Muga guztien gainetik euskaraz bizitzearen alde mendi-irteera antolatu du EHEk
Maiatzaren 10ean egingo da eta Larrun gainera igoko dira. Ondoren luntxa eta herri kirolez gozatzeko aukera izango dute bertaratuek. Europako Hauteskundeen atarian, zer garen eta zer izan nahi dugun adieraziko parada bikaina izango da.
Euskal Herria Euskaraz (EHE) herri mugimenduko eragile euskaltzaleak heldu den maiatzaren 10erako ekimen berria deitu du. “Sasi guztien gainetik euskaldun eta burujabe! Muga guztien gainetik, euskaraz bizi!” lelopean mendi-irteera egingo da aipatu egunean. Goizeko 10:00etan abiatuko da irteera, Urruña eta Azkaine artean dagoen Olheta auzoko Trabenia Ostatuko parkinetik. “Patxadaz baina gogotsu”, bi ordu eta erdi inguruko txangoa egitea aurreikusten dute bertatik Larrun gaineraino (nahi duenak trena hartu dezake). Bertan ekitaldi txiki bat egin eta beheranzko bidea hartuko da, Trabeniaraino.
Ondoren, kotxe karabana egingo da bertatik Ziburuko Baltsan elkarteraino. Eguerdiko 15:00etarako luntxa egongo da prest bertan, doan, mendi-irteeran parte hartu dutenentzako.
Egunari bukaera emateko, aldiz, herri kirol eta jolasak egingo dira Ziburuko frontoian.
Honatx EHEren irakurketa:
Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe! Muga guztien gainetik, euskaraz bizi!
“Euskaraz bizi!” esaten dizuegu, bokatiboan. “Bizi zaitezte euskaraz”, alegia, eta ez hori bakarrik. Euskaraz bizi garela ere esaten dizuegu bi hitz horiekin, edo nahi dugula, edo ahal dugun neurrian euskaraz bizitzeko hautua egin egiten dugula eta saiatu saiatzen garela bederen (euskaraz bizi ezin bagara ez dela euskaraz bizi nahi dugunon arduragabekeria kontua). Euskaraz egiten jarraitzen dugulako segitzen dugula herri gisa bizirik helarazten dizuegu ere hala, eta euskarak ere ematen digula bizia; eta euskaraz biziko den herrirantz ari garela ematen pausoak bizi-bizi, ziztu bizian ez bada ere. Hori guzti hori adierazi nahi dizuegu bi hitz horiekin, eta ez hori bakarrik.
Euskararen alde egotetik euskararen alde egitera mugiarazi nahi ditugu herritarrak, norbanakoak eta taldeak, enpresak eta erakundeak, erdaldun, euskaldun eta euskaltzaleak. Euskaldun izateaz harro gaudelako, edo euskararen aurkako eraso gehiago onartzen ez dugulako, edo euskaraz bizi den herria eraiki nahi dugulako, edo ez dugulako euskaraz bizi zen herria betirako galtzen utzi nahi, edo lanerako, norbere burua aberasteko, lagunak egiteko edo ligatzeko balioko digulako. Zuk aukeratu euskaraz bizitzeko zure motibazioa. Guk badugu geurea, eta nik neurea. Zuek aukeratu zuenak, eta zerorrek zeurea, berak ez bazaitu zerori aukeratu ja.
Esanda eta esan gabe doa, guk badugu, baditugu geureak. Euskararen eta euskaldunon aurkako sorgin ehizari aurre egitea da bat, beste askoren artean. “Nola? ‘Sorgin ehiza’… kar-kar!” esango du hemen batek edota han besteak: “inoiz baino euskaldun gehiago dago-eta! Euskararen aldeko legeak ditugu baina… Ze sorgin ehiza?”. “Aspaldian aspaldiko eraso erdaltzaleenak gaur bertan pairatzera garamatzana, zein bestela?” da gure erantzuna. Bai, noski, duela 150 urtez gaindi sortu zuten gaur bertan Hendaia, Beskoitze eta abarreko ikastolen proiektuak geldiarazteko mehatxua ekarri digun Falloux legea. Eta hori bezala, beste asko. Ala posible al da, gaur eta hemen, euskaraz ikastea? Posible da, gaur eta hemen, ogasuneko inspektorearekin, pediatrarekin zein erizainarekin, atariko segurtasunekoarekin, ofiziozko abokatuarekin edo epailearekin, kiroldegiko monitorearekin, eskolako liburutegiko zaindariarekin, edozein herri lanetan dabilen obrako buruarekin, isuna jartzera edo zerbaitetan laguntzera datorren poliziarekin eta abar guztiekin euskaraz egitea, aritzea eta bizitzea? Bada, kasurik onenetan, segun eta non, agian.
Luzetik dator euskararen kate hautsia. Luzarotik baita, euskarari jarritako kate hautsiak. Herritarrok, garaian garaiko euskal hiztun komunitateak, herri euskaldunak eman baitio euskarari arnasa; oztopoak, erasoak eta mugak muga. Ez dira gutxi izan orain artean, eta ez dira gutxi izango etorkizunean hizkuntza ordezkapenaren bidez herri hau azpiratzeko, mendean hartzeko egindako saiakerak, hartuko diren neurriak. Helburua garbia da: euskara inoiz ez normalizatzea. Betirako izatea hizkuntza gutxitua. Hala, euskara eta euskaldunok beti izango baikara normalak ez garenak, gutxiengo gutxitu eta gutxietsia.
Zientzia fikzioa da oraindik euskaldunon hizkuntza eskubideen bermea. Are fikzio groteskoagoa euskararen etorkizuna euskaldunon esku dagoela esan, euskararen erabilera urria berau erabiltzen ez dugun euskaldunoi leporatu eta euskara ofizial ei den administrazioetan euskara erabiltzen uzten ez digutenen kasuan.
Alta, horiek, lotsarik izan ez arren badute arrazoi puntua: herri euskalduna, euskal hiztun komunitatea osatzen dugun norbanakoongan, gure baitan dago giltza. Baina ez errua. Gure esku dago txipa aldatuz burujabe jokatu eta norberarenarekin batera ingurukoen jarrerak aldatzea. Euskararen alde egotetik euskararen alde egitera dagoen jauzian, euskaraz bizitzeko hautu pertsonal eta kolektiboan hasten da dena.
Botere politiko eta administratiboak euskararen normalizaziorako paus egokiak emateko prest ez egotea ez da aitzakia euskaraz biziko den herriranzko bidean urratsik ez egiteko. Gure oinetan hasten baita bidea.
Horretarako joango gara larunbatean Larrun gainera. Ez goaz euskararen eta euskaldunon aldeko neurri konkretu bat irabaztera. Ez goaz inorekin lehiatzera. Ez goaz ezer eraiki edo haustera. Gure aldetik jarri ezkero bide luze, latz eta malkartsuen gainetik euskararen aldeko urratsak egin ditzakegula erakustera goaz. Euskararen alde egoteaz harago horren alde egiteko eta ekiteko prest gaudela adieraztera goaz Larrun mendiko tontorrera. Euskal Herria zatitu nahi duten mugak desagertzearekin batera Euskal Herri osoko tontor eta ortzi-mugak azaleratzen diren muinera goaz, oztopo eta sasi guztien gainetik euskaldun eta burujabe jokatuz, malda eta muga guztien gainetik euskaraz biziko den herria irudikatzera.
Europako Hauteskundeak ditugu gainean. Aberri Eguna eta Nafarroaren Eguna fresko-fresko atzean. Erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimen garrantzitsuak epe motzean. Zer garen eta zer izan nahi dugun adierazi eta erabakitzeko uneak dira denak. Halarik ere, esan bezala, lehen erabakia hartzea norberari dagokigu, eta, zentzu horretan, egunero da D eguna.
Txangoz mendian euskaraz blai ibiltzeak sekulako aukera ederra iruditzen zait harremanak euskaraz egiteko edo hizkuntza erabiltzeko konfiantza hartu behar duenarentzat. Baina inork txarto hartu barik, esan nahi dut halakoak ugariak eta ugaritan ditugula. Nik benetan faltan sumatzen ditudan jarduerak dira euskara ikusezina izatetik mapan jartzera eta jende askoren belarrietan paratzera eramango luketenak, hala nola, 150 euskal hiztun hiri nagusietako modako butiketan edo puntako hoteletan edo modako edaritegietan edo…Ordea, mendian, baserrian, herri txikerrean, nola edo hala, euskara bizirik dago, baina Pozas, Indautxu, Bilbo erdi-erdian eta halakoetan guztiz arrotza da, eta halako lekuetan da biltzen jende gehien asteburuetan-eta. Ez dakit, ideia txoro bat baino ez da…euskarak, betiko topikoetatik, txokoetatik kanpo, lur berriak bereganatzeko.
Ados zurekin, Irala.
