Nafarroako Hezkuntzako oposizioa murrizketaz josia dago
Nafarroako Hezkuntzako oposizioa murrizketaz josia dago –
Nafarroa Garaiko Hezkuntza Publikoaren interinitate tasa % 54ra iritsi da; Kontuen Ganberak berriki adierazi duen bezala, 2018tik 7 puntu egin du gora. Sistema honek nabarmen huts egiten du langileak kontsolidatzeko, azken urteotan irakasle gehiago jubilatzen baitira, funtzionario bilakatzen direnak baino. Hau ez da kasualitatez gertatu, bitarteko langile kopuru handiekin errazten baitira pribatizazioak eta kaleratzeak.
2010etik aurrera oposizioak asko murriztu ziren. 2011n ingeleseko espezialisten deialdia egin zen, espezialista horiek PAIko tutore gisa erabiltzeko helburuarekin. 2014ko epai batek iruzur hori debekatu zuen eta geroztik, Hezkuntza Departamentua saiatu da Estatu espainiarreko legedia aldatzen ingeleseko betekizuna oposizioetan eskatzeko. Hori lortzen ez duen bitartean, oposizioak oso lanpostu gutxirekin atera dira eta aterako dira.
Hortaz, urrian aurkeztu zuten oposizioaren aurreikuspena oso mugatua zen, aintzat hartzen badugu interinitate tasa. Hala ere, Departamentuak ez zuen deialdia argitaratu nahi, ikusi arte zer gertatzen zen Madrilgo Kongresuan interinitatea jaisteko legearekin.
Azaroaren 25ean Hezkuntza Ministerioan bildu ziren autonomia erkidego guztiak, eta jakinarazi zitzaien lege-proiektu horrek Hezkuntzan edukiko zuen eragina. Hori jakin ondoren, Departamentuak erabaki zuen aurreikusitako LEPa % 18an murriztea, eta euskarazko bi espezialitate kentzea. Lege-proiektuaren arabera, merezimendu-lehiaketa irekiak antolatuko dira eta baldintzak betetzen dituzten guztiek izanen dute aukera aurkezteko antolatuko diren lehiaketa guztietan. Ageri denez, prozedura horrek ez du bermatuko administrazio jakin bateko langile interinoak kontsolidatzea.
Deituko den oposizio murriztuak ez du interinitatearen arazoa inondik inora konponduko baina, behartuko ditu langile guztiak aurkeztera, badaezpada. Horri gehitu behar zaio kontratazio zerrenden kudeaketa zitala, lotua dagoelako oposizioarekin: langile gehienek probak prestatu beharko dituzte lanean jarraitu nahi izanez gero, ez funtzionario bihurtzeko, alegia.
Lege-proiektua onetsiko duten alderdien artean, hiruk osatzen dute Nafarroako Gobernua: PSOE, EAJ (Geroa Bai) eta Podemos. Haien esku gelditzen da legea hobetzea, eta merezimendu-lehiaketa mugatuak ezartzea, Nafarroa Garaiko zerbitzu publikoak aurrera atera dituztenak haien lanetan egonkortzeko. Bidenabar, ezinbestekoa da PAI indargabetzea eta egiturazko lanpostu guztiak lehiaketara ateratzea, interinitate tasa % 8ra mugatu nahi bada.
Nafarroako Hezkuntzako oposizioa murrizketaz josia dago