Militantziak asko eman dit
Militantziak asko eman dit –
Hori dela eta, gaurkoan nire bizipen pertsonaletatik abiatuko dut hizpidea. Gaztetatik pertsona politizatua izan naiz, nire gurasoak ez zuten euskara ikasteko aukerarik izan; hala ere, argi zeukaten haien seme-alaben patua bestelakoa izango zela. Hauek ikasketak lan egiteko utzi behar izan zituzten horietakoak izan ziren, edota lizentziatura bi lanekin batera uztartu behar izan zuten horietakoak ere. Horregatik agian, greba zein langile klase hitzak askotan errepikatu dira gure etxean. Feminismoaren inguruan galdetu izan didaten bakoitzean nire erantzuna izan ohi da amak feminista izaten irakatsi zidala, baina zergatik ari naiz honakoa kontatzen? Ba gurasoek borrokatzen eta kritikoa izaten irakatsi zidatelako, militantziaren hitzari esanahia ematen hasi zirelako.
Baina esan bezala, honakoak nire bizipenak dira, zuen ibilbidea ez da berdina izan behar. Gogoan dut, era ofizialean, auzoko asanbladara hurbildu nintzen lehendabiziko aldia, lehendabiziko urduritasunak, lehendabiziko izen erronda. Ordutik hamarkada bat ez ezik auzoko jaiak, manifak, kanpainak, prentsaurrekoak, atxiloketak ere pasatu dira. Ordutik, nire militantzia zein bizi esparruak aldatu izan dira, baina horietan guztietan zerbait berezia gertatu da. Nire militantzia kideak familia bilakatu dira.
Horrela da bai, gure gudu zelaian parte hartzen dute kide askok familia izaten bukatzen dute, gure txoko bereziena, gure borroka esparruen babes gunea. Baina zergatik gertatzen da honakoa? Zerk bultzatzen gaitu horretara?
Defendatzen ditugun ideien borrokan arima jartzen dugunok ez gara soilik pentsamenduen edo materialismoaren dialektikaz ari. Gure bizitzen inguruan ari gara, gure babesguneen inguruan, hain zuzen ere. Hori dela eta, ez dugu soilik denbora eskaintzen, gorputzak eta emozioak ere mahai gaineratzen ditugu.
Latza da bidetik kideak galtzea, eskua heltzen zizuna urruntzea, baina gudu zelai ezberdinetan bada ere borrokan jarraituko dugu. Bertold Brechtek esan bezala eta Silvio Rodriguezek abestu bezala: “badira bizitza osoan borrokatzen dutenak, horiek dira ezinbestekoak”.
Honekin guztiarekin zera esan nahi dut: militatzea bizitzeko forma bat da, mundua ikusteko betaurrekoak eta erabaki guztien baldintzatzailea. Dena den, 10 letra hauek sortzen duten hitzaren adiera oso ezberdina izan daiteke zuen norbanakoan, hasieran esan bezala galdera erraz baten erantzun mugagabetan galdu gaitezke.