Egingo dugu juntaizo erraldoi bat (ahal den erraldoiena) Pozasen irteteko? Baldintza bakarra izango zen espaloitik ez jaistea. Zer iruditzen?
euskara mendian, erdara hirian.
noiz arte?
Kaixo Irala, Gilentxo eta 1ander,
lehenik eta behin eskerrik asko ideia, ekarpen, burutazio, harrikada, kritika eta dena delako guziengatik. Ongi etorriak dira denak, eta apuntatuta uzten ditut aurrerantzean mahai gainean jartzeko.
EHEk mendi-irteera deitzearen arrazoia irakurketan bertan dago jasota, beraz, ez naiz hasiko esanda daudenak errepikatzen. Aldiz, EHEko kide gisara, zintzilik utzi dituzuen harietatik tira egin gura nuke. Atzetik hasiko naiz.
“Euskara mendian, erdara hirian” diozu, 1ander. Topikotik harago, errealitate bat da orain arte euskararen arnasgune izan diren zonaldeetan ere ez dela mantentzen joera hori. Euskal Herriko eskualderik euskaldunena ei den Lea Artibaiko Lekeition euskararen erabilera noraino jaitsi den badakizu? Eta eraikuntza ereduaren bultzadaz Gizaburuaga, Oiartzun edo horiek bezalako herri batean zernolako aldaketak ari diren ematen? “Euskara mendian, hirian eta edonon”, erantzungo nizuke. Finean, garrantzitsua ez da kokapena, euskaldunak euskaldun eta burujabe jokatuz gero, doan lekura doalarik eramango baitu euskara ahoan. Hori aldarrikatzera ere bagoaz Larrunera, “eta ez hori bakarrik”. Alta, ez dakit Larrun gainean egon zarenetz, baina harrituko zinateke euskararen presentzia ezaz. Tabernak, seinaleak, dena… gazteleraz, edo frantsesez, edo ingelesez. Euskaraz dauden bakarrak tabernen izenak direla esanen nuke.
Gilentxo eta Irala: ez da txarra zuen ideia. Dena den zalantzak sortzen dizkit formulak. “Natural sentitzen dut egiten dudana, eta natural egin sentitzen dudana”. Hortxe ikusten diot etorkizuna edozein hizkuntzari. Ongi deritzot euskarak presentzia urria duen lekuetara joateari eta bertan euskara erabiltzeko aukera gutxi dutenei konfiantzazko espazioak eskaintzea, baina gehiago egin beharko genukeela uste dut, halako toki guztietan euskaldun eta euskaltzaleen talde, bilgune eta egitasmoak sustatuz, urtean behin 200 paratxutista norabait eramateeaz harago. Ideia ona beraz, Gilentxo, horretan geratu ez eta segida baldin badu.
Ez da EHE euskara mendira kondenatzen duena. Horren zalantzarik ez dago. Gauza asko egiten ditu EHEk egunero, eta horietatik oso-oso-oso-oso gutxi mendian. Oraingoan, baina, erabakitze eskubideari loturiko ekimen garrantsitsuak hurbil ditugula, Europako hauteskundeak puntuan direla, hizkuntza politika burujabeak ezin garatzetik eratorritako hainbat eraso ematen ari direlarik, aldarrikapenari normalean ematen ez zaion baina arrotza ere ez den forma eman nahi izan diogu, euskaraz bizi den herria ukatzen duten mugak gure baitan hasten direla irudikatzeko eta euskaltzaleok bidea egiteko oraindik oraindugun grina erakusteko asmoarekin.
Animatzen zarete ala?
eskerrik asko berriz ere eta besarkada bana!
Epa Aitor, neu ere jakinaren gainean nago, udatiar oldeek eta urbanizazio demasakoak ekarri duten kalte linguistikoa demasekoa da eta aintzat hartzekoa (eskerrik asko Argiari horren gaineko artikuluagatik). Baina Asteasu (%60), Oiartzun (%70) eta Lekeitioren (%70?) euskararen erabilera, arriskutsuki jaitsita ere, nahiko goitik dabil. Gure Bilbo-Gasteiz-Barakaldo-Iruñe-Donostia-Irun maiteetan milaka euskaldun (gehienak) bizi gara, EZ GARA PARATXUTISTAK, eta Pozasen nagoenean badakit ingurukoen %50 euskalduna dena, baina erabilera %0 da (salbu eta Erreala Bilbora jokatzera datorrenean), Emaitza da euskara ikusezina dela, tristea da gero, hiri horretan aste horretantxe zenbat mila klase-ordu eman diren kontuan hartuta. Ni ez naiz futbolzalea, baina ezin liteke osatu euskara hutsez dabilen peña bat, denda-kate bat, frankizia bat agian? Ez dakit nola, baina euskara lehen baino lehen atera behar dugu kalera (ez baserrira bakarrik). Mesedez, ez hartu lerrotxo hauek inoren lanaren gaitzespen moduan, badakit euskaldun askok eta askok bereak eta bi egiten dituela behar honetan, denok maite zaituztet!
Gure hirak ere ez al daude muga horien barne?
Ez genuke etsi eta baserrietara ihes egin behar… euskarak ere urbanoa izan ebharra du. Euskarak bizitza behar du, eta egun bizitza hirietan gertatzen da, bada proboka dezagun hori: Euskarazko Hiriak.
Zergatikan ez Euskarazko Bilbao Bat? Erakus dezagun egingarria dela horrelako kultura aniztasuna duen eremu batean ere.
Antza, EHEk mendi martxa bat antolatzen du”Muga guztien gainetik Euskaraz bizi!” aldarrikatzeko eta batzuk “astoratu” egin gara hiri batean zeozer ez antolatu edo ez egin izanagatik.
Gogorazi nahi dizuet, apirilaren 5ean EHEk Euskaraz Bizi eguna Gasteiz-en antolatu zuela, gogorazi nahi dizuet “Udalak eta biok euskaraz” dinamika hainbat herri zein hiritan abian dela, gogorazi nahi dizuet hainbat herritan “Euskaraz bizi” ekimen zein egun txiki antolatzen jarraitzen duela, gogorarazi nahi dizuet EHEk hainbat hitzaldi antolatzen dabilela……Gogorarazi nahi dizuet, larunbatekoa ez dela Euskal Herri euskaldunaren bidean EHEk antolatzen duen ekimen bakarra, bide horretan beste mugarri bat gehiago baizik.
Animo EHE!!!!! jo ta ke zabiltzaten horiek!!!
Kaixo Irala!
Lasai, ez dut ezer txarrik ulertu eta ikusi dut nondik doan zure ekarpena, milesker. Ados nago esaten duzun guztiarekin, eta apur bat sakondu nahiko nuke. Begira, ni Irunen bizi den lekeitiarra naiz. Ez daukat datu zehatza eskura, baina, finean, hurrengoa da nire bi herrien errealitatea: lekeition biztanleen %85-90 inguru da euskalduna, eta erabileraren azken datuek %65 ingurukoa dela diote. Irunen, aldiz, euskaldunak %35era iristen dira, eta euskara ulertzen dutenak izango dira biztanleriaren erdia. Erabileraren datua, baina, eta oker ez banago, %5 ingurukoa da.
Ondorioak txoil garbiak dira, brotxa lodiarekin marrazten ari banaiz ere: euskaraz bizi eta berau erabiltzeko aukera zein baldintza dezente onak ditugun lekuetan, euskaldun garenotatik laurden batek euskaraz bizitzeko hautua baztertzen dugu, edo ez dugu euskaraz bizitzeko hautua egiten (ikusi beharko litzateke gune, eremu, ordutegi, pintxo-pote, parranda-giro, kirol ekintza eta abarretan zein joera gailentzen diren ere). Kontrara, euskaraz bizitzeko eta berau erabiltzeko baldintza eta aukera eskasak ditugun lekuetan, euskaldun garenon ia denok baztertzen dugu euskaldun egiten gaituena.
Biztanleria osoari so %25a jaisten da espaloitik batean zein bestean. Baina euskaldun kopuruari so oso ezberdina da, kontrakoa, euskaldunon jarrera. Biak ala biak, baina zein baino zein kezkagarriago.
Formula magikorik ez da existitzen. Jendartean ematen diren joera eta fluxuak ezberdinak dira, eta leku batean edo garai batean balio duenak ez du balio beste leku, garai edo funtzio baterako.
Halarik ere, badago magikoa izan ez arren erabat efizientea den formula bat. Batere utopikoa, ameskeria malapartatu sakrilego eta hain gaizki ikusitik urrun kokatzen dena gainera: zauden lekuan zaudelarik euskaraz bizitzearen aldeko hautua egitea.
Irunen euskara hutsez bizi daitekeela (Iberdrolaren fakturak, zinema eta halakoak kenduta) frobatu nahi izan dut, eta esperientzia gazigozoa izan da; eta ona, beraz, %5eko erabilera dugun leku batean dena baitoa gazitik garratzera mingotsetik pasata. Batzuetan dena egin izan dut euskaraz, eta dena erantzun didate euskaraz. Beste batzuetan euskaraz egindakoa normal hartu eta erdaraz erantzun didate. Beste batzuetan arrotz sentiarazi naute. Antzekoa probatu dut beste leku batzuetan ere. IKEAn ez dut ia inoiz lortu euskaldun batekin aritzea. Langileak ni ulertzea ere ez dut lortu ia inoiz. Ballontin esaterako, alderantziz. Galerietako tabernetan euskara entzutea mirakulua da kasik, baina euskaraz joan natzaienean, irri batekin erantzun didate euskaraz. Hiztegiari ostiaka baina irriz eta euskaraz.
Euskaraz, hortaz, nonahi. Peña bat sortu? Frankizia bat? Noski, eta zenbat eta gehiago hobe, baina lehen aldaketa etxean hasten da, norbere barruan eta inguruan. Eta batailatxo horiek irabazten joateak ekartzen du apurka jarrera kolektiboak ere indartsuago izatea.
joe, barka txapatzarra.
Euskarazko Bilbao bat:
Ez dut oso ondo ulertu esan nahi duzuna. Beste behin diot. EHEk ez dio euskarari, euskalduntasunari edo euskaldunari inolako mugarik ezartzen. Euskara ez da izan behar urbanoa. Euskara urbanoa da. Eta mendikoa, eta garaikoa, eta erakargarria, eta nahi duzun guztia; euskara euskaldun bakoitza baita.
Zorionak EHE, Kontseilua, Behatokia eta gure hizkuntz eskubideen alde borrokan zaudeten guzitei !!
.
“BEHATOKIAK ONDORIOZTATU DU ERAKUNDEEK EZ DITUZTELA BERMATZEN EUSKAL HIZTUNEN ESKUBIDEAK”
.
“Euskaldunen eguneroko ezinak bistan jarri ditu beste behin ere Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Euskarak hamaika traba izan ditu 2013an, eta alor frankotan ez du tokirik. Txostenak ohartarazi du euskarak “zokoratuta” segitzen duela: “Euskaraz bizi nahi dutenen eskubidea ez dago bermatuta”. Behatokiak ondorioztatu du herritarrak aldaketarako giltza direla eta haien aldarrikapen irmoek lorpenak ekarri dituztela. Urratsak ikusi ditu aurreko urteekiko. Zenbait datu baikor ditu bildumak; iaztik, %26 jaitsi dira kexuak. Behatokiaren arabera, erakundeak sarri herritarren nahiaren atzetik doaz. “Inplikazioari esker hartzen dituzte neurriak”. Dena den, nabarmendu du hizkuntz eskubideak bermatzeko bitartekoak jartzean huts egiten dutela.”
.
http://www.berria.info/albisteak/91688/behatokiakondorioztatuduerakundeekezdituztelabermatzeneuskalhiztunen_eskubideak.htm
Ez naiz batere trebea ideiak, pentsakizunak, abstraktuan mamitzen, mentsa nirea da eta ez irakurlearena, jakina, ea ba berriro, adibideez lagunduta oraingoan: Bilboko kale nagusiko arropa denda modakoa, alkandora pare bat erosi guran ni, gustukoak edo hartuta, kutxara noa, nerbioak, estres linguistikoa, euskaraz nik, neskatoak ere euskaraz natural-natural, bingo, ilaran dozena erdi euskaldun euskaraz hasi dira barra-barra, perretxikoak lez azaldu dira,seinale baten esperoan ibili izan balira lez, hau miraria!! Baina euskaraz egin ez banu, euskararen erabilera zero tristea izango zen ordukoan. Ondorioa euskalduna identifikatu beharra dugu, adierazgarriren bat behar dut/dugu HIRIAN jakiteko euskara ulertzen duten 180.000 horietakoren baten aurrean nagoela/gaudela jakiteko (eta hori ez da inola ere hala Lekeition, Oiartzunen…).
Linea horretan oso kartel interesgarriak ikusi ditut Algortan: “taberna honetan euskaraz egiten dugu eta egiten ez duenak atseginez hartuko ditu gure bezero euskaldunak”. Ziur nago holako edo bestelako identifikazio orokor bat lortuz gero, zalantza eta beldurra uxatuta, euskararen erabilera ederto zabalduko litzatekeela gure hirietan. Hori adibide bat baino ez da izan, ez dakit oraingoan argiago bota dudan.