Nafarroaren Eguna 2023

Nafarroaren Eguna 2023 –

Aurten ere, Basaizea elkarteak Kulturaldi berri bat prestatu du. Urte guziz, Baigorriko eskualdean, baina zabalago ere, jendea hitzordu horren beha da, Nafarroaren Egunarekin bukatzen dena (apirilak 30). Kulturaldia, edo denboran Kultur Astea deitua zena, 1979 urtean sortu eta orain artio irauten du.

Nafarroaren Eguna 2023Helburutzat du Baigorriko eskualdean forma ainitzetako euskarazko ekitaldien eskaintzea: ikusgarri, antzerki, kantaldi, eztabaida, gogoeta… Eskas bati erantzuteko sortua, garaian euskarazko sorkuntzak eta emanaldiak arrunt murritzak baitziren.

Gaur egun, eskaintza anitzez aberatsagoa da baina ez dugu begi bistatik galtzen euskaraz bizi nahi badugu, horrelako ekitaldiak beharrezkoak direla eta oraindik alimaleko lana gelditzen dela, euskal kulturak leku oraindik ttipiegia duelako gure lurraldean.

Beraz, gure maneran eta gure ahal xumeekin entseatzen gira Euskal Herri barnekaldean kultura biziarazten eta bazterren animatzen, euskaraz.

.

Ibai bat senideen artean Marra bat mapa batean Muga bat herri erdian (Willis Drummond)

Kulturaldiko hitza

Azken hilabete ilunen ondorioak pairatuz, aurten ere indartsu gatoz Nafarroaren Eguna antolatuz! Ez dugu onartuko hilerri bihur zaitezen. Ez, ez dugu gure herria hilerri gisa ikusi nahi! Mugako polizia kontrol zorrotzek anaitasuna baino gorrotoa sortzen duten garai hauetan, euskararen kontrako eraso larriak pairatuz zein gure hizkuntzaren egoera latzari aurre eginez, elkargune eta arnasgune beharretan girela sinetsiak gira.

Gure hizkuntza mintzatu nahi dugun herria gira, hezurdura bat behar duen hizkuntzak hatsa har dezan, eman diezaiogun bizitzeko leku seguru bat. Etxebizitzaren garestitze ikaragarriak ere herri honetan bizitzeko zailtasun handiak sortzen dizkigu nun prezioen goratzeak behartzen gaituen herritik kanpo bizitzen. Kultura hegemonikoen erreferenteek ere geroz eta eragin handiago duten garai hauetan, erein eta loratu ditzagun mugaz bi aldeetako sorkuntza kulturalak, haien zabalkundea sustengatuz!

Hilabete batzuk berantago ere, Nafarroaren egunak daraman engaiamendu kulturala gauzatzera doa! Euskaraz, kantuz, irriz eta gozatuz eraiki dezagun biharkoa eta parte har dezagun etengabeko hauspotze batean, esku artean dugun sua ez dezaten itzali!

Aitzina goaz!

.

NAFARROAREN EGUNA 2023 (apirilak 30)

GOIZA: gaineko Plaza
09:00 Merkatua elizako plazan • Ikastolako askaria

11:00 Desfilea behereko plazatik gaineko plazarat Ortzaizeko kabalkada, Beasain, Irurtzun eta Leitzako dantza taldeekin • Makilariak• Nafarroako & Baigorriko ziganteak • Trikitilariak, txistulariak, gaiteroak • Basaldunak Txarangak: Uztaritzeko txaranga, Ezpela & Kuxkuxtu

11:30 Ekitaldia elizako plazan
12:00 Bas’hitza • Irrintzina
13:00 Larrain dantza & Jauziak
14:00 Ikastolako bazkaria Plaza Xokon

ARRATSALDEA: herriko etxe aitzina
Arratsalde osoan Haurren xokoa: puzgarriak, egurrezko jokoak, animazioak, aurpegi tindaketa, Pontx pailazoa 16:00tan.
14:00 Rakatapunk elektrotxaranga
17:00 Broken Brothers Brass Band
19:00 Larrain dantza eta dantza!
20:00 Taberna ibiltaria

ARRATSALDEA: behereko plaza
15:00 Bertso saioa: Aitor Etxebarriazarraga, Joanes Ilarregi, Maddalen Arzallus eta Nerea Ibarzabal. (familien xokoan)
16:30 Dantza ikusgarria
17:30 Kiki Bordatxo
19:30 Janus Lester
21:00 Willis Drummond
23:00 Dupla
01:00 DJ Üzkülüz

.

