Michel Duhart: Lapurdiren historia laburra (Bigarren partea)

Michel Duhart: Lapurdiren historia laburra (Bigarren partea) –

Lapurtarrek ordaintzen zituzten zergak, bi motatakoak ziren: erregeari zor zitzaizkionak, eta, probintziarako zergak. Frantzian gaindi, nekezariak estatuaren, jaunaren eta elizaren zergek lehertuak zegozelarik, Lapurdin zerga sistema  hobea bazuten: zerga feudalik ez zegoen; tailla (taille), laguntzak (aides), gabela (gabelle) ez ziren existitzen ere; tabakoa erdi preziotan saldua zen erreinuko beste tokiekin alderatuta.

Kuotaren sistemari esker, urtez urte, herriak sindikari ordaintzen zion aurretik finkatutako dirutza bat (forfait). Sindika (syndic) probintziaren diruzaina zen. Biltzarrak bozkatutako zergak biltzen zituen, eta, batzuetan, bere ontasunaren gainean erantzule izan behar zen administrazio fiskalaren aurrean. Esperientzia batzuek erakutsi zuten kargu arriskutsu  horrek bazaukala ohorezko abantailez besterik. Izan ere, XVII. mendean, Martin Chourio, Azkaingo notariak gertakari larriak eragin zituen. Sindik horrek berandutu zen konduak azaltzeko. Biltzarra bildu zen Durruty sindik izendatzeko Chourioren ordez. Honek protestatu zuen, beste  biltzar bat antolatu, nahasmendu izigarria sortuz, Durruty horren izendatzea hausteko. D’Arcangue erregearen prokuradoreak, biltzarkide berotuenak detenitu zituen, bainan, Chouriok bere aldekoak Uzaritzera bidali zituen, presondegiaren bortak bota eta detenituak askatzera. Baileak afera ereman zuen Bordaleko parlamentura, eta, honek Chourioren detenitzea agindu zuen. Agindua betetzeko 30 bat jendarmekin Azkainera joan zen uxerak, karrikak eta ezkila dorrea okupatuak aurkituz geroz, atzera egin behar izan zuen. Orduan, baileak milizia mobilisatu zuen, Chouriok bere aldekoak armatzen zituelarik. Herria, bi urtez, erabat nahasirik egon zen eta lasaitu zen bakarrik Chourioren heriotzarekin.

Gora behera horiek ez zuten Lapurdiren bizitza ekonomikoa sobera arriskuan emaiten; izan ere, bere baliabideak, lurren hedadura eskasaren eta antzutasunaren gatik, ez zauden horrenbeste laborantxan, atzerriko komertzioan eta nabigazioan baizik.

Inbasio militarrak larriagoak ziren, batez ere, 1523 urtean, Charles Quintek igorritako lanskenet (lansquenet) alemanek, Orangeko printzearen zuzendaritzaren pean, probintzia inbadiatu zuten. Amorrua zuten ezbaitzituzten Baionako defentsa murruak pasatu ahal izan, atzerabidean, arpilatzeari eta erailketari ekin zieten, batez ere Uztaritzen nun etxe bat ere ez zen onik atera.

Lapurdik ekidin baldinbazituen XVI. mendetik, erligio gerlek sortutatuko nahasmenduak, aldiz taldeen arteko gataskek, miseriak, izurriteek, bekaizkeria kontuek, sorginen kontrako auziak emendatu zituzten, hauek gehienetan sospetxatuen erailketarekin bukatzen zirela. 1572 urtetik 1578 urtera, Boniface de Lasse, bailerri tribunaleko liotenant kriminalak berrogei bat «sorgintsa» Uztaritzen bertan errearazi zituen, bainan, XVII. mendearen hasieran gauzak hasi ziren zinez larritzen, botere guziekin erregeak bidaliriko komisio baten etorrerarekin. Komisio horren buru, Pierre de Lancres. Azken personaia izigarri honek, euskaldun jatorrikoa izan arren, ez zituen gorrotoa eta mespretxua baizik «behartsu, iraultzarako ezgai, artesau txar, eta, esku lanerako ezgai» ziren Lapurtarren aldera; Beste batean, haiei buruz erran zuen ere: «lapurtar miserableenek ere etxe baten jaun edo andere titulua errebeindikatzen dute, herrian daukaten  etxe hura zerritegi bat izan arren»

Magistratu horren misioak, gau eta egun aritu zen lau hilabetez, iraun zuen. Bere erotasun odoltsuak biktima asko egin zituen.

Lapurtarrak nahikoa kontent ziren beren egoerarekin, bainan XVIII mendetikako gertaerak ikusita, hasi ziren arranguratzen. Lehenik Uztaritzeko tribunalaren ahalmenak bereganatu nahi zituen Baionako senekalaren maniobrak, gero erregearen diruzainak zerga gero ta pizuagoak inposatzen hasi zirenak, azkenean Utrechteko hitzarmena, Donibane lohitzuni eta Zibururi Saint Laurent golkoko beren arraintza eremuak  kendu zizkiena.

Hala ere, 1789 urtean, estatu orokorren (etats generaux) hasieraren bezperan, beren agiantzen zerrenda (cahiers des doleances) egin zutenean, erreklamatu eiki zuten modan zegoen monarkia konstituzionala, bai ta ere, asanblada permanente bat legeen bozkatzeko, prentsa independiente bat, bainan zinezko kezka nausia zen herriaren pribiligioen mantentzea, hau da,  tribunala, biltzarra eta guzti. Bada, hautatu zituzten bi deputatuak, Dominique eta Dominique-Joseph Garat anaiak ez ziren ordea batere ikuspuntu horretakoak; Erreinuaren estruktura arkaikoen suntsitzeko berrikuntza programa zabal baten alde ziren. Haientzat, probintzia tipi baten eskubideen defentsa ez zuen den mendreneko inportantziarik proiektu haundios horren aurrean.

1789ko abuztuaren 4eko gau famatu hartan, beren kide deputatuen eromena kolektiboan murgildurik, Garat anaiek kar haundiz pribilegio guzien abolizioa bozkatu zuten, bai pertsonenak, bai ta ere, probintzienak. Arinkeriaz, sakrifikatu zituzten horrela Lapurdiko aspaldiko eskubideak, beren hautesle guzien nahikundearen kontra. Hauek beren kolera erakutsi zuten deputatu desleialak despeditzea mehatxatuz, bainan alferretan.

Halarik ere, Biltzarraren erreakzio bizi horrek Garat anaiak honetaz bederen konbentzitu zituen: konpreni bazitekeen euskaldunek beren erregimen berezia galtzea onar dezaten, berriz haientzat esentziala zen beren entitatea defendatzea, esentziala zen eragoztea, anitzagoak, indartsuagoak, hizkuntzaz eta kulturaz diferenteak ziren auzoekiko bateratzea. Horrengatik, Frantziaren berrantolaketa administratiboa aztertua izan zenean, Biarnoa, Lapurdi, Nafarroa behera, Zuberoa eta Baiona bateratzen zituen Basses Pyrenées departamendu bat  aurreikusten zuena, Pabe buru, bi anaiek beren ikuspuntua pasioarekin defendatu zuten. Alferretan izan zen. Asanbladak proietua bozkatu zuen deus hunki gabