Mintzodromoak Gasteizen
Karpa erraldoi bat, 4 txanda, 30 mahai, 120 aulki eta 3 gai. Horiek dira Gasteizen egingo diren mintzodromoen zifrak. Helburua berriz, egun osoan zehar 500 pertsona elkartzea euskaraz hitzegiteko. Anima zaitezte!!
Goizeko 10:00etan, 11:30etan eta 15:00etan ikasle gazteei zuzendutako mintzodromoak egingo dira, eta 18:00etan adin mugarik gabekoa. Edonola ere, Foru plazako karpara gerturatu nahi duen orok ateak irekita izango ditu mintzapraktika euskaraz egiteko.
Euskararen erabilera sustatu eta hizkuntza ikasten ari direnen artean jarrera aktiboa bultzatzeko helburuarekin euskaraz soilik mintzatzeko gunea jarriko du Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak azaroaren 28an Gasteizko Foru plazan, Gasteizko Udalaren laguntzarekin.
Saio bakoitzean, orotara, 120en bat pertsonek hartuko dute parte. Lau laguneko taldetan banatuta, 15 minutuko mintzapraktikak egingo dituzte parte-hartzaileek eta denbora tarte horretan hiru gairen (Gasteiz Green Capital, teknologia berrien eragina gizartean, eta euskaraz bizi) inguruan hitz egingo dute euskara hutsean euren iritziak konpartitu eta hizkuntza praktikatzeko asmoz.
Gasteizen egingo diren mintzodromo hauek, Ziurtagiriaren Elkartea bultzatzen ari den “Bai Euskarari, Urrats Biziak” ekimenaren barruan kokatzen dira. Ekimen honek bizitzaren arlo guztietan, baina bereziki arlo sozio-ekonomikoan euskararen normalizazioaren alde urratsak emateko helburua du.