Mozorroak erantzi
Euskarak aurrera egiteko eta hedatzeko aukera handiak dauzka. Erakutsi dugu horretarako gauza bagarela.
Gure gurasoek eta aurreko belaunaldiek erakutsi ziguten bidea: atxikimendua eta nortasuna, egoera zein den ere.
Egungoak baino baldintza askoz latzagoak jasan arren, gaurdaino ekarri zuten nor egiten gaituen hizkuntza. Eskuen artean isurtzen ari zaigun horixe bera.
Euskarak aurrera egiteko eta hedatzeko aukera handiak dauzka, baina…
Haurrak euskaraz hezten dituen ikastetxe sareko buru horrek ere, euskaraz egiteko aukera izan arren, españolez egiten badu bizimodua gehien bat, eta berdin gertatzen bada internet euskalduntzeko ardura dutenetako bat edo besterekin, edota haurrak eta gazteak euskaraz hezteko ikastetxeetako eta unibertsitateetako irakasle askorekin ere…
Euskaltegian helduak euskalduntzetik bizi diren irakasle hainbat, edo euskara normalizatzeko lanetik bizi direnetako zenbait españolez bizi badira euren bikoteekin…
Bere ikasleei euskara gehiago erabiltzeko eskatzen dien irakasleak Ikastetxetik irten bezain pronto erdarari heltzen badio…
Euskara irakasleak trebatzen dituen profesional txit prestua, erdaraz bizi bada bere eguneroko arruntean…
Helduen artean espainieraz gozo-gozo ari ohi diren euskaldun jatorrek, haurrei, espainieraz ari direlarik, euskaraz egin dezaten exijitzen badiete…
Euskal Herri euskalduna helburu omen duen espainierazko prentsa abertzaleak bere horretan badirau…
Euskararen normalizazioaren alde omen dauden eragile gehien-gehienek erdaraz jarduten badute nagusiki…
Alderdi politiko abertzaleek, sindikatu abertzaleek eta politikari abertzale gehienek euskarari dagokionez behintzat, gauza bat predikatu baina kontrakoa egiten badute, euren agendetan euskara soilik Korrikan eta Ikastolen aldeko jaietan azpimarratuta ageri bada, eta gure ordezkari politiko abertzaleak bezala, gutako gehienek erdaldun harroen aurrean makurtzen jarraituko badugu…
Bide horretatik jarraituko badugu, hobe genuke mozorroa erantzi eta etsipena eragiteari eta barregarri geratzeari utzi behingoz, españoles del norte eta franceses del sur otzanak garela aitortu, eta bakea eman, besteei eta guri-geuri ere bai.
Ez dakit, Itzain, zure artikukua ezkorregia da, eta autoflagelazioz betea dago. Euskararen gainbeheraren errua euskararen alde gehien egiten ari garenona da? Kontraesana nabarmena da…
Ez Peru. Ondo irakurri, ez baitago autoflagelaziorik. Flagelazioa, izatekotan, itxurakerietan dabiltzanei aplikatu diet. Euskara irakasle, euskara teknikari eta euskaltzale gehienak flagelazio orotik libre beude!
Aipatu ditudan kasuak, egiazkoak dira, lotsaemangarriak kasu askotan, eta uste dut mahai gainean jarri beharrekoak direla, gezur batean ez gaitezen bizi behintzat.
Erabat ados.
Euskera erabili behar da, entzun behar da, bestela ezertarako ez dute balio nafarroa oinezak eta korrikak, ikastolak…
Niri ere autoflagelazioa iruditu zait eta beste hau gogoratu dit:
Euskararen egoeraren errudun nagusiak España ta Frantziar inperioak dira. Autoflagelazioa konkistatuaren sintoma bat da.
Agian, erromantizismoak ahaztu eta errealitate gordina onartzeko garaia heldu zaigu. Euskaraz bizi nahi dugunok hizkuntzarekiko atxikimendu handia izan dezakegu, bai, baina gehiengo izatetik urruti gaude oso.
Nik ez dut ezagutzen planeta honetan “atxikimenduz” eta “maitasunez” bakarrik aurrera egitea lortu duen hizkuntzarik. Guk espainolez eta frantsesez estatu batek inposatu zigulako ikasi genuen. Euskarak bere aldeko boterea behar du, bere aldeko legeak, azken finean, estatu propio bat.
Guztiz ados artikuluarekin eta azkeneko iruzkinarekin, jende gehiena ez ditu hizkuntzak borondatez ikasten (gehiengo zabal batek behintzat), behartzen dituztelako baizik, berdin zait lana bilatzeko behartuta egotea, legeak horrela esaten duelako, dokumentuak hizkuntz bakar baten daudelako…… Borondatez gehiengo batek gauz gutxi egiten bait ditu.
Edo legez behar eta merezi duen lekua ematen diogu edo bizitza osoan atxikitu beharko gea Euskarari, eta hori oso nekeza denez, indarra galtzen joango da gutxinaka gutxinaka, orain arte gertatu den bezala.
Jendeak kexatzen bada legez babesteagatik doaztela popatik hartzera, tinko mantendu beharko zian talde politikoak, bainan PNVren hizkuntz politikak ikusiz( ezker abertzalea bere daka bainan PNVrena…), Euskal Herrian Euskara ez dula inposatuko erran duenean, haurreskoletan gaztelera bultzatzea bozkatu dutenean, askotxo Euskara ez dakitenean (hau politikari guztitan iraingarria iruditzen zait, bainan politikari abertzaletan LOTSAGARRIA baino gehio dirudit), baita dakigunak (hau Euskaldun zahar askorei ikusi diet, bainan gehiengo batek egiten degu) beti borondate onez , gaztelera pasatzen bagea milaka aitzakikin….. Azkenean Euskara hil egingo da.
