Munduko hizkuntzak eta euskalkiak bereizteko gai ote zara?
Entzumena zorroztu eta ekin. Munduko hizkuntzak ezberdintzeko gai al zara? Euskalki zehatz bat zein herritakoa den asmatuko zenuke? Bi galdera hauek interesa piztu badizute, egundoko denborapasa bi daude zure zain. Bata, The Great Language Game da, bestea, Ahotsak proiektuaren Euskalkitegia.
The Great Language Game
Munduko milaka hizkuntzen artean 70 hartzen ditu bere baitan jolas honek. Sekula aditu ez dituzun hizkuntzak aurkituko dituzu, baina baita milioika hiztun dituztenak ere. Funtzionamendu oso erraza du: audio motz bat erreproduzitzen da, eta entzundakoa zein hizkuntzatan asmatu dezazun aukera batzuk eskaintzen ditu. Hiru akats egin ditzakezu gehienez. Zenbat eta hizkuntza gehiago asmatu, orduan eta puntu gehiago! Twitter bidez zure kalifikazioa elkarbanatu dezakezu. Estatistiken arabera, frantsesa da errazen identifikatzen den hizkuntza (%96), gutxien Dinka (%47).
Ahotsak: Euskalkitegia
Euskal Herriko proiektu ezaguna dugu Ahotsak. Herriz herri ahozko ondarea bildu eta guztion esku jartzen dute. Proiektuari esker, euskalkiak, esamoldeak eta gutxi erabiltzen diren hitzak berreskuratu eta gordetzen ari dira. Hori bakarrik ez, aiton-amonen lekukotasunetik aspaldiko gertakizunak jasotzen ari dira. Ez galdu Ahotsak proiektua.
Euskalkiak asmatzeko jolasa haurrei zuzendutako Ikasgelan atalean dago. Baina, ez da umekeria ez! Euskalkitegia izenekoa jokoan bideo-pasarte motz batzuk erreproduzitzen dira, eta alboan lau aukera eskaintzen dizkio jokalariari. Lurraldea eta herria asmatu behar dira. Erantzun posibleen arabera, euskalkia asmatzea oso erraza edo benetan gaitza izan daiteke! Aldiro bost pasarte ikus-entzuten dira, baina nahi bestetan errepika ditzakezu, bideo mordoxka bat baituzu eskuragarri.