Nafarroako Administrazio Auzitegiak berriz erabakiko du hizkuntz profil baten inguruan

Nafarroako Administrazio Auzitegiak berriz erabakiko du hizkuntz profil baten inguruan –

NAFARROAKO ADMINISTRAZIO AUZITEGIAK BERRIZ ERABAKIKO DU HIZKUNTZ PROFIL BATEN INGURUAN

Nafarroako Administrazio Auzitegiak eremu mistoko udalen eskumenak murriztu ditu, euskarari dagokionez, inolako oinarri juridikorik gabe. Berariaz baliogabetu ditu Euskararen Ordenantzek euskararen baloraziaz zehaztutakoak, eta, praktikan, bereganatu egin du udalek hizkuntza eskakizunak onesteko duten eskumena, azken hitza berak baitu.

Zizur Nagusiko Udaleko plantilla organikoa izan daiteke hurrengo biktima: pertsona batek errekurritu egin du, ezeztatu nahirik obretako beharginaren lanpostu batean ezarritako euskarazko B2 maila. Zorionez, Zizur Nagusiko herritar euskaldun batek horren aurka egin du, alegazioak aurkeztuta. Hauek dira arrazoiak:

Espainiako Konstituzioak Autonomia Estatutuen esku utzi zuen gaztelania ez diren hizkuntzen ofizialtasuna; Nafarroako Foru Eraentza Berrezartzeko eta Hobetzeko Legeak Nafarroako Euskararen Legearen gain utzi zuen gai hori; 18/1986 Euskararen Foru Legeak eremu mistoko udalei eskumena eman zien euskarazko hizkuntza eskakizunak ezartzeko eta lan deialdietan euskara baloratzeko. Beraz, udalei ahalmen hori murrizteak ez du oinarri legalik, nahiz eta Nafarroako Administrazio Auzitegiak askotan murriztu duen ahalmen hori.

Are gehiago: Espainiak duela 20 bat urte berretsi zuen Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna, baina existituko ez balitz bezala jokatzen dute agintariek, epaileek, eta, kasu honetan, Nafarroako Administrazio Auzitegiko bokalek. Bertan, hauxe esaten da 7.2 artikuluan: “Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen aldeko neurri bereziak hartzea ez da hartuko eremu zabalagoa duten hizkuntzetako hiztunen aurkako diskriminazio-ekintzatzat”.

Nafarroako Administrazio Auzitegiak oraindik ez du finkatutako jurisprudentziarik gai honetan. Beraz, aukera paregabea da orain arteko bere jardunari buelta emateko. Komeniko litzateke hautetsi eta alderdi euskaltzaleek, euskararen aldeko sindikatu eta eragileekin batera, mobilizazioak antolatzea, Euskal Autonomia Erkidegoan epaile euskarafoboen kontra egin bezala.

Nafarroako Administrazio Auzitegiak berriz erabakiko du hizkuntz profil baten inguruan

Administrazioan Euskaraz Taldea