Nafarroako unionistek eskutik helduta egingo diete aurre abertzaleei

Nafarroako PP eta UPN batu egingo dira datozen hauteskundeetarako zerrendetan. “Bilduri galga jartzeko”, Santiago Cervera PPko buruak hala aitortu du. Nafarroa “Navarra Española” izan dadin, gizaldi eta gizaldietan (amen).

Nafarroa “lur anitza” dela iragartzen dute turismo iragarkiek. Argi dago, ordea, aniztasuna menpean nahi dutela.

Azaroaren 20an UPN eta PPk zerrenda bakarra osatuko dute, nortzuk eta orain hiru urte eskas banatu ziren horiek. Nafarroaren izenean dela argudiatuko dute, baina beste behin helburu gorena dute  buruan: Nafarroa Espainarra euskaldunen atzaparretatik babestea, kosta ala kosta.

Bitxia gainera oraingoan gertatutakoa. Euskaldunekiko sinpatia izateaz susmo gutxi duen Miguel Sanz presidente ohia izan da PP-UPN bikotea saihestu nahi izan duena. Halaxe salatu dute La Gaceta egunkari ultraespainiarrean ere, Sanz txapelarekin marraztea besterik ez zaie falta izan. Azkenean, haren hitzen gainetik egin du bere alderdiak, beste behin, funtsezkoa bermatuz.

Bilduk Aralarrekin lotutako akordioak urduri jarri ditu unionistak. Ez da gutxiagorako ere: azken hauteskundeetan botoen ia herena eskuratu zuten NaBai 2011 eta Bilduren artean. Hauteskunde Orokorretan Bildu UPNtik hurbil izateko aukerak alarma gorriak piztu ditu. Baina, horretarako, epe motzerako konponbide eraginkorrena hartu dute: navarristen batasuna.

Tema hori unionistek aginte politikoa mantentzeko egiten dituzten ahalegin mundialekin frogatzen da. Eta, hemen, unionista guztiek dute itxura bera: PSNri Madrilen agindu zioten 2007an NaBai-tik urrun ibiltzeko, 2011n UPNk PSNren besotik hartu du gobernua, eta, azkena, azarorako UPN eta PPk haien ezinikusiak gorde dituzte helburu gorenaren mesedetan. Santiago Cerberak esana, “Bilduri galga jartzeko”. Bildu esan beharrean “Nafarroa goialdean ditugun euskaldun burugogorrak” esan zezakeen noski.

 

Gara egunkarian Ramon Solak zerrendatu ditu azken urteetan jomuga bera izan duten beste hainbeste ekimen. Euskal kulturaren usaina duen oro kontrolpean mantentzeko saiakerak etengabeak dira lurraldean. Lur anitzaren zati handi bati hesiak jarriz, lur basati horietako indigenak oinpean izanez, eta, jakina, hedatu daitezen galaraziz. Nafarroa Espainiarra in saecula saeculorum

Lur anitza? Haiengatik balitz, bai zera! Selektah Kolektiboaren abesti biribilak laburbiltzen du doinu garratzez Nafarroako auzia: “Baduzue bihotzean arazo larria, ez duzuela gustuko bizi zareten herria”.

 

2 pentsamendu “Nafarroako unionistek eskutik helduta egingo diete aurre abertzaleei”-ri buruz

  • Benetan serio sinets al dezake inork Nafarroan Bilduren beldurrak jota egin duela Barcinak egin duena? Garbi zegoen, orain hiru urte duela, Sanzek egin zuena ez zela Barcinaren gustukoa, eta berak ahal bezain pronto berriro josiko lituzkeela PP eta UPN arteko jostura-urratuak. Bildurena Barcinaren ahoan agertu izana aitzakia hutsa izan da UPNren barneko mamuak inarrosteko.

  • Amonamantangorri 2011-09-11 03:11

    Bixentek arrazoi du. Barcinak ez omen zuen begi onez ikusi UPN PPtik aldentzea, eta orain urak arrastoan sartu nahiko ditu. Gainera, dama handi horrek nola utziko du ba bere doaiak alperrik galtzen probintzietako alderdi batean, Madrileko bidea moztuta?

    Beharbada, Sanzen ildoak nahiago zuen alderdiak autonomia izatea. Antza, UPNk Madrilen botua bere kasa, PPri men egin gabe, ematen zuelako hasi ziren haien arteko istiluak. “La voz de Navarra en Madrid” izan zuen lematzat UPNk hauteskunde haietan; beraz, badirudi nolabait EAJk, CIUk edota CCk egin ohi duten jokoa erabiltzearen alde zeudela: gobernuaren alde nahiz kontra aritu, “nafar interesen” arabera.

    Hala ere, nik uste, nafar abertzale eta euskaltzaleek lor dezaketen indarrari beldur pixkat ere badiote. Denetatik egon liteke.