Nafarroa eta Euskadi elkarlanean
Elena Torres Nafarroako legebiltzarreko presidenteak azaldu du Nafarroak eta EAEk helburu beren atzetik lan egitea egokia dela. PSNko kidearen ustetan Nafarroan “askatasunaren, bizikidetasunaren eta demokraziaren aldeko itun politiko eta soziala bultzatzea ez da gainontzeko indar politikoekiko baztertzailea”. Sanz presidenteak ere, ETAren aldekoen zigorgabetasunaren aurkako ituna deitu dio, Lopezen eskutik abertzaletasunaren aurka jotzeko duen asmoari.
Nafarroa eta Euskadi bat eginda, PSOE eta UPNkoen aburuz, ETAren aldekoei lekurik ez uzteko. Baina nortzuk dira ETAren aldekoak? Azken hilabeteotan ikusitakoak ikusita, euretarra ez den oro aurkaritzat hartzen dute, ETAren aldekotzat, alegia. Ertzaintzak eta Polizia Foralak, eskutik emanda kenduko dituzte, hemendik aurrera kaleetatik presoen argazkiak. ANV-ren alkaterik ez dugu ikusiko txupinazorik botatzen, ez Berriozarren, ez beste inon. Eta zentsura mozioak ere eguneroko lege bilakatuko dira…
Itunaren bidez maskara kenduko diete Sanzen esanetan “leku jakin eta zehatz batean posizionatzeko gai ez diren alderdiei”. IU eta Nafarroa Bairi igorritako mezua, argi eta garbi. Lehenari Berriozarren zentsura mozioa ez babestea egozten dio. Baina, agian Lopezena da itunak kenduko duen maskara. Hauteskundeen aurretik engainatu zituen guztiak ikusi baitezakete ETAren aurkako borrokan guztiak balio diola lehendakari berriari.
Hainbat eta hainbat abertzaleren ametsa amesgaizto bilakatuta. Nafarroa eta EAEren batasunean esperantzak zituztenek bi gobernuak harreman hotzagoa izatea desiratzen dute uneotan; bakoitza bere aldetik hobe, pentsatuko dute orain.
‘Goi Nafarroa eta Euskadi elkarlanean’ titulua hobeto ulertuko nukeen. Nabarriston ustez, Nafarroa eta Goi Nafarroa kontzeptu desberdinak dira. Ni nafarra naiz, Mendebaldeko Nafarroako Bizkaikoa, eta nire herria Nafarroa da (‘aberria’ deitzen diote abertzaleek horri). Artikulua irakurritakoan konturatu naiz Goi Nafarroaz dela artikulua, hots, Nafarroako Foru Komunitateaz. Abertzaleek, tamalez, 1512ko konkistaz geroztik gaztelauek erabili ohi duten terminologia darabilte eta horrexek iraunarazi du Hego Nafarroako bi komunitateen arteko aldentzea. Horrela zaila izanen da Nafarroa Osoa eta Batua lortzea.
Edukiari datxekionez, ongi dago gogoeta Aizpurua jaun/anderea.