________

EGITARAUA (kulturaldia)

AZKEN DANTZA MAISUA

Egileak: Beasaingo dantza taldea/Bira produkzioak

Zer: Dokumentala 75′
Apirilaren 13an, 20:00
Urepeleko Amerikanoenean

Sarrera: 5€ Sinopsia

Molde zaharreko azken dantza maisua genuen Paxatxo, bera izan baita duela 400 urteko erakusketa modua bizirik mantendu duen azken maisua.

Bere heriotzak gogor hunki zuen Beasain, eta azken urteetan oztoporik gabe garai berrietara egokitutako ohiturak, lehen aldiz, etorkizunera begira jarri ditu kezkaz. Ba al da tradiziorik dantza maisurik gabe? Eta, azkena izango ote da?

.

BOLANTE BATEN HISTORIA filma POPO LARREN OROIMENEZ

Lagunduren eskutik
Zer: Filma proiekzioa eta lekukotasunak

Apirilaren 14an, 18:30
Baigorriko Bil Etxean
Urririk

Badu 40 urte aurten Popo, Jean-Louis Larre desagertua dela. Baigorrirekin ta Baigorriko lagunekin sekulako atxikimendua zuen eta manera berezi batez orroitarazi nahi dugu militante horren desagertzea. Dantzaria zen eta Baigorriko Arrola taldean arizana zen dantzan. Antzerkilaria, Xirrixtimirrixti taldean arizana da ere bai. Nahiz eta gazterik joan (hogei ta bat urtetan), sekulako orroitzapenak utzi ditu iparraldeko euskal kultura munduan.

«Bolanta baten historia» Naparra militantearen desagerketa kondatzen duen dokumentala erakutsia izanen da arratsalde apalean eta horren ondotik, Popo aipatua izanen da. Ezagutu dutenen lekukotasun batzuk izanen dira eta, baita ere haren atxemaiteko egin diren ikerketak aurkeztuak izanen dira. Popo bezala desagertu diren militanteak ere aipatuko dira, hala nola Pertur eta Naparra, Euskal Memoria fundazioko kideekin.

.

BIDEA DA BORROKA

Egileak: Beñat eta Unai Gaztelumendi
Zer: Komiki aurkezpen kantatua

Apirilaren 15an, 11:00
Ortzaizeko Menta liburutegian
Sarrera: urririk

“ ‘BIDEA DA BORROKA’ KOMIKIAN GURE BELAUNALDIA ETA GURE MUNDUA NOLA IKUSTEN DUGUN KONTATZEN SAIATU GARA”.

Belaunaldiak txapelketaren espektatiba sakon bizitzen duenez, liburuak BECera doan Martin Artola protagonistaren bidea kontatzen du.

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalera doa Martin, oholtzan kantatzera, egun handiada Martinentzat. Liburuko orrietan zehar tartekatuta, BECera iritsi ahal izateko bizian egin duen ibilbidea ere kontatzen du liburuak: ze jende utzi duen bazterrean, ze zalantza izan dituen, zergatik pasa den bera eta ez beste batzuk, harremanak, prekaritatea, gatazka armatuaren ondoko urteetan haien belaunaldiak duen epika berri baten falta, gizonezkoen pribilegioak.

.

INTXAURRA

Egileak: Mairu Antzerki Tailerra
Zer: Antzezlana
Apirilaren 23an, 18:00 Baigorriko Bil Etxean

Sarrera: 10€ helduentzat

Terexa gaixorik dago, baina bera ez du bere osasun egoerak arduratzen. Etxeko intxaurrondoaren osasunak kezkatzen du. Intxaurrondoak ere gaitza badu. Onddoren batek kalte egiten dio, eta fruituak, kanpoko azal eta guzi erortzen dira lurrera. Azalak intxaurrak ito eta usteltzen ditu. Terexak ez du sendagaiarekin asmatzen. Burutan du bere garaian konponbideren bat aurkitu zuela, baina burua ere galtzen hasia denez, ez du zehaztasunez gogoratzen. Larritasunak, gaixotasunarekin batera, Terexa itotzen du. Gero eta nekezagoa zaio arnasa hartzea.

