Milaka eta milaka euskaltzale Etxarriko Oinez 2023 festan
Milaka eta milaka euskaltzale Etxarriko Oinez 2023 festan –
Nafarroa Oinez 2023ko arduradunak pozarren agertu dira Nafarroako Ikastolen festa handiak izandako arrakastagatik. Egunari begira jarritako helburua bete dela eta euskararen aldeko festa erraldoi bat antolatzeko erronkari oso ongi erantzun zaiola nabarmendu dute. Hau guztia ikastolen ikur den auzolanari esker posible izan da. Horregatik, era batera edo bestera parte hartu eta lagundu duten milaka lagunei eskerrak eman dizkie Nafarroa Oinezen antolakuntzak.
Eguraldi ona lagun, zirkuitua eta hiru guneak (Utzubar Txiki, Arluzepe eta Batzeta), jendez gainezka egon dira egun guztian zehar. Jendea erruz hurbildu Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolak antolatutako Nafarroa Oinezera, eta giroa ezin hobea izan da egun osoan. Goiza lainopean hasi bada ere, beroa izan eguneko protagonista nagusia. Ibilbidean zehar hainbat iturri eta zenbait tokitan ur tutu malguak eskaini dira freskatu eta beroari aurre egin ahal izateko.
Antolatzaileek egitarau anitza eta askotarikoa prestatu dute, eta oso arrakastatsuak izan dira egunean zehar aurrera eraman diren ekintza guztiak. Hala, goizeko 10:00etan festari hasera eman zaionetik, txikienentzako jarduerak zein adin guztietako jendearentzat egon diren kontzertu eta bestelako ikuskizunak ere modu pozgarrian gauzatu dira.
Atsedenik gabeko jaia egon da hiru eremuetan, maila handiko partaideekin: Lehenengoan Sakanako Erraldoien Konpartsa, Tik-tak txukun ikuskizuna, EITB Go!azen, ThePotes, TheTrikiteens, eta DjBull izan ditugu. Bigarrenean, Tapia eta Leturia, Oskia dantza plaza, Alarma Morea eta Trikidantz. Eta hirugarren eremuan,Kiki, Koko eta Moko; Lur Korta ipuin-kontalaria; Alerta Gorria; Nafarroa 1512; Gozategi… arduradunen hitzetan, giroa bikaina izan da hiru guneetan.
Antolatzaileek “Erronka” lehiaketak izan duen arrakasta ere balioetsi dute. Egunean zehar, Nafarroako ikastoletako ikasleek parte hartu dute lehiaketan. Lehen postuan San Fermin ikastola gelditu da, bigarren Lizarra eta hirugarren eta laugarren Zangoza eta Andra Mari ikastola. Bestalde, Rural Kutxako “Joven in video” lehiaketan, San Fermin ikastola izan da irabazlea, bigarren Jaso ikastola eta hirugarren aldiz, Lizarra.
Egunaren arrakasta nabarmendu dute antolatzaileek, bai bertaratu den jende kopuru handiagatik, bai eta jaieguna normaltasun osoz igaro delako ere.
Nafarroa Oinez 2023ko arduradunek, halaber, eskerrak eman dizkiete euskara eta ikastolak bultzatzera Etxarri aldera etorri diren pertsona guztiei, bai eta auzolan erraldoi honetan parte hartu duten lagun kontagaitzei. Denon artean, beste behin ere, Nafarroa Oinez gogoangarria gauzatzea lortu dugula nabarmendu dute. Gainera, ausardia eskatu diete eragile politikoei, Nafarroan euskara sustatu, eta zonifikazioarekin amaituko duen hizkuntza politika ausart, integral eta eraginkor bat martxan jar dezaten.
Datorren urtean, Zangotzako Ikastolak antolatuko duen Nafarroa Oinez festa bultzatzera animatu dute antolatzaileek, Nafarroan euskararen hazia ereiten jarraitzeko.
“Hotsein!” euskararen alde! Gora Nafarroa Oinez!
Milaka eta milaka euskaltzale Etxarriko Oinez 2023 festan