Mutu baten hitzak

Mutu baten hitzak

Mutu baten hitzakGazte baten heriotzaren aurrean nire lehen erreakzioa beti berbera izaten da: mutu uzten nauen gertakaria da. Denbora behar izaten dut gertatukoa onartzeko. Aurten ezagunak nituen bost gazte hil dira, denak ala denak ni baino gazteagoak. Azkena Iñigo Cabacas. Berriro diot, ezaguna nuen. Ez laguna. Mingarria, lotsagarria, amorragarria, jarri dezala bakoitzak nahiago duen adjektiboa jasotakoa definitzeko. Gertakaria berez larria bada ere, erantzule polizial edo politiko jakin batzuen jarrerak ez du izenik: ohi legez, haizagailua jarri dute martxan, kakak guztioi harrapa gaitzan, itsu ez dagoen edonorentzat geratutakoa lehen minututik argi egon den arren. Pilotakada batek hil duela, alegia. Metro gutxitara ertzain batek jaurtitako pilotakada batek. Irteerarik ez zuen plazatxo batean pilotakadaka hasi zen ertzainetako batek.  Ares sailburuak bost egun eta autopsia bat behar izan du denok argi genuena publikoki onartzeko.

Jendearen amorrua ulergarria da, are gehiago, beharrezkoa.  Heriotza honek ez du zer ikusirik futbolarekin. Polizi eredua da auzitan jartzen duena. Urte askoan indarrean egon den eredua, ETAren ondorioz, edo, hobe esanda, berau aitzakiatzat hartuta.  Gerra parametroetan oinarritutako  eredua: Beltzak gerrarako prestatu zituzten, eta badirudi ez direla egungo egoerara ohitu, eta iruditzen zait, tamalez, ez direla ohituko, erantzule politikoek besterik erabaki bitartean ez behintzat. Ez dira bakarrak. Atzoko gaitzespen kontzentrazioan herriak ez du barkatuko abesten hasi zirenak ez dute ezer ulertu, eta familiarekiko errespetu gutxi erakutsi dute. Iñigo ez da ezker abertzalearen biktima bat. Futbol garaipen bat ospatzen ari zen Athleticeko zaletu bat zen.

Mutu baten hitzak

MARTITZENA 13