Nafarroako deabrua

Nafarroako deabrua –

Nafarroa Garaian eskela gehien saltzen dituen egunkariak bere maltzurkeriaren bi adibide argigarri eman dizkigu azkenaldian. Hondarrekoa atzo berean izan zen, Altsasuko manifestazio erraldoiaren karietara. Nafarroan inoiz egin den manifestazio jendetsuenetarikoa izan zen; Iruñetik kanpo egin den handiena ezbairik gabe. Eta, hala ere, Nafarroako egunkari dekano eta hegemonikoari ez zitzaion sobera garrantzitsu iruditu. Haren argazkiaren ordez, pintxo asteari buruzko bat sartu baitzuen; taberna giroko irudi bat, alegia.

Nafarroako deabrua

Baina ezin erran Altsasuko manifestazioaren tamainaren berri eman ez zuenik. Barruan, orrialde oso bat eman baitzion gaiari, argazki panoramiko bat barne.

Nire ustez, aurreko asteko bertze adibide batek hobeki azaltzen du Nafarroako kazeta zaharrenak errealitatea desitxuratzeko duen joera eta trebetasuna. Iruñeko Labrit aldapan bada burdinazko zubi handi bat, UPNren aginduz 2010ean ireki zutena. Legealdi honetan, zubia itxi behar izan dute, oso egoera kaskarrean dagoelako, herdoilduta arras. Bada, hainbat txosten tekniko oinarri hartuta, Udalak orain erabaki du zubia desmuntatzea, erortzeko arrisku handia dago eta.

Iragan astean hasi ziren desmuntatze lanekin, eta hedabide zintzoek erakutsi zituzten argazkietan argi eta garbi ikusi zen herdoilak erabat txikituak zituela barneko xafla meharrenak. Eta zein argazki mota aukeratu zuen UPNren gertuko kazetak? Urrutiko argazki bat, noski.

Eta hau guztia kontatzen dizuet Diablo de Navarra izeneko ekimena martxan jarri dutelako ez asko. Gipuzkoan El Diario Fatxok egiten duena Nafarroara ekarria, Nafarroako deabruzko berripaperaren gezur guztiak mahaiagaineratzeko asmoa duena.

Eta hau guztia kontatzen dizuet kontu honek zalantza asko sortzen dizkidalako. Zer da hobea?, gezurretan ari dena agerian utzi ala zuk zure informazio zintzoa zabaldu? Geure baliabideak bideratu beharko genituzke etsaiaren hedabideen aurka ala geure hedabideak indartzearen alde? Arreta guztia duenari arreta handiagoa eman beharko genioke ala arreta ez duenari kasu egin? Nik ez daukat argi.

Zuek zer uste duzue?

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko martxoaren 26koa]

 

Nafarroako deabrua

Iruindarra Iruñean. Kazetaria @LABnafarroa sindikatuan. Irakaslea 'stand by' batean. Kolaboratzailea @fm983irratia n. Ekintzailea @ekonafarroa n.

2 pentsamendu “Nafarroako deabrua”-ri buruz

  • Guk erraz antzematen dugu Diario de Navarraren manipulazioa. Aipatu dituzun adibideak ikusi besterik ez dago, interesatzen zaiena erakutsiko dute eta interesatzen ez zaiena ezkutatuko dute. Haiek ere gauza bera pentsatuko dute, ordea, guk objektibotzat dauzkagun komunikabideengatik. Ez dut uste inor neutrala denik. Nik nahiko garbi daukat, “aurkaria” agerian uzteko modurik onena norberak berea besteak baino hobeto egitea da. Zintzotasunak ematen du arrazoia.

  • euskaldun bat 2019-03-28 23:11

    Egunkari honen sortzaileak: Silvestre Goicoechea Atáun, Pedro Irurzun Arregui, Mauro Ibáñez Arlegui, Fermín Iñarra Echenique, Cecilio Azcárate Lana, Pedro Arraiza Baleztena y Serapio Huici Lazcano. Denak euskal abizenak. Hori da Nafarroaren tragedia, euskaldunon tragedia!