Nafarroako haur-eskolek ez dute ez kalitaterik, ez duintasunik

Nafarroako haur-eskolek ez dute ez kalitaterik, ez duintasunik –

Azken hilabeteetan egiten ari garen mobilizazio guztiek argi eta garbi adierazten dute gaur egun, Nafarroako haur-eskolek ez dutela ez kalitaterik, ez duintasunik.

[Atzoko elkarretaratzean irakurritako manifestua].

Nafarroako haurrek, herritar gisa, ez dute bermatuta kalitatezko hezkuntza publikorako duten eskubidea. 0-6 etapa borondatezkoa izanik, 3-6a doakoa da, baina 0-3a garestia eta elitista da.

Eskoletan bizi ditugun baldintzak lotsagarriak direla jakin beharra dago. Haur eskoletako langileok gure lan- praxia eta osasun mentala baldintzatzen dituen estres-maila pairatzen dugu. Bizitzaren garestitzea jasaten uzten ez digun soldata prekario baten truke egiten dugu lan. Gutako asko, gehienok ez esatearren, gure autonomia baldintzatzen duen pobrezia maila batean gaude. Mobilizazio sozialak bakarrik eramango gaitu aldaketara, baina konformismoak ezegonkortasunean eta ikusezintasunean mantentzen gaitu. Esnatu egin behar dugu!

Nafarroako haur-eskolek ez dute ez kalitaterik, ez duintasunik
Argazkia: Diario de Noticias.

Bide luzea egin dugu. Nafarroako 0-3ko egoera aztertzeko, alderdi politikoei, hezkuntza departamentuari eta kontseilari jaunari aukera berri bat eman nahi izan diegu. Bide honek fruiturik eman gabe jarraitzen du, eta lotsagabeki gaitzesten gaituzte berriro ere. Gimeno jaunak ez du erantzun ere egin biltzeko egin dugun eskaerari. Non dago Hezkuntzako kontseilaria egoera honen aurrean?

Hezkuntzako Estatu Idazkaritzaren 2021eko abenduaren 23ko ebazpenak ezartzen duenez, haur-eskolek plaza irisgarriak, eskuragarriak, inklusiboak eta kalitate handikoak izan behar dituzte. Ba al dakizue zein den plaza horiek sortzeko biderik onena? Lehen zikloa Nafarroa osorako doakoa izatea, langileen lan-baldintzak nabarmen hobetzea, gure lanaren erantzukizuna aitortuz, eta ratioak jaistea edo egungo langileak bikoiztea.

Eta, horretarako, negoziazio mahai bat eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari. Horrela bakarrik izango da posible 0-3 duin bat, Europako eskakizunei erantzungo diena, eta ez Hezkuntzako kontseilariak bigarren zikloko eta lehen hezkuntzako ikastetxeetan bi urteko gelak sortzearen inguruan iragarri zuena.

Okerrera goaz, Gimeno jauna, baina ez dugu onartuko zikloaren zatitzea eta Nafarroako etorkizuneko jendartea arriskuan jartzen duen curriculuma inposatzea.

0-6 dekretu berriak gaitasun digitalaz, eleaniztunaz eta konpetentzia ekintzaileaz hitz egiten digu, besteak beste. Horrek lehen zikloaz eta honen beharretaz ezer edo ezer gutxi dakitela erakusten digu, eta, gu arlo horretan adituak izanik, betoa jarri zaiola gure parte-hartzeari. Gu harro gaude haurtzaroa zaintzeaz, heztea zainduz hasten baita.

Kaos honetan guztian, badakigu Nafarroak 1173 plaza berri sortuko dituela ia 12 milioi euroko aurrekontuarekin, baina egungo haur eskoletara ez dela ezer iritsiko. Hau 0-3ari bideratutako beste eraso bat da eta ez gaude onartzeko prest!

PSNk ez gaitu aintzat hartzen, mespretxatu egiten gaitu, tratu txarrak ematen dizkigu eta guk ezin dugu gehiago jasan! Modu batera zein bestera saiatu gara, eta greba baino beste aukerarik ez digute uzten. Benetan funtsezko zerbitzua bagara, has daitezela baldintza honen baitan tratatzen, ez baitugu haien konplize izaten jarraitzeko asmorik!

HAUR ESKOLEN DUINTASUNAREN ALDE!!

Nafarroako haur-eskolek ez dute ez kalitaterik, ez duintasunik

Haur eskola duinen alde