…”.
Zenbaitzuk arras akiturik gaude nahas-mahas progre horrekin.
giza eskubideak ahaztu zaizkizu…
Zure mundu erreferentzia zein da ba, Barbieland?
Uste duzu esaten duzun demagogia guztia mapa arrunt batean sar daitekeela?
Zu zein zuhaitzetatik erori zara, Santa Klaus-en azken landaketa baten zuhaitzetik?
Mesedez, errealismo eta pragmatikotasun mínimo bat.
Boy scouth-ak ongi daude, hippy-en ametsak ere bai, baina gurean eguneroko bizitza beste parametroetan neurtu behar da.
Bestalde, hauxe esaten duzu: “Benetako etsaiak identifikatu gabe, zaila dugu benetako gutasun bat eraikitzea. Baina horretarako, ezinbestekoa da gutasun hori praktika erreal batetik eraikitzea.” Etsaiak gure gizartean? Zure gutasunean sartzen ez direnak, etsaiak? Benetan nazien bezalako esklusio sistema planteatzen ari zara? Ez zara konturatzen zertara eramango gaituen horrelako planteamendu baten ezarpenak?
Zure planteamendua ez da batere erreala. Hippy market ibiza mentalitatea ongi dago, baina 15 eguneko oporraldi baterako bakarrik.
Nazio bat zer den jakin gabe zailtasunez egin ahalko da nazio askapenik, Xabier. Zure artikuluan proposatzen den nazioa ez da nazio bat, status quo-aren aurkaritzan sortutako zera amorfoa baizik. Izatasunik gabeko naziorik ez da munduan eta nazioaren eraikuntza izatasun horretatik abiatuta egiten da, ez historiaren bafadek ekarritako galtzaileen totum revolutum baten bidez. Gure etnogenesitik honi iraun duten elementuek definitzen gaituzte, beste guztia edukirik gabeko dialektika eta peiokeria da.
Burgesia. Iraultza burgesek akabatu zuten antzinako erregimena eta modernitatea ekarri. Espainia dugu Europa osoan iraultza burgesa ezagutu ez duen herrialde bakanetakoa, horra emaitza.Zure ikuspegi historikoa lotsaemangarria da. Mercedes eta Wolswagen Euskal Herrian ,50.eko hamarkadan, behar da gero! Eta gainontzeko guztia, dena okerra. Eta etorkinena? Guziok badakigu aspaldi etorri ziren espainolak kolonoen lana egin dutela oro har, eta orain datozenak, so egizu Iparraldera, Hegoaldera Espainiara datoz, eta oso harroputz.
Argudio pila bat bururatzen zaizkit zure diskurtso jipi-progre-wokeari aurre egiteko. Baina, egia esan, ez du pena merezi ezer ez azaltzea.
ALDE BATERA UTZI DUZUE EDOZEIN MATERIALISMO MOTA, eta egia esan, pentsatzen hasi naiz hainbeste gorrotatzen duzuen BURGESIA horrek, zuen diskurtso iraultzaileen bidez euren interesak defenda dezazuen ordaintzen dizuela.
Baina, tira, hori alde batera utzita. Errealitatea da, horrela jarraituz gero, 30 urte barru, Euskal Herriak, bere hizkuntzak, kulturak eta nortasunak historiaren zabortegian amaituko dutela. Eta etorkizuneko belaunaldi multikultural globalizatuek aztertuko duten oroitzapen bat besterik ez direla izango.
Harritzekoa, badirudi batzuek ikasi berria daukazuen “woke” terminoa darabiltzuela goikoa bezalako ideiak deskalifikatzeko. Harritzekoa diot, zeren goiko analisia ez baita “woke” inondik ere, baizik eta oso-osorik Euskal Herriko ezker marxistaren irakurketa klasiko-klasikoa:
– Auzi nazionala eta soziala batzea
– Herritartasuna norberaren zuhaitz genealogikotik aparteko kontu gisa ulertzea.
– Harreraren aldeko jarrera.
Alegia, zuek “woke” erabiltzen duzue juxtu AEBetako eskuin trumpistak erabiltzen duen moduan: gustatzen ez zaizkien ideia guztiak izendatzeko, hauek elkarren desberdinak eta are elkarren kontrakoak izanda ere.
Erabil dezagun “Woke”, baldin erabiltzeak zentzurik badu, batez ere Estatu Batuetako Alderdi Demokratan eta hango unibertsitateetam garatu den ideologia bati buruz aritzeko, kapitalista petoa. “Woke” asko dago PSOEn, EAJn, PSOEn, Bildun eta edonon.