Nafarroa, United Kingdom
Nafarroa, United Kingdom
Ez “Nafarroako Erresuma” ez “Reyno de Navarra”: United Kingdom bihurtzen ari da Nafarroako Foru Erkidegoa. Hona hemen adibide batzuk:
– Oposizioak (azterketa hutsak) Nafarroan: “Ingelesak 10, euskarak 0”. Hala da 2009. urtetik hona, A eta B mailako oposizio guztietan: ingelesak %10 arteko puntuazioa ematen du, eta euskarak zero. Eta jadanik normaldua eta onartua dugu.
– Bestalde, ohikoa da lehiaketa-oposizioetan (azterketak + merezimenduak) eta merezimendu lehiaketetan (merezimendu hutsak) ingelesak (eta frantsesak, eta alemanak) euskarak baino puntu gehiago ematea. Azkeneko deialdietan ikus daiteke.
– Euskararentzat zonifikazioa, ingelesa libre. Eremu “ez-euskaldunean” (eta ez-ingelesdunean, bistan da) dena barna barreiatzen ari dira ingelesezko ikastetxe publiko eta pribatuak, eta ezin horrelakorik egin euskarazko ereduekin.
Jadanik erdietsi dute: Nafarroan denak ari gara ingelesa ikasten; hezkuntza munduko jendea, Administrazioan sartu nahi dutenak eta beste asko. Tartean, jakina, euskara oraindik ikasi ez dutenak. “Kalitatezko elebitasuna Nafarroan” eskatzen zuten atzo bi irakaslek, egunkari batera bidalitako gutunean. Ez ziren euskarari buruz ari.
Oharra:
A ereduaren alde? A ereduak mespretxua besterik ez du jaso Nafarroan, alde guzietatik. Baina “eremu ez-euskaldunean” euskarara hurbiltzeko bide bakarra izan da askorentzat. Orain Nafarroako hegoaldean hori ere desagertuko ote da, ingelesezko ereduek janda?
Inperialista eta kolonizatuengandik gure hizkuntzarekiko erasoak ohizkoak eta aspaldikoak dira. Gizarte baten populazioaren zati baten kontra joateak desagertarazteko asmoarekin, munduko legedian: genozidioa deitzen da.
Herriberan eta Iparraldean egiten ari direna: izen hori dauka. Tristea da, baina ehundaka urteko kolonializazioak, gure Herria Euskal Herriko hainbat tokitan gutxiengo bihurtu du (beti biolentzia bitarteko, nola bestela).
Inperialismoa eta kolonialismoa. Bai hala da, baina ez Erriberan eta ez ipar Euskal Herrian bakarrik. Nafarroan erabatekoa da kolonialismoa, erabatekoa. Pixkanaka-pixkanaka lepotik eldu eta estutzen-estutzen ia hatsik gabe gaude; eta honezkero ez dugu erreakzionatzeko ez borondate eta ez errairik.
Igela ur hotzean sartu, poliki-poliki ura berotuz joan eta horrela hil arte bertan segitzen omen du jauzi egin behar duela gogoratzen ez zaiola.
Zergatik gaude igel itoaren sindromearekin?
Nafarroan azken 30 urteetako itoaldia (frankismoaren gau ilunaren ostean) lar izan da ekintzaile askorentzat, harria behin eta berriz gailurrera igota eta erorita akiturik amaiyu dute/dugu. Orain, ordea, zenbait argi printza azaldu omen dira, aldaketa politikoa aspaldiko partez posiblea dela erakusten digutenak. Ez naiz guztiz ilusoa aldaketa politikoen indarren gainean, hala ere, Vascuencearen Legea indargetuta eta gobernutik indar birrintzaileak deuseztuta, ez genuke itxaropenerako leihoa zabalik utzi beharko?
Nik esanen nuke bi aldi nagusi egon direla Nafarroan: Euskararen Legea egin zenetik (1986) 2000. urtera, eta 2000. urtetik hona. Bigarrena askoz gogorragoa. Eta beharbada hobe litzateke erantzutea, inongo gobernu aldaketaren zain egon gabe…
Garikoitz Torregrosa. Sortzen Ikasbatuaz-eko kidea:
.
«Euskaren aurkako joko zikina egiten lagundu dute Ezkerrak eta Geroa Baik»
.
http://paperekoa.berria.info/agenda/2014-02-12/025/001/euskarenaurkakojokozikinaegitenlagunduduteezkerraketageroabaik.htm