Nahi eta ezin
Eta burutik mila euskal hitz pasatzen zaizkizun bitartean, zure ahoa ingelesez soilik mintza daiteke; ingurukoekin komunikazio minimo bat nahi bada behintzat. Euskaraz hitz egin nahi duzu, baina ez duzu ulertuko duen inor inguruan. Eta burutik pasatzen zaizu bakarrik egongo zaren toki batera joan, eta bakarrizketa bat egitea.
Esan zuten bere garaian euskaldun sentitzen zena euskaldun zela, eta izango da, ez bainaiz inor hori esan zuenari kontra egiten hasteko, baina euskaraz hitz egiten ez duen euskalduna, ene aburuz, erotuko da lehenago edo beranduago (euskaraz mintzatzen baldin badaki, noski!). Euskaraz pentsatze hutsak, argi dago pertsona hori euskaldun egiten duela, baina bizi daiteke?
Alemaniatik idazten ari naiz, eta asteburuan zehar, denbora dezente pasa dut nire “host family” arekin bakarrik, nirekin etorri diren klasekideekin WhatsAppetik hitz eginez, edo ezta hori ere! Izugarri balio izan dit euskarak zer nolako garrantzia duen nigan ohartzeko, eta euskaraz idatzi, irakurri, entzun… arren, erabat beharrezko zaidala euskaraz hitz egitea konturatu naiz. Ez naiz orain arte Euskal Herrian eta bizi naizen inguruan dudan luxuaz ohartu, baina orain bai! Lagunekin elkartzen naizenetan, nire buruak euskaraz hitz egiteko beharra izaten du; baita elkarri alfabetoki hizkiak esateko bada ere! Azken batean, nire hizkuntza da euskara eta euskaraz mintzatzea, nire parte da.
Beti esan ohi da ez zarela duzunaren balioaz hura falta duzun arte ohartzen, zoritxarrez, baina niri ere hori gertatu zait euskararekin. Eta pozten naiz. Pozten naiz orain gertatu zaidalako, ia hamazpi urterekin, eta ez hemendik 70 urtera, jada ezer egitekorik ez dagoenean. Pozten naiz, zeren hemendik aurrera, etxean edo nire inguruan nagoenean, gehiago baloratuko dut euskara eta euskaraz hitz egin ahal izatea. Eta azken batean, pozten naiz, halako hizkuntza txiki batek nigan duen balioaz ohartu naizelako, eta azken batean, balio hori benetakoa delako!
Aldi berean, jendea alemanez hizketan entzun, eta nola sentituko diren galdetzen diot ene buruari. Nola sentituko diren hainbeste hiztun dituen hizkuntza baten jabe izanik; desagertzeko arriskurik ez duen hizkuntza baten jabe. Eta gainera, beraiek gure egoera nola imaginatuko duten pentsatzen dut; hizkuntza minorizatu eta minoritario izateak zer suposatzen duen eurentzat, edo erabat arrotza zaien. Azken batean, denak dira hizkuntza, eta bakoitzak bereari egiten dio arre, baina elkarbizitzea ere tokatzen zaigu, errespetuz.
Leku eta kultura berriak ezagutzeak dakarkidan plazerrari, horrek loturik dakarren jabetzea gehitu behar zaio. Begiak irekitzek dizkizu, eta zure baloreez ohartzen zara; daukaten garrantzia ematen diozu! Azken batean, horixe da bidaiatzea, eta horregatik gustatzen zait hainbeste!