Mikel Ibargoien: “Emakumezkoak beti geratu ohi dira bigarren planoan”

mikel_ona

Kazetaritza ikasketak amaitu zituenetik, hiru urtez aritu da MIkel Ibargoien (Urnieta, 1989) ETBko kirol sailean lan egiten. Aurten, aldiz, irratian estreinatu da, Infozazpi irratiko ‘Kirol Leihoa’ saioan. Kirolari nesken erakusleiho izateko asmoz sortu dute,  eta astelehenero entzun daiteke, 14:05etatik 15:00etara, Infozazpin.

Zer moduz joan dira lehendabiziko lau saioak?
Oso ondo! Momentuz gustura gaude lorturiko emaitzekin. Euskal Herriko emakume kirolariei lekua egitea zen saioaren helburu nagusia, eta lortzen ari gara. Euskal Herrian emakume kirolari mordoa dugu, eta horietatik asko maila oso altukoak, gainera. Hortaz, merezi zuten eurentzat saio bat izatea!

Telebistan lanean aritu zara orain arte, eta irratsaio bat zuzentzen duzun lehen aldia duzu hau. Nola moldatzen zara?

Egia esan, lan ikaragarria eskatzen du mota honetako saio bat bakarrik aurrera ateratzeak. Lehenik eta behin, saioan nagusituko diren talde eta kirolariekin, kronikak eta elkarrizketak egin ahal izateko, harreman sarea osatu beharra dago.
Eta gero, noski, asteburu bakoitzean gaiak erabaki, kronikak prestatu eta elkarrizketak egin eta editatu egin behar dira, ondoren saioan entzun ahal izateko. Guztira, 15 albiste inguru egiten ditugu saio bakoitzean, eta horietatik 10-12tan kirolarien korteak doaz. Horrek esan nahi du 10-12 elkarrizketa labur egin eta editatu behar ditudala. Eta, horretaz gain zuzenean buruturiko elkarrizketa labur eta luzeak daude.

Eroso sentitzen zara euskarri honetan?
Banekien erronka handia izango zela baina askotan esan ohi den bezala, gustuko lekuan aldaparik ez. Gustura nabil eta eskerrak eman nahi dizkiet laguntzen didaten talde eta kirolari guztiei. Momentuz laguntzeko prestutasun ikaragarria erakutsi didate, eta hala izango ez balitz, saioa aurrera ateratzea ezinezkoa litzaidake.

Zein da zure saioaren egitura?

Alde batetik, asteburu bakoitzean jokatzen diren partida eta lehiaketa desberdinen kronikak egiten ditut. Kronika horietan kirolarien adierazpenak ere txertatzen ditugu. Izan ere, eurek dira benetako protagonistak eta eurei ahotsa ematea interesatzen zaigu. Bestetik, astero kirolari bat elkarrizketatzen dut sakonean.

Baina, noiz eta nola jaiotzen da ‘Kirol Leihoa’ programa egiteko ideia?

Orain arte kirol kazetari moduan aritu izan naiz lanean, baina, oro har, gizonezkoen gaineko albisteak landu ditut. Kasu bakan batzuetan emakumeen gaineko gaiak lantzeko aukera izan nuen eta orduan hasi nintzen konturatzen zer nolako maila eta meritua zuten. Haiei eskainitako arreta, ordea, oso txikia zela jabetu nintzen eta horrekin apurtuko zuen proiektu bat martxan jartzeko ideia otu zitzaidan. Aspalditik nuen buruan bueltaka, eta Infozazpiri proposamena luzatu nion, oso interesgarria iruditu zitzaien eta martxan jarri dugu aurten.

Nola baloratzen dituzu zuk hedabideek emakume kirolarien inguruko gaiak jorratzeko dituzten irizpideak?
Lorpen handiren bat eskuratutakoan soilik agertzen dira emakumeak hedabideetan, baina egunerekoan oso jarraipen urria egiten zaie. Duela urtebete inguru Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak azterketa bat egin zuen horren harira, eta datuak guztiz ziren argigarriak: 100 kirol albistetik 5,89k aipatzen zuten emakumeen jarduna. Gara zen tarte handiena eskaitzen zien egunkaria %11,5ekin, eta, gutxien, aldiz Marcak %2,9rekin. Egia da lagina astebetekoa bakarrik izan zela baina ez dut uste portzentaiak asko aldatuko zirenik lagina handiaga izan balitz. Orduz geroztik ere ez dut aldaketa esanguratsurik somatu.

Euskal kazetaritzak ere hutsune berdinak dituela erranen zenuke?
Pixkanaka emakumeen presentzia handitzen ari den arren, oso garapen geldoa da eta emakumezkoak beti geratu ohi dira bigarren planoan. Hots, gizonezkoak lehenesten dira beti. Horregatik, ezinbestekoa da hedabideetan haien presentzia handitzea. Modu horretan, pixkanaka gure mentalitatea aldatuko litzateke, eta neurri berean, emakume kirolariekiko interesa handitzen joango da jendearengan…

 

Testua: Saioa Baleztena @SaioB

Irakurri elkarrizketa osoa: GAZTEZULO.COM-en

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.

3 pentsamendu “Mikel Ibargoien: “Emakumezkoak beti geratu ohi dira bigarren planoan””-ri buruz

  • kirolari gizonezkoek baino kalitate askoz baxuagoa dute emakumezko ligek.estropadetan esaterako distantzia erdia egiten dute. beraz zergatik eman behar diegu protagonismo gehiago? emakume direlako? stop sexismoa euskal herrian!!

  • Emakumeak, umeak bezala tratatu behar dira: edozer gauza egiten dutelarik ere, txalotu eta “ze ondo egiten duzun” esan, nahiz ta gizonek baino okerrago egin. Kontrakoa matxismoa da bestela.

  • Aurreko biei: entzun al duzue “Kirol leihoa” saioa? Badirudi ezetz.

    Uste ustelak zabaldu aurretik, informa zaitezte, eta ez iraindu besteen inteligentzia, mesedez.

    Zenbateko presentzia du kirol informazioak hedabideetan? Gizonezko kirolariek zenbateko tartea hartzen dute? Eta emakumeek? Kalitate kontu hutsa al da?

    Norberak bila dezala bere erantzuna. Niri txalogarria iruditzen zait “Kirol leihoa” ekimena, hainbat arrazoigatik: batetik, emakumeen lanak oro har duten presentzia mediatiko eskasagatik; bestetik, emakume kirolarien lanak hedabideetan jasotzen duen arreta hutsaren hurrengoa delako; azkenik, irrati saio hori, ongi egindako kazetaritza lana delako.

    Saioa entzuten baduzue, beharbada, ohartuko zarete oso lan txukuna egiten duela Mikel Ibargoienek, kirolzaleentzat interes handikoa, eta apustu aipagarria dela Info7 irratiarena. Nire zorionik beroenak haientzat. Espero dut halako leiho gehiago zabaltzea euskal hedabideetan (bereziki publikoetan). Ea egurasten dugun behingoz giro atzerakoi eta itxi hau (zakil usaina dario, aspalditik).

    PD: Bide batez, ez naiz kirolari, ezta emakume ere.