Nafarroako Erresumaren Mendebaldeko lurraldearen konkistari buruzko hiru kontakizun
Nafarroako Erresumaren Mendebaldeko lurraldearen konkistari buruzko hiru kontakizun –
Historiak Pirinioetako nafar dinastiaren oroimenaren eta asmoen oroitzapen nahikoa utzi digu, euskal Estatu nazionala sendotzeko ahalegin etengabeetan. Antso Jakitunaren eta Henrike I.aren erregealdien arteko ehun urteko historiak ikerketa arduratsua merezi du, Euskal herriaren destinoetan duen garrantziagatik. Baina, bereziki garrantzitsuak izan ziren 1200 inguruan gertatutakoak.
Nafarroako erresumak, estatu guztiek beti egiten dutena egin zuen, bere gizartea nazionalizatu zuen nolabait eta, nazionalizazio eta sendotze prozesu horretan egonda, 1200. urteko gertaera lazgarriak gertatu ziren. XIII. mendea euskal zatiketarena izan zen. XII. mendearen erdi aldera Errioxa eta Haroko jauntxoek kontrolatutako egungo Bizkaiko zatia Gaztelara pasatu zen, Gaztelak Nafarroak baino lurraldearen kontrol feudala malguago eskaintzen baitzien. Egoera hori aprobetxatuz, 1199an Gaztelak Nafarroako erresumaren aurkako erasoaldia hasi zuen, Gasteizko hiribildua setiatu eta errenditu zuen, eta Durangaldea eta Nafarroako kostalde osoa konkistatu zituen, erresuma itsasorako sarbiderik gabe utziz.
Konkista horietatik abiatuta, geroago Euskal Probintziak (Vascongadas) deituko denaren instituzionalizazio prozesu gaztelarra hasi zen. Horren ondorioz, etnia (hizkuntza) eta antolaketa politikoaren arteko zatiketa sortu zen. Eta horrela, Nafarroa independenteko euskaldunek izendapen politikoa (nafarra) erabiltzen jarraitzen zuten bitartean, konkistatutako lurraldeetako biztanleak ez ziren gaztelarrak, euskaraz hitz egiten zutelako, baina ezin zuten nafar izaten jarraitu eta izen linguistikoa erabili zuten euskaldun (euskal-basko) soil bezala geratuz. Horrela konformatu zen euskaldunen eta nafarren arteko lehen ezberdintasun eta bereizketa (magiar-hungariarren artean, edo lusitaniar-portugaldarren artean egon daitekeen bereizketa bera).
1200eko gertakariek oso ondorio garrantzitsuak dituzte gure herriaren egungo egoera politikoan. Gaur egun ezagutzen dugun Euskal Herriaren zatiketa politiko eta mentalaren kausa eta jatorria da, erabakiguneetan islatzen dena, dela administrazioan, dela legeetan, dela hizkuntza politikaren aplikazioan, dela lurraldearen antolaketan, dela sinboloetan, baina batez ere identitatearen gaian. Eta horrela, menderatzaileak Euskal Herriko herritarrei ezartzen dizkien parametroak hauek dira: euskaldunak eta nafarrak, euskaldun abertzaleak eta ez nazionalistak, nafarrak eta frantsesak, nafarrak eta euskaldunak …
Horregatik da garrantzitsua 1200. urteko gertaerei buruz eraiki ziren kontakizunei aurre egitea eta ekitea, gure herri urratuaren egungo egoera politikoaren alderdi nabarmenak argitzen baitituzte. Funtsean, 1200eko gertakari historikoen eta haien ondorioen interpretazio eta kontakizun desberdinak batez ere hirutan sistematizatu egin daitezke.
I- ITUNAREN BERTSIOA
XIII. mendeko testuak, 1200. urteko gertaera historikoak kontatzen dituztenak, sei dira (horietako bost Gaztelakoak dira, bat Leongoa), eta horietako bakar batek ere ez du aipatzen inbasioaren amaieran itun edo borondatezko amore-emate bat tartean egon zenik. Gauza bera gertatzen da XIV. eta XV. mendeetako Nafarroako kronikekin. Gaiari buruz ez dago ezer idatzirik XVI. mendearen bigarren erdira arte.
