Munduko tomate garestienen historia
Zarauzko Kultura zinegotzi den Gari Berasaluzeren blogean topatu dudanak beldurtu nau. Herri hartan munduko tomate garestienak dituzte, jakin nahi zergatik? Wolf D. Prix arkitekto austriarrak oso ondo daki. Hona hemen ‘Munduko tomate garestienen historia’, Kalaportu blogetik “lapurtuta”.
Bilboko Guggenheim museoa diseinatzeko lehiaketa egin zenean hasi zen guztia. Frank Gehry arkitekto estatubatuarra gailendu zen, eta Wolf D. Prix arkitekto austriarraren proiektua geratu zen bigarren postuan. Egun batean, Zarauzko Kultura zinegotzi bati, Wolf D. Prix jaunari arantza hura ateratzeko aukera ematea otu zitzaion. Guggenheim handi hartatik 83 kilometro eskasera, Zarautzen, arkitekturaren historian lekua izango zuen proiektu berria diseinatzea proposatu zion. Kultura zinegotziaren eskutik Zarautzera egin zuen lehen bidaian, Euskal Herria ezagutu zuen. Musika Plazako taberna batean, terrazan, txakolin baten eta bestearen artean, liluratuta begiratzen omen zion aurrean zeukan eraikinari eta hango mural handiari: Tourist, remember. This is not Spain. You are in the Basque Contry!
“Oskola zen garrantzitsua, Wolf D. Prix eta Zarautz distiratsu ager zitezen Europan. 21 milioi euro”
Arkitekto austriarra galdezka hasi zen, eta Kultura zinegotziak, Zarautzek eta Euskal Herriak sorgindu egin zuten. Onartu egin zuen eskaintza. Baietz. Diseinatu egingo zuen Guggenheim apalago bat, Bilbotik hurbil. Handik aurrera heldu zen nazioarteko arkitektoen lehiaketa, milioika pezetako kontratu garestien bilduma, Zarautz New York Viena Amsterdam New York bidaien sasoia, simposiumak eta abar luzea. Oskola zen garrantzitsua, Wolf D. Prix eta Zarautz distiratsu ager zitezen Europan. 21 milioi euro. Eta oskolaren barruan, nola ez, Kultura zinegotzi haren bulegoa izango zena ere azaltzen zen txostenetan, nolakoa izan behar zuen erabat zehaztuta, dorre eta guzti. Kontua ez baitzen herriaren beharrak aseko zituen eskaintza eta egitaraua osatzea, porlanaren kulturan eta industrian oinarritutako handikeria baizik. Faraonikoa. Itxura.
Proiektuaren aurrekontua 21 milioi eurokoa izanda, ezin zuten lagunen artean esleitu, eta horretarako sortu zuten Zarautz Lur SA. Honek nazioarteko lehiaketa mugatua antolatu zuen, zinegotzi jeltzaleak munduan barrena bisitatu eta limurtutako arkitekto sonatuekin. Gipuzkoako Arkitektoen Elkargoaren haserrearena, etxeko arkitektoen zapuzkeriatzat hartuko zuten, besterik gabe.
Dirutza eskatzen zuen proiekturako, hiru bidelagun aurkitu zituen Zarauzko Udalak: Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua. Krisiaren enbata hurbildu ahala erori ziren hirurak, ordea, eta Zarauzko Udala bakarrik geratu zen. Kultura zinegotzia, urrezko dorrerik gabe, eta zarauztarrak kultur azpiegitura egokirik gabe, herriko eragileekin adostu eta osatutako egitaraurik gabe. Ezer gabe. Ez oskolik eta ez mamirik azkenean.
Ameskeriak, Zarautzentzat, milioika euroko zulo handia ez ezik, kultura azpiegituren galbidea ere ekarri zuen. Ez ziren batere zaindu kultur ekimenetarako herriko gainerako azpiegiturak. Areago, eraikin berri eta handiak dena konponduko zuelakoan, apaltzen, itzaltzen eta erortzen utzi ziren. Nahita. Munduari harro erakusteko Guggenheim berria behar zuen lekuan, piperrak eta tomateak dituen baratze bat besterik ez zen geratu.
Handira egin zuten apustu Kultura zinegotziak eta Zarauzko Udalak, eta galdu egin zuten. Zarauztarrok galdu egin genuen. Gaur, hainbat urte geroago, Zarautzek ez du herriaren beharrak asetzeko moduko agertokirik, zinemarik, kultura azpiegiturarik. Hori da batzuen handinahikeriak kultura aldetik herri honi utzi dion oinordetza.
Ameskeriak, Zarautzentzat, milioika euroko zulo handia ez ezik, kultura azpiegituren galbidea ere ekarri zuen.
Horren aurrean, hurrengo hilabete eta urteotako ekimenak Zarauzko elkarte, talde eta eragileen artean mamitzeko premia agerian geratu zen udaren atarian egin genuen parte-hartze prozesuan. Kultura azpiegiturak aztertzeko eta berrantolatzeko beharra agerian geratu zen, eta Modelo zinema zenaren eta beste azpiegitura batzuen inguruko hausnarketa egin genuen hainbat herritarrekin eta herriko hainbat eragilerekin.
Oskolak kezkatzen gaitu, noski, baina mamian sinesten dugu guk. Eraikin bat aldarrikatzen dute batzuek, besteren bat besteek. Baina eraikin baten zein bestearen gainetik, kudeaketan asmatzea da daukagun erronka nagusia, herri honek kulturarentzat merezi duen bilgunea, zehazki, elkarlanean osatutako egitarau erakargarria eta askotarikoa izan dadin.
Horretarako, musikan, antzerkian, zineman, literaturan eta beste hainbat esparrutan aritzen diren herriko hainbat eragilerekin batera, eta eraikin zehatzak bizirik aldarrikatzen dituztenekin batera, Zarauzko kultur ekimenak bateratzeko eta espazio berriei zein zaharkituta geratutakoei bizitza emateko, lanean hasi gara dagoeneko. Uda honetan, nolabait, Sortaldea Kultura Eremua izan da lehen entsegua, eta hurrengo asteotan emango dugu esperientzia horretatik ikasitakoa zabaltzeko asmoaren berri, Modelora edo beste eraikin batzuetara. Modelo zinema zena, zehazki, alokatuta dago hurrengo sei hilabeteotarako, eta hurrengo egunotan ezagutaraziko ditugu ekimen eta egitarau berriak. Horretan ari gara lanean, Zarautz atzera bueltarik izatea nahiko ez genukeen kultur kudeaketa herrikoi batera eramateko. Munduko tomate garestienen historiatik, zerbait ikasi dugu behintzat: zer den egin behar ez duguna. Zarautzek eta zarauztarrek beste zerbait merezi dute.
Gari Berasaluze (cc by sa)