Mugaren alde bietan

Mugaren alde bietan –

Euskaldunak eta espainolak. «Ez gara izan onenak, beharbada», xuxurlatzen digu Eñaut Elorrietak. Zaharrenak, agian. Desberdinak, bai. Seguru? Hauteskundeen emaitzei erreparatuta hala dirudi. Ebrotik behera, larrimina. Ebrotik gora, ikusmina. Urak harrotu dira mugaren alde bietan. Ibaiak bulartu eta mezuak hanpatu egin dira modu ikaragarri bipilean. Gorrotoa, lege. Gezurra, lagun. Zer ez ote dugu ikusiko hurrengo asteetan?

Nire pasierako laguna —Doris— eta biok honetaz eta hartaz, giro intimoan, aritu gara asteroko ibilbidean. Pozik dago EH Bilduk Gasteizen lortu dituen emaitza historikoekin. Baita haserre ere hauteskunde osteko giroarekin. «Zergatik izan dira portaera desberdin horiek Ebroren alde bietan?», galdetu dit. Niri bi gako otu zaizkit: eztabaida politikoa zedarritu duen markoa eta mugaren alde bakoitzean dugun egitura mediatiko desberdina.

Mugaren alde bietan

.

Markoa

Beldurraren markoa. Beldurra eskuinak duen ikaragarrizko artefaktu politikoa da. Ikarak blokeatu egiten gaitu eta ezin aurreikusizko erreakzioak pizten ditu. Pandemia izan dugu lekuko. Mugaren alde bietan.

Isaac Rosa zutabegile eta idazleari irakurri diot hau: «Espainian, une honetan, eskuin muturrak baino beldur gehiago sortzen dute Podemosek eta Bilduk». Hauxe bere kezka hurrengo asteetarako: «Hauteskundeak beldurraren baitan ardazten badira, eskuinak gailenduko dira, emozio negatiboak —dela ETArekiko, komunismoarekiko, Sanchez podemizatuarekiko, okupekiko edota balizko putxerazoarekiko— areagotzen jarraituko baitute». Bekainak kakotu zaizkio Dorisi.

Azken hauteskunde kanpainan, PSOE eta EAJ ez dira gai izan eskuinek mugatutako markoari aurre egiteko. Beldurraren amaraunean katramilatu dira. Markoa erosi diete. Maiatzaren 13an honela mintzatu zitzaion lehendakaria EH Bilduri. «Ez da nahikoa zuriz janztea: biktimekiko eta bizikidetzarekiko konpromisoak sakona eta zintzoa izan behar du. 200 zerrendatan izen bat agertzea akatsa izan daiteke, baina 44 agertzea erabaki bat da». Estrategia horren emaitza kaskarrak agerian gelditu dira. Mugaren alde bietan.

Markoa erosten duzunean margo lana diseinatu duen artistaren eremuan sartzen zara. Nahitaez. George Lakoff AEBetako ikerlari, linguistika kognitibo eta Alderdi Demokrataren spin doctor ezagunak bizitza osoa eman du hau esaten: «Arerioarekin eztabaidatu behar duzunean, ez erabili inoiz haien lengoaia». Eta adibide bat jartzen du: ez da gauza bera «presio fiskala arindu behar da» esatea —han eta hemen eskuinak erabiltzen duen mantra iruzurtia— edota «politika fiskal bidezkoagoa aplikatu behar da» erratea. Eskuina «zergak jaisteaz» mintzo denean aberatsei mesede egiteaz ari da; ez justizia fiskalaz. Han eta hemen. Mugaren alde bietan.

Espainiako eskuinek urteak daramatzate beren artefaktua doitzen, egunero koipetzen. Ebrotik behera primeran dihoakie. Itzel. Iraganeko mamuen fabrikatik, karga sinboliko handia duen etsaia berreskuratu dute: «ETA inoiz baino biziago» dagoela diote. Ayusok esateak ez gaitu harritu. Urkulluk eta EAJk eztabaida horri heltzea… ez da sinesgarria. Mugaren alde honetan bederen.