Esteban de Garibay da lehen aldiz kontatzen duena nola inbasioaren unean gipuzkoarrek, ustez Nafarroako erregeak urratutako foru-hauste ezezagunek minduta, beren fideltasuna Gaztelako monarkaren esku uztea erabaki zutela. XVII. mendearen erdialdean Gipuzkoako Batzordeek halako hitzarmena jasotzen zuen dokumentua aurkitzen zuenari sari bat eskeintzen zioten, eta Lupián Zapata, elizgizon eta kronikari espainiarrak, ustezko dokumentuaren kopia bat aurkeztu zuen. Halarik ere, begi bistan zen iruzur baldarra zela eta ondorioz, kopia hori ez zen benetakotzat onartua izan. Geroago, XVIII mendean Landazurik Garibairen argudiaketa hartu eta, aldaketarik gabe, Arabara eraman zuen. Beraz, tradiziozko ustea izan da Araban Gaztelaren agintea eta nagusitasuna aldez aurretik Arabako nobleek negoziatu zutela, Nafarroako erregeek bultzatu zuten hiribildu-sorrera politikaren aurka atsekabeturik.
Garibairen ondorengo mendebaldeko Nafarroako historiografiak, konkista, pentsamendu foralistaren berezko egia dogmatikoen sekuentzian kokatu zuen; hau da, arabarrak, bizkaitarrak eta gipuzkoarrak (garai hartan kantabriarrak deituak), herrialdeko lehen biztanleak izan ziren, inoiz inork konkistatu ez zituenak eta beti independienteak izan zirenak. Musulmanen konkistaren ondoren, lurraldeak edozein agintaritik aske mantendu ziren, aro bisigotikoaren berezko independentzia-egoerarekin jarraituz. Beren artikulazioa Iruñeko Erresuman federatiboa eta itundua izan zen, ondoren Gaztelan integratzea ere hitzartu zen jatorrizko Zuzenbide propioari eutsiz. Hortaz, erregeek ezin zuten foru-lurraldeen estatusa aldebakarrez aldatu, horiek aldatzeak itun berriak eskatzen baizituen. Interpretazio honen arabera, Gaztelarekin egindako ituna berdinetik berdinerako ituna da, eta horrek probintziak beren borondatez federatutako ia estatu bihurtzen ditu, jatorrizko foruak aitortzearen truke.
Baina kontakizun honek ezkutatu egiten du euskaldunek Nafarroako Erresuman izan zuten batasun politikoa, eta, ondorioz, 1200. urteko konkisten ondoren banatzea justifikatzeko balio du funtsean, zatituta eta barruan elkarren aurka jarrita mantentzeko, eta, azken batean, bi erkidego (nafar eta euskal) izatearen isilbidezko onarpena da. Baina egoera juridiko-politiko anbibalenteari eutsi behar zitzaion, betiere Gaztelaren menpekoa, ondorio politiko hori onar zedin: batetik, ezin zuten nafarrak zirenik esan, goi mailako traizio-delitua zelako; bestetik, konkista onartzeak ezinezkoa egiten zien itunaren teoria burutzea. Beraz, itunaren teoria adosteko eta borobiltzeko, denbora pasa ahala, nagusituz joan zen ideia ezen 1200. urtea baino lehen independienteak zirela eta data hartan, edo handik gutxira, Gaztelarekin berdinetik berdinera ituna adostu zutela.
Horrela joan zen eratzen eta mamitzen foralismoa. Honen ezaugarririk bereizgarriena autogobernuaren esperientzia da, herrialdeetako gobernari kastek erabilitako paktismoaren praktikan oinarritutako ideologia baten bidez gauzatua, ez subiranotasunaren ideologietan. Eskuarki, konfrontazioaren edo gatazkaren kultura herrien identitatearen oinarri moldatzailea izaten da. Foru-tradizioaren kultura, aitzitik, elkarren arteko (eskualdeko Gobernuaren eta Espainakoaren arteko) leialtasunean eta elkarrekiko konfiantzan oinarritzen da, hots paktismoan; eta biztanleriak bere nortasuna gauzatzeko (eta zaintzeko) modu “normala” zela onartu zuen. Beraz, foru-tradizioak euskal lurralde historikoak politikoki espainiar izateko modu bereizi gisa eratu zituen, hots, Gaztelako Koroaren barruan euskal nazioaren “sui-generis”-baieztapen gisa. Foru-tradizio hau prozesu historiko baten emaitza da, non itunaren eta elkarren arteko leialtasunaren bitartez euskal identitate politikoa espainarrarekin bateragarria egiten eta ondorioz elkarrekiko harremanak ustez sendotzen baitira. Baina prozeso historiko guztietan gertatzen diren bezela, denboraren igarotzeak hazkunde eta krisi uneak eragiten ditu. XIX. mendean behin betiko krisian sartuko da eta azkenean ia osorik desagertuko. Horrek guztiak identitate politikoaren krisi larriak ekarri zituen herrialdeko sektore handietan, eta honekin batera euskal nazionalismoaren sorrera eta hedapena.
