Nafar tradizioak
Nafar tradizioak –
Miguel Sánchez-Ostiz zafratu eta ospitalera igorri zuten. Idazleak berak kontatuta dakigu astinaldia enkargatu zuena bisitan joan zitzaiola ospitaleko gelara. Norbait ez zen kontent Sánchez-Ostizek idazten zituen gauzekin.
Hogeita hamabi urtez Iberian kabinako tripulatzaile lanetan aritu ondotik, Patxi Zamorak bere lanpostua galdu zuen, Guardia Zibilak lanera behar zuen aireportuko txartela kentzea erabaki zuenean. Kontuz elkarteko bozeramaile ibili izana eta El banquete liburuan, bertze bi kazetarirekin batera, Nafarroako Kutxan gertaturikoa salatu izana ez omen zitzaion mundu guziari gustatu; norbaitek hariak mugitu eta mendekua hartu zuen. Europak arrazoia eman dio berriki Zamorari.
Arturo del Burgok demanda paratu dio Fernando Mikelarena historialariari: honek idatzi du 36ko urrian, errepublikanoen sarraski handiena gertatu zelarik, Jaime del Burgo, Arturo del Burgoren aitatxi alegia, zela nagusia Nafarroako Erreketeen burutzan.
Jaime del Burgok liburu franko idatzi zituen. Izan ere, berrogei urte izan zituen nahi izan zuen historia idazteko. Gerrako urteen emaitzak ziurtatzen zioten bere bertsioak ez zuela lehiarik izanen. Halere, aspaldi du Nafarroan badela gure gizartearen trapu zikinak aireratzeko prest dagoena, kontuak eman behar lituzketenei kontuak eskatzeko prest dagoena, eta iragana argitzeko prest dagoena. Jarduera arriskutsuak hirurak, zeren bada, botere absolutua izateko ohitura zer den, lan kritiko hori onartzeko prest ez dagoenik ere.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko otsailaren 22koa]