Terexak tarteka herriko medikuaren eta Xorrotxa, gaztetako adiskidearen bisitak jasotzen ditu. Azken hau, urte luzez atzerrian aberastasunen bila ibili ondoren, berriki herrira itzulia da.

Baina bi lagun hauez gain, bere eldarnio eta ametsetan bertze hiru pertsonaiarekin eginen du topo Terexak. Piarres, bere birraitatxi Ganixen lagun mina, lehen mundu gerran hildakoa, Osaba Miguel, errefuxiaturik zegoela hil zutena, eta Terexaren ama zena azkenik.

Hiru pertsonaia hauen mamuekin Terexaren familiaren historia ezagutuko dugu.

.

FRANCOREN MENDE KANTATZEN GENUENEAN

Egileak: Colette Larraburu
Zer: Aurkezpen kantatua
Apirilaren 28an
Aldudeko Alfaroinian, ostatuak antolaturik

1970eko hamarkadan, Ipar Euskal Herriko emakume eta gizon abeslari batzuk, herritartasun eskubiderik gabeko lekuetan, euskal kantua sartu dute. Bereziki Hego Euskal-Herrian, frankismoaren berunezko txapa jasaiten zuten lekuetan. Zentsura, metrailetak, edo segaden aurrean, ausartu dira zapalkuntza, tortura, kartzelatze eta erahiltzen salatzera beren kantuekin. Hegoaldeko lagunekin edo haien ordez abestu dute, azken hauek abestea debekaturik baizuten.

Liburu hau irakurtzen da, 1950 eta 1975 arteko abestien bidez, Franco hil arte, ondoko urtetara ere urrats batzu emanez. Egia da, Franco hil bada 1975eko azaroaren 20an, frankismoak bizirik iraun duela oraindik. Liburu honen aurkezpenean, gure artean dauden historia honetako eragileek kantu zati batzu tartekatuko dituzte.

.

Ez Dok Hiru + Cumbiam’Bero

Egileak: Tartean teatroa
Zer: Antzezlan musikala
Apirilaren 29an, 20:30 Baigorriko Bil Etxean

Sarrera: 12€ helduentzat

Zenbat euskal kantu ezagutzen dituzu, zahar edo berri? Kalkulua egin duzu inoiz? Ziur gaude uste duzuna baino askoz gehiago direla.

Ikuskizun honetan berrehun baino gehiago agertzen dira (zatiak, noski!) eta denak ez bada gehienak, ezagun egingo zaizkizu. Kanta kopuru ederra erabili dugu, baina aipatu gabe utzi ditugu beste hainbeste kanta eta musikari. Horiek ere estimatu egiten ditugu, lan honetan tokirik aurkitu ez badute ere.

Gure musika ondarea, altxor bat da, gure memoria historikoaren lekuko emozionala.
“Ez Dok Hiru”, kantutegian oinarritutako ikuskizun teatrala da. Gure modukoa, eroa, deskonzertantea, irringarria azalez… Baina azal horren poro bakoitzari gure musikarekiko maitasuna dario.

.

Ez Dok Hiru + Cumbiam’Bero

Egileak: Cumbiam’Bero
Zer: Karrikako animazioa
Apirilaren 29an, 22:00 Baigorriko Ikastolan

Sarrera: Urririk

Cumbiam’Bero kontzertu bat ikusiz segur zarete bestaldi batean parte hartuko duzuela, kolonbiar cumbia tradizionalaren erritmoan murgilduz.

XVI.mendean Kolonbian, lekuko, afrikar eta espainiol eraginen nahasketaz sorturik, Hego Amerika guzira hedatu ondotik AEB-etan eta Europan ezagun egin da joan den mendearen erdian.

Latin-jazz eragineko erritmo beroak, kobre gorriak eta lelo liluragarriak, sekulako mugitzeko gogoa sortzen dute Cumbiam’Beroren kontzertuek.

Nafarroaren Eguna 2023 Nafarroaren Eguna 2023 Nafarroaren Eguna 2023

Helburutzat Baigorriko eskualdean euskarazko ekitaldien eskaintzea forma ezberdinetan: ikusgarri, antzerki, kantaldi, eztabaida, gogoeta…