Nafarroa: 0-3 zikloa hautsi behar da doakoa izateko?

0-3 zikloa hautsi behar da doakoa izateko? –

Urtarrilaren 8an Nafarroako Gobernuak iragarri zuen 2024-2025 ikasturtetik aurrera 0-3 zikloa doakoa izango zela. Albistea berehala zabaldu zen berri ona zelakoan baina zer dago doakotasunaren atzean? Zer ezkutatzen du honek?

0-3 zikloa hautsi behar da doakoa izateko?
Arg: Markus Spiske

STEILASek argi zuen, eta horrela iragarri zuen, doakotasun horren eskutik 2 urteko haurren gelak ezarriko zirela Haur eta Lehen Hezkuntzako (HH-LH) ikastetxeetan eta horrela izan da. Otsailaren 9an Nafarroako Gobernuak prentsa bidez horren berri eman zuen.

STEILASek behin baino gehiagotan galdetu dio Hezkuntza Departamentuari 2 urteko gelak aurrera ateratzeko asmoaren inguruan baina ez dute inoiz erantzun garbirik eman. Azkenean prentsaren bitartez jakin izan dugu hauek ezarriko direla.

Otsailaren 14an, Nafarroako Eskola Kontseiluan, Gil Sevillano Hezkuntzako zuzendari nagusiari 2 urteko gelen inguruko hainbat galdera egin zizkion STEILASek. Honako hauek dira kezka sortzen duten gaien inguruan arduradunak emandako erantzunak:

  • 2 urteko gelen kokapena: zein eskolatan irekiko diren ez zuen zehaztu. Eskari handiko eskola eremuetan 173 ikaspostu berri ezarriko direla esan zuen baina ez zuen adierazi zeintzuk izango diren eskola horiek.
  • 2 urteko geletako profesionalen kontratatazioa: ez zuen argitu kontratazioak haur eskoletako zerrendetatik edo Haur Hezkuntako (3-6) zerrendatik eginen zituzten.
  • Eskoletako instalazioak: instalazioak 2 urteko haurren beharretara moldatzeko lanak noiz egingo diren airean gelditu zen. Gai honen inguruko legea beteko dutela esan zuen baina ez zuen zehaztu noiz.
  • Ordutegia eta egutegia: eskola bakoitzak dituenak bezalakoak izango direla izan zen erantzuna.
  • 2 urteko gelak ikastetxe pribatuetan itunduko ez direla egiaztatu zuen.

Argi dagoena da, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetexeak ez daudela adin horretako umeak barne hartzeko egokituak, izan ere dituzten instalazioek, ordutegiek eta antolamenduek ez dute bermatzen haur bakoitzaren erritmo, berezitasun eta garapen momentua errespetatzea (patio, jantoki, komun…haundiegiak, ordutegi zurrunak…). Honetaz gain haur eskoletan hezitzailea uneoro erreferentea da umearentzat eta hori galduko da ikastetxeetan.

2 urteko haurren gelak HH eta LHko ikastetxeetan zabaltzen badira, 0-3 zikloa hautsiko da, arriskuan jarriko dira Nafarroako haur eskoletako hezitzaileek garatutako proiektu pedagogikoak eta galduko dira adin horretan adituak direnak. Bestalde, ez da bidezkoa eskoletan egon daitezkeen gela libreak 2 urteko gelak jartzeko erabiltzea modu honetan beste mailetako ratioen jeitsiera eragotziz.

STEILASek haur eskola publikoak handitzea eta berriak eraikitzea eskatzen du; eskariari behar bezala erantzungo dion, denontzat plaza bermatuko duen eta zikloaren berezitasunak aintzat hartuko dituen haur eskola sarea. Kalitatezko haur eskola publikoak behar ditugu, unibertsalak eta doakoak. Baina doakotasunak ezin du zikloaren apurketa ekarri.

Honen bidean STEILASentzat ezinbestekoa da haur eskola publiko guztien kudeaketa bateratua Hezkuntza Departamentutan izatea eta haur eskola publikoak eskola mapan txertatzea. Kudeaketa eredu hau langileen ordezkariekin negoziatua izango da, hau da, sindikatuekin eta Nafarroako 0-3 plataformarekin.

0-3 zikloak politika sendoak eta adostasuna eskatzen ditu, bada garaia propaganda egiteari utzi eta negoziazioari ekiteko. Aski da 0-3 zikloa gutxiesteaz. Ez jokatu ziklo honetako haurren, familien eta profesionalen duintasunarekin!

0-3 zikloa hautsi behar da doakoa izateko?  0-3 zikloa hautsi behar da doakoa izateko?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude