Morts pour la patrie?
Morts pour la patrie? –
Ipar Euskal Herrian edozein herritan aurki genezake “Morts pour la patrie” oroitarria. Bertan aurreko gizaldian izandako bi mundu gerretan erailak izan ziren euskal semeen izen abizenak jasotzen dira. Izen abizen euskaldunak orohar, euskara besterik ez zekiten mutil gazte lerdenak, armak eskuetan hartzera behartuak, derrigorrezko soldaduzkapean. Nora eta zergatik zihoazen asko jakin gabe, ulertezinak zitzaizkien frantses hizkuntzan jasotzen zituzten aginduak. Arrazoi horregatik hainbat kasutan zuzen heriotzeraino. Herririk txikienak ere mutil gaztez hustuak izan ziren. Iparraldeko hautetsiak eta elizako agintedunak euskal gazteak gerra haietara bideratzearen aldekoak izan ziren.
Eta historia errepikatzen ari da. Euskal Herriko udal guztietan aurkeztu diren gerraren aurkako mozioak, kasurik gehienetan ez dira osoko bilkuretan landuak ere izan, eta landu izan direnetan ere atzera bota dituzte hautetsiek, salbuespen bakarren batekin. Gaur Europan azken Ukraniarra hiltzera eraman arte prest ageri da NATO gerrarekin jarraitzeko. Eta azken ukraniarraren ondoren nondik jarraituko dute gerra hori gizakiz elikatzen?
Ez da nire asmoa larritasun faltsuak piztea, gure etorkizunean guk eragitea baizik. Guk erabakitzea gure etorkizuna, gure esku dago eta. Lau urtez behin herritarren interesei muzin egingo dien hautagaiak aukeratzearekin jai bai dugu hemen. Gure etorkizuna ezin dugu inbertsio funtsen, Black Rock eta Vanguard en, Wall Street edo munduko diru funtsaren esku utzi.
Egoeraz jabetu eta altxatzea ezinbestekoa zaigu, mugitzea, kontzientzia hartzea, ahalduntzea, ohartzea, herritar burujabe egitea eta ozen esatea lau haizetara, haien dirua ez dela gure aberria (edo patrie), eta ez dugula gerturik odola haien diru gosea asetzeko. Ez gaudela prest historia errepikatzeko, euskaldunen odola berriz ere isurtzen ikusteko. Ez dugu negar gehiago entzun nahi euskal herrietan, ez amaren bisita gehiagorik nahi erbesteko gure hilobi edo haien kartzeletan. Ez eta Gernika gehiagorik ezagutu nahi, ez hemen eta ez inon.
Etorkizuna bakean, errespetuan; inor ez inor menpe, norbere buruaren jabe eta herri guztiok bat eginik geroaren jabe, eten gabe zabalduaz gizatasunari bidea herri libre batean.
Aurtengo Urtarrilaren 4an, Donostian, Aieteko Jauregiaren aurrean elkartu ginen, hainbat herritar burujabe. ” Ez goaz gerrara. Gerrarik ez, ez gure izenean” adierazpen herritarra ozen eta lau haizetara helarazteko komunikabideei. Eta edonori adierazpenarekin bat egiteko aukera ireki genion, bakoitzak etorkizunari aurrea hartuz ozen esateko “Ez goaz gerrara. Gerrarik ez, ez gure izenean” eta kito!
Euskara besterik ez zekiten iparraldeko euskal seme haiek gogoan, Azken agurraren negarra (Gorka Knorr) dakart.
Morts pour la patrie?
Oso polita eta hunkigarria, baina bakezaletasunez mozorrotutako Errusiaren aldeko propaganda baino ez da artikulu hau.
Eskertzeko hitzak; polita eta hunkigarria. Bigarrena soberan, ez doa hortik ez.
Batez ere Errusiak libratu gaitu mundu ordena harrapari eta eugenista berritik, gu irensteko zorian egon dena. Piztia zaurituak kolpe mingarriak emango dituen arren, bariduri 2025 urtea amesgaizto honen amaiera izango dela eta sare kriminal horren gainbehera, gutxienez partziala.
Egia da, hala ere, kameleonizatzea lortzen dutela eta berriro ibilaldietara itzultzea, berriro indartsu ikusten direnean.
NATOk ez zuen inor gerrara bidali Ukrainan, gerrarik ez zegoenean. Ondoren ere, Ukrainarrak aurre egin zioten Errusiar armadari, eta gero NATOk, edo NATOko kideek eta beste batzuk, lagundu zieten.
“Gerrarik ez” leloa ustela da, ez baita erreala; “gerrazalerik ez” egokiagoa dakusat, eta gerrazaleak akabatzea zeregin premiazkoa, nola edo hala. Bertsolariyak: “Gerra nahi duben guztiya, berari kendu biziya”
Itzali telebista errealitateaz jabetzen hasteko eta ohartuko zara bakean ere bizi gaitezkeela aurpegia agerian.
Gu bakean bizi gaitezke, bai, besteak, zergatik ez?
Gu mugagabean ez da besterik. Zeren batek goserikan diraueino ez gara gu asetuko, beste bat loturik deino
ez gara libre izango.