Morboaren San Ferminak amaitu dira
Geroz eta parafernalia handiagoak erabiltzen dituzte espainiar hedabideek Iruñeko entzierroak jarraitzeko. Badirudi tourreko etapa bat emititzen ari direla. Laster helikoptero batek zezenen “pelotoia” zerutik jarraituko du, eta ez da inor harrituko. Kamara mordoa erabiltzen dituzte; hesietan, balkoietan, mugimenduan doazenak… eta guztia zertarako? Nahiko garbi dago, adarkadak ahal den hurbilenetik emititzeko. Ahal den odol gehien ikus dadin eta xehetasun morbosoenak ager daitezen.
Korrikaldia amaitu ostean, mahai-inguru batean eztabaidatzen dute, eta hamaika aldiz errepikatzen dituzte adarkadak. Igande goizeko emisioak “Inpacto TV” espainiako kate bateko programa gogorarazi zidan; erorketak eta ez beharrak behin eta berriz ematen baitzituzten. Ikusgarria zen nola adarkada bakoitza zortzi plano ez berdinetan erakusten zuten, detaile nazkagarriena ere agerian utziaz. Ondoren irudi berberek balio zuten informatiboak zabaltzeko. Nola ez. Une batez pentsatu nuen, zezenak harrapatutako protagonista nire ahaidea balitz, zein gogorra litzatekeen irudi horiek behin eta berriz ikustea. Badirudi telebista kateen zuzendariak ez dutela horrelako ñabarduretan erreparatu.
Daniel Jimenoren familiak errespetua eskatu du
Katramila guzti hau ikusita, entzierroan hildako madrildarraren familiak Jimenorekiko errespetua eskatu dute. Behin eta berriz irudiak ikustea “oso gogorra” egiten zaiela azaldu, eta mesedez irudiak gehiago ez emititzeko esan diete espainiar hedabideei.
Nafarroako Ikusentzunezkoen Kontseiluak, entzierroetan “morboan” erori ez daitezen eskatu die hedabideei.
Egia esan, urtero odola, adarkadak eta jende pilaketak bilatzen dituzte kameren objektiboek. Aurten errespeturik izanen da? Ez dut uste, baina tira, hor dago gomendioa.