II- GAZTELARREN BERTSIOA
Rodrigo Semenez Arradakoa (1170-1247) Toledoko apezpikua izan zen bertsio hau sortu eta bultzatu zuen pertsonaia nagusia. Arradakoa Gaztelako mitoen sorkuntzan funtsezko egileetako bat izango da eta berak dioenaren arabera “Alfontso errege nobleak, Nafarroako erregearen irainak mendekatu nahian …. Ibida eta Araba inbaditu zituen eta Vitoria setiatu egin zuen…”. Garesen jaioa, kultu eta jakintsua, “el Toledano” ezizenez ezagutua, Toledoko apezpikua izana, garai hartan itzal handia izan zuen Alfontso VIII.aren eta Fernando III.aren erreinaldietan. Garesko apezpiku nafarrak garai hartako potererik handiena zuten agintariekin (Aita Santuekin eta Erregeekin) sarbide zuzenak zituen, musulmanen aurkako borroketan sustatzen, planifikatzen eta esku hartzen (horien artean, Navas de Tolosa-koa), eta Gaztelari une hartan behar zuen kontakizun hegemonikoa emateko adinako adimena zuen. Bera izan zen Gaztelari bere lehen identitate politikoa eman ziona, Gaztelako entitate politikoaren sorrera historikoaren lehen ideologoa. “De Rebus Hispaniae” eragin handiko liburua idazterakoan, Espainiako historia, Iberiar Penintsula osoko historia eraiki nahi zuen, erreinuen zatiketa alde batera utzita. Bere Espainiako historiaren ikuskera tesi neogotikoaren sistematizazioa da: godoek Espainiako batasuna irudikatu eta proiektatu zuten, beraiek Espainako moldatzaile, sortzaile eta forjariak izan ziren, eta ondorioz haien erreinua jarraitu beharreko eredua zen, eta prozesu horren barruan Gaztelako Koroa bere bultzatzaile sutsu bihurtzera deitua izan zen. Labur esanda, Gaztela-Leon-Espainiako zentralismoaren dibulgazio lana da. Arradakoak, Gaztela Penintsulako potentzia nagusi bihurtu zen urteetako historiaren eskribau izan zenak, kontakizun hegemoniko bat eraikitzen jakin zuen, etorkizuneko arrakasta argudio ideologiko eta politiko indartsuekin oinarrituz. Geroago Alfonso X-k azken pausoa eman zuen, Arradakoaren lana Espainiako Historian konpilatzen, historialarien belaunaldien inspirazio iturri gaur arte bihurtuz.
Gaztelako bertsioari espainiarrek azken ikutua eman zioten Konbentzio gerraren ondoren. Orduan Godoyk pentsatu zuen Foruak eta sustatzen zituen iraganeko ikuspegi oro “estatu arazo bat” zela, eta horretarako, garai hartako historialari onenen esku utzi zuen planteamendu paktisten faltsukeria (“borondatezko amore-emate” edo foralistak) erakuts zezaten. Llorente izan zen zentralismoaren dogmatika berria ezarri zuen historialari talde honen buru. Dogmatika berria puntu hauetan datza:
1- Ez dago eta ez da inoiz egon euskal herritarren barne batasun polikorik.
2- Nafarroako Erresumaren errealitatea Europako Estatu gisa irmoki ukatzen da.
3- Gaztela da penintsula osoan zilegitasun politikoa duen Estatu bakarra, eta hemendik bere betiereko batasuna ondorioztatzen da.
4- Nafarroa menpeko Erresuma gisa jaio zen eta beti Leon eta Gaztelaren menpe.
5- 1200an ez zen itunik izan, konkista baizik.
6- Foru-Zuzenbidea ez da jatorrizko Zuzenbidea, espainiar erregeek emandako kontzesio unilateralak baizik, eta horregatik alda edo ken ditzaketela egoki iruditzen zaienean.
7- Halaber, Asturias-Leongo erresumak hasieratik bere eskumenean izan du Arabako konderria, Gipuzkoa barne.
Horregatik guztiagatik, Iruñeko errege-erreginen kontrola ohiz kanpokoa eta probintzien ageriko patu historikoaren aurkakoa izango litzateke, ezbehar historiko oker eta gogaikarria. Hortik ondorioztatzen da Nafarroako Erresuman XII. mendeko Gaztelako okupazio saiakerak edo 1200. urteko konkista bera lurralde berreskuratze bat izango zirela, azken finean, errekonkista bat. Zehazki, itunari dagokionez, 1200ko konkistan ez dute inolako hitzarmen, ez bake plebiszito edo integraziorako akordioren zantzurik ikusten; besterik gabe, azken finean jatorrizko etxerako itzulera izango litzateke. Espainar historialari askok ados daude interpretazio honekin: Menendez Pidal, Sanchez Albornoz, García Cortazar…
III- NAFARREN BERTSIOA
Bertsio honek dio inbasio eta konkista militar bat izan zela, nafarrek inoiz onartu ez zutena. Gaztelak 1200. urtean Nafarroa Mendebaldeko lurraldeak inbaditu zituenean, euskaldunen Estatua zatitu zuen, eta ondorio larriak izan zituen Nafarroarentzat, lurrak, gizakiak, baliabideak eta itsas fatxada galduz. Aurrerantzean, Nafarroako Erresuma oso ahulduta geratu zen eta, inolako zalantzarik gabe, esan daiteke 1200. urteko konkista 1512koaren atarikoa dela.
Gainera, 1200ko konkista Europan sakoneko aldaketak mamitzen ari ziren garaian gertatu zen. Aldaketa horrek, 1000tik aurrera hasita, merkataritza eta eskulangintza jarduerak bultzatu zuen gune ekonomiko berrien sorrera. Ondorioz komunikazio ardatzak izugarri ugaritu ziren Europako eskualdeen arteko erlazioa ahalbidetuz. Iberiar Penintsula Mendebal Europarekin lotzen zituen merkataritza-bideak itsas fatxadan kokatzen hasi ziren; Atlantikoko ardatza indartsuena izango da eta Kantauri itsasoan jarduera izugarri bizkortuko da. Eremu horietako lur okupazioa areagotuko da eta nekazal ustiapenarekin batera merkatal eta artisau enpresa berrien garapena. Inbaditzaile gaztelarrak Nafarroari bere itsas fatxada, merkataritza portuak eta itsasgizonak kentzeaz gain, itsasontziak eta armak eraikitzeko egurra, burdina eta harria lantzen duten artisauak ere kendu zizkion. Horregatik, konkista horren ondorioz, kualifikatutako biztanleria eta lurralde osoaren herena murriztu zen, baita itsasorako zuzeneko sarbidearen galera eta Itsaso-aurrealdearena ere. Galera hauekin batera, lurraldearen ahultasuna konpentsa zezakeen thalasokrazia bat eraikitzeko aukerak (holandarrak eta portugaldarrak eredu) galdu ziren.
Beraz, 1200 urteko datak independentzia galeraren benetako hasiera ekartzen du, izan ere, Nafarroako Estatuaren garapen berezkoa eta naturalaren aukera eragotzi eta ezinezko egiten zuen bitartean, Gaztelak, aldi berean, haren fagozitazioa eta kolonizazioa bultzatu zituen, sustrai kultural berbera zuten pertsonak bananduz, eta euskaldunen arteko erlazioak gaurko egunera arte definituz. Beraz, nafarren iritziz, inbasioa, konkista, zatiketa, lapurreta eta okupazio gaztelar militarra izan ziren. Ez zen inolako “borondatezko amore-emate”-rik izan, ez itunik, porrotaren ondorengo armistizioa baizik. Mende askotako okupazioan etengabe gauzatu den memoria historikoaren manipulazioak espainiarren eta foralisten desitxuratze historiko ofizialak ekarri ditu.
Nafarroa Europako estatu bat da, euskal batasun politikoa, euskal Erresuma, 1016, 1127, 1177 eta 1190ko nazioarteko itun desberdinek edo Codex Calixtinus-ek adierazten eta probatzen duten bezala. Aipaturiko hitzarmenek, legeek eta foruek, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Errioxa nafar lurraldeen izaera jasotzen dute, bai eta bertako biztanleena ere. Probintzi edo lurralde hauek ez ziren halakotzat existitzen, eta bertako naturalak nafarrak ziren. Lurralde batasun eta osotasunaren haustura Gaztelak Nafarroarekiko izandako jarrera gerrazale eta oldarkorraren ondorioa izan zen, nazioarteko hitzarmenen aurkako bidegabekeria onartezina, eta ondorioz, konkista, okupazioa eta menpekotasuna erakarri eta gauzatu zituena.
Txapo! Itzela geure historiaren atal honen laburpena. Zehatza eta argia.