Niri Euskaldunzahar batzuk nazi deitu didate Euskara gaztelera bezala, derrigorrezkoa izan behar dela erran dudanean, ez dute ulertzen bizirik mantentzen dian hizkuntz guztiak eta galtzeko arriskuan ez daudenak, legez inposatzen diala. Eta ez zaie hain gaizki (edo ez dute aditzera ematen) iruditzen gazteleraren inposizioa baina bai Euskararena.
Sinesgaitza iruditzen zitzaidan entzun nunean bainan zindagit horrela dela.
Hori da kolonialisten garaipena eta kolonizatuen porrotarik agerikoena, Sugar, aipatu duzun erderen inposaketaren onarpena eta aldiz, euskara errespetarazteari uko egitea. Oso sarri ikusten den jarrera da kolore guztietako euskaldunen artean, bereziki unionisten artean (sekula ez dut ulertuko zer egiten duten zenbait euskaltzalek PSOEn, adibidez), baina baita kolore guztietako abertzaleen artean ere, batez ere EAJkoen artean.
Bestalde, bada abertzaleen artean, ebidentziak begi bistan jarritakoan urduri jartzen denik ere, baina tira…
Euskaldun zaharrak aipatu ditut niri gehien inpaktatu nautenak izan dialako, mota guztietako jendea dago horrela pentsatzen dutenak, guztiz kontrakoak dian Eukaldun zaharrak ere ezagutu ditut, ez dutenak beti hizkuntzez aldatu nahi eta derrigorrez ikastea izatea defendatzen dute (Euskaldunak ulertu ahal izateko).
Gehien flipatu ninduena duela asko ezagutzen nun gizon bat izan zen, 5 urte ta geo jakin nun Euskaldunzaharra zela, jakin nunean Euskaraz egiten hasi nintzan beti, eta a ze ezuztekoa, gazteleraz erantzuten nau beti, bainan beti beti, bere anaia aldiz kontrakoa da, Euskaraz egin badezake Euskaraz eiten du.
Guztiok gaude garaituta eta askok jotzen degu askotan gaztelerara (askotan konturatu gabe), bainan gauz batzuk guztiz harrigarriak iruditu zaizkit. Oain ez nau hontaz ezer harritzen, ulergaitzak iruditzen zaizkit gauz asko, bainan harritu batere ez.
Coca Colako zuzendaria Pepsizale amorratua balitz, atoan botako lukete kalera. Gurean berriz edozer ikustera ohituta gaude eta ezer ez da gertatzen. Euskadistán.
Lagun batek Araba Euskarazeko bideoa bidali dit, postaz; bideo alaia, jostaria, positiboa. Laguna euskalduna da, eta euskaltzalea, bere erara… Berak “El Correo” irakurtzen du egunero sarean (nik Berria erosi eta irakurtzen dut egunero); erosketak egiterakoan, berak prezioari eta kalitateari begiratzen dio (nik, ahal dela, horretaz aparte dendari euskaldunik edo euskarazko presentziarik badagoen erreparatzen dut); nobela bat euskaraz oparitzen badiot, “Uff…!” esaten du gehienetan; sarean nabigatzen duenean, ez dio erreparatzen goiko “eu” edo “es” hizkuntza aldatzeko aukerari; denda batean sartzen denean, ez zaio okurritzen euskaraz egitea dendariari (nik ia beti egiten dut proba), eta abar.
Lagun hori nire emaztea da, eta hizkuntzek gure bizitan behar duten espazioez eta joko-arauez hitz egiten dugunean, antzarrak ferratzera bidaltzen nau, pelma radikal intolerante bat naizela esanez. Hala eta guztiz ere, seguru aski Araba Euskaraz festara joango gara, “euskararen alde”. Baina ez didazue ukatuko euskararen alde egoteko moduak eta moduak daudela.
Horixe bera, ba!! Hemen bakoitzak daukan konpromiso maila dauka, eta horrekin egin behar dugu aurrera. Nahiago dut haurrei euskaraz eta helduei erdaraz egiten dien euskalduna haurrei ere erdaraz egiten diena baino. Eukararen mundua zabaldu ahala konpromiso gutxiko jendea ere hartuko du bere baitan, baita etxekoei erdaraz egingo dieten D ereduko andereñoak ere. Adibidez, hemengo “iritzi-sortzaile” batzuei etxeko telebistako kanalen aukeratik Disney Channel eta Clan kentzeko aholkua eman nienean “gero gure umeak bitxo raroak (sic) izango dira” eta era horretako argudioekin erantzun zidaten…
Konpromiso maila batetik beherakoen eskutik euskarak ezingo du aurrera egin. Konpromiso maila bat ezinbestekoa da. Azken 30 urteetako bilakaerari erreparatzea aski da horretaz jabetzeko. Euskararen erabilera, ez aurrera ez atzera, %15era ez da ailegatzen, eta gauza bat esan eta kontrakoa egiteko hizkuntz politikak ematen dituen emaitzak badakigu zein diren dagoeneko. Euskaraz egiteko aukerak izanik, erdaraz bizi den “euskaltzalea”, errausketa sistematikoaren alde dagoen ekologistaren antzekoa da. Bidenabar, telebista aipatu duzularik, arazoa ez da Disney Channel edo Clan kentzea ala ez. Arazoa da haurrek adin batetik gora, gero eta goiztiarrago, ETB1-ez ez dutela ezer jakin nahi, eta aisialdiko euskarazko eskaintza oso urria eta mugatua dela. Ezereza erdarazko aukeren aldean.