.

Egitura

Eztabaida politikoaren markoa bezain garrantzitsua da egitura mediatikoa. Elkar elikatzen duten faktoreak dira. Euskal Herrian, zorionez, bestelako ingurune mediatikoa dugu: anitza, eleaniztuna eta kolore gehiagotakoa. Guk, herritar gisara, egunero ikusten dugun errealitatea da eta horregatik, akaso, ez dugu behar beste balioesten. Baina garrantzitsua da. Oso. Esaterako, hemen dugun tokiko komunikabide txiki eta ertainen sarea ez dago leku askotan. Katalunian, bai. Baina Espainiako toki askotan, ez.

Gorrotoan eta faltsukeriatan oinarrituta zabaltzen diren mezu horiek, sarritan, bozgorailu erraldoia topatzen dute komunikabide handietan. Kazeta, irrati, telebista eta agerkari digital askok ez dute sinesgarritasuna bilatzen —badakite borroka hori galdua dutela—. Beren kezka bakarra urte amaierako balantzea da. Kontabilitatea. Ez sinesgarritasuna. Eta horretarako «Espainia ETAren mende» dagoela esan behar bada, bada esan egingo dute, lasai asko batere lotsatu gabe. Prestigiozko komunikabide batzuek ez al dute bada atzo arte defenditu ETA bera zela Martxoaren 11ko atentatuen egile?

Kontrasterako aukera ez izateak pobrezia intelektuala dakar. Oraindik ere harritzen gaitu jende txiro eta arras zapalduak zein erraz irensten duen zapaltzailearen amua. «Ez dago ezer memeloagorik eskuinari botoa ematen dion langilea baino. Gureak egin du, Txema», esan dit Dorisek, etsituta. «Ez al da bada izango ustez ezkertiar diren alderdi horiek ez direla gai izan sektore horiek ilusionatzeko?», erantzun diot.

Ken Loach zinemagilea Cannesen ibili da egunotan. Han estreinatu du bere azken lana. The Old Oak. Langileen elkartasunari egindako gorazarre baikorra da, eskuin muturraren gorrotoari aurre egiteko proposamena. Hauxe, Loachek utzitako mezua: «Itxaropena hautu politikoa da. Jendeak, itxaropena galtzen duenean, faxismoa besarkatzen du. Itxaropena progresista da. Etsipenak munstroak sortzen ditu». Hori bai kemena, 86 urterekin.

Pasiera amaitzera goaz. Hasierako galderari erantzunez, Dorisek dio euskaldunak eta espainolak ez garela hain desberdinak. «Gure Urkullu jauna ere hor ibili da kanpainan, ika-mika hori elikatzen, plisti-plastaka, lokatzetan sano. Azkenean, ederra gertatu zaio: kaka nahasiago eta usaina handiago».

Bere ustez, kanpaina honetan etikaren aipamen hori instrumentala izan da. Ohikoa duen zorroztasunez bota dit bere azken zapla: «Ai!, ergel maitea. Ez al zara bada oraindik enteratu, hau ez dela etika kontu bat? Estetika hutsa izan da dena, haien pribilegioak estaltzeko saldu diguten poetika limurtzailea. Tranpatia? Nahi duzuna esan. Baina, azken batean, balio duena ez da etika, ezta estetika edo poetika ere. Balio duena beren aritmetika da. Be-re-a eta ez beste inorena. Zer gertatuko da bada datorren larunbatean?».

Hitza ahoan dudala utzi nau Dorisek. Berea bota ondoren etxerantz abiatu da, bizi-bizi, ohikoa duen ibilkera jauzkari horrekin. Ken Loachen film horretan agertzen den ideia batekin gelditu naiz ni: «Batera bazkaltzen duen herriak batera jarraitzen du». Kuadrillako hurrengo bazkaria noiz egingo dugun pentsatzen hasia naiz.

berriarentzat egindako kolaborazioa

Mugaren alde bietan

Kazetaritzan doktorea eta gizarte komunikazioan ikertzailea, EHU