Nafarroako aurrekontuak: hitzetik ekintzetara pasatzeko aukera

Nafarroako aurrekontuak –

Politikan hitzetik ekintzara doan tartea neurtzeko modu bat da aurrekontuak aztertzea. Aurrekontuen eltzea sutan jarrita erabakitzen da non bukatzen den erretorika politikoa eta non hasten diren benetako konpromisoak.

Hurrengo urteko aurrekontuak, onartzen badira, hamargarren aldiz aterako lirateke aurrera alderdi politiko berberen botoekin. Agintera iritsi eta egiten dutenari buruz kontuak ematen hasteko gobernuek eskatu ohi dute ehun eguneko epe bat. Beraz, UPNren eta PSNren aldietatik jasotako ondarearen edo zamaren aitzakiak honez gero ez du balio.

Horregatik, Nafarroako aurrekontu politikari buruz hausnarketa egiteko unea dugu. Gure iritziz ondorio bat begibistakoa da: funtsean politika ez da aldatu, izan ere azken urteetan gobernua aurrekontuetan eta fiskalitatean UPNk irekitako arrastotik oro har ez baita aldendu. Horrek dakarren inbertsio publiko apala, esaterako, dago osasungintza publikoan, etxebizitza politikan eta zaintza sisteman ageri diren hutsuneen erroan.

Horrela, urtez urte zerga-sistema injustua finkatu da, zeinaren emaitza diru-bilketa urria den. Sistema hau gero eta argiago langileriak sostengatzen du, eta gero eta gutxiago enpresen etekinek. Hau da ezkerrak saihesten duen auzia: aberastasunaren banaketari buruzko eztabaida.

Hala ere, ez dirudi inola ere Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk politika hori aldatzeko asmoa dutenik. Iazko aurrekaria harrigarria izan zen: PSNk, Geroa Baik, Contigo Zurekinek eta EH Bilduk adostu zuten zerga-erreforma UPNk ere babestu zuen. Javier Esparzak berak esan zuen erreforma harekin oso pozik zegoela, eta UPNk aldeko botoa emango zuela. Alabaina, azken orduan erreformaren kontra jo zuen Ibarrola Iruñeko alkatetzatik kendu zuen zentsura mozioa zela eta.

Nafarroako hurrengo aurrekontuak negoziatzen ari diren alderdi politikoek aukera ederra dute oraintxe erakusteko beren diskurtsoa eta egiten duten politika bat datorrela. Nafarroan bi lan-gatazka bizi ditugu, zahar-etxeetako lehen hitzarmenaren aldekoa eta hezkuntza publikoko grebak, eta aipatutako alderdiak (irakaskuntzan PSN izan ezik) gatazkan jatorrian dauden aldarrikapenen alde agertu dira.

Urriaren 23an adinekoen egoitzetako langileak 22. greba eguna egitera deituta daude; helburua da lehenengo aldiz Nafarroako hitzarmena lortu eta estatuko hitzarmen negargarriaren menpetik ateratzea. Aldarri hau babestu dute alderdi politiko horiek; areago, Parlamentuan aho batez ebazpen bat onartu da horixe adierazteko.

Hilaren 29an, berriz, irakaskuntza publikoan bigarren greba eguna dago deituta, irailaren 26an arrakasta izan zuen lanuztearen ondoren. Geroa Baik, EH Bilduk eta Contigo Zurekinek iritzi publikoaren aurrean grebara daramaten aldarrikapenekin bat egin dute.

ELAk uste du sindikatuen eta gizarte-mugimenduen eginkizuna dela langileak mobilizatu eta aktibatzea. Orain alderdi politikoek gauzatu behar dituzte aldarrikapen haiek. Euren esku dago 2025eko Nafarroako aurrekontuetan baliabideak jartzea zahar-etxeetako lehen hitzarmen nafarra lortu eta kalitatezko hezkuntza publikoa berma dadin.

Bestelako aurrekontuak galdegiteko unea dugu. Datozen asteetan bi greba horiek aurrekontuen negoziazioarekin batera garatuko dira. Guk kaletik egingo dugu indarra; alderdiei, berriz, eskatzen diegu hitzetatik ekintzetara pasa daitezela.

Nafarroako aurrekontuak

ELAko koordinatzailea Nafarroan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude