Moden morroi
Moden morroi –
Gaur modetaz hitz egitera nator. Baina ez pasareletan ikusten diren horietaz; edota merkatuak saldu nahi digun azken produktuaren inguran; ezta ere, sistema kapitalistak ezarri nahi digun edozein motatako merkantziaz… Gaur militantzian modak, edota molatzen duten proiektuek, auzoek edota ideiek duten arriskuaz mintzatu nahi dut.
Agian zahartzen ari naiz eta ez daukat tendentzia hauek jarraitzeko behar den azkartasuna eta horregatik distantziatik ikusten dut jarrera hauen gabezia. Beste garai batzuetan, itsasontzi eder hauetara salto egingo zuen lehenengoetarikoa izango nintzela pentsatu dut ere. Adinak, distantziak edota auskalo zerk, baina fenomeno batzuek kezka apur bat sortarazi didate.
Egonezin hau, ingurua begiratzetik abiatu da, eta beraz, hasieran, indartsu eta erakargarriak diren kolektiboekin lotu dut soilik. Gerora, gehiago buruari bueltak ematen, pentsatu dut, joera hauek ez direla soilik ematen eragileekin, baizik eta moda mota hauek idei edo ideologiekin lotu daitezkeela ere.
Talde baten lana erakargarria bihurtzen da, beraien jardueraren tontorrean daude, eta logikoa denez, fase honetan militante gehiago irabaziko dituzte. Baina, zeren kontura? Hurbilduko diren kide berri batzuk, beste tokietan militatzen ez dituztenak izango dira. Hau txalogarria da, orain arte antolatuta eta aktibo ez zegoen jendea berera ekarriz, borrokan jarri dituztelako. Baina askotan beste fenomeno bat ematen da paraleloki. Goibel eta hain potente ez dauden beste kolektiboetatik bereganatzen dute jendea. Azkenean, gainbeheran dagoen toki batean lan egitea askoz zailagoa da eta ez hain dibertigarria.
Antzeko zerbait ematen da auzoekin, eta imajinatzen dut eskualde bereko herriekin gertatuko dela ere. Ni hiritarra naizenez, jaiotzez eta erresidentziaz, auzoetako egoerak ezagutzen ditut soilik. Zenbatetan ikusi dugu zentroetako auzoek gainontzekoak husten dituztela?
Azkenik, tendentzia honetara lotuta beste gertaera bat azpimarratu nahiko nuke. Larriagoa dena nire ustez. Batzuetan, ideologia edota teoria politiko batzuk modan jartzen dira. Hauek orokorrak edota sektorialak izan daitezke, baina bere eremuan sortzen duen distirak ez du uzten askotan, hausnarketarako tokirik. Teoria horren boom-a pil-pilean dagoenean, ez da kolokan jartzen egokia den ala ez, mugitzen duen olatuagatik baliogarritzat hartzen da eta jende gehienak horren parte izan nahi du. Hau, benetan arriskutsua delakoan nago. Militantzia akritikotasun honetatik garatzen badugu, oso erreza izango da etsaiarentzat koloreetako tendentziak gugan sartzea eta mugimenduak gure kontra abiatzea.
Militantzia bizi-hautu bat bezala ulertzen dut nik. Beti ez da alaia, ez gaitu zoriontsuak egiten, mina ematen du; hasiera batean lagun asko egiten dituzu, baina urteekin gehiago dira galtzen dituzunak, kopuruz behintzat. Bizitza bezala, beti ez da parranda. Aldiz, erabakitako bizimodua da barrutik jaiotzen zaigulako. Inguruan dugun mundu basati eta biolento honi men egitea, guretzat, aukera bat ez delako.
Hortaz, militantziak kontzientea izan behar du. Etengabeko formakuntzan oinarrituta. Ezin du gure desioetara erantzun, baizik eta errealitatean azaltzen diren beharretara. Ezin da dogmatikoa izan. Eta batez ere, luzerako bada, osasuntsua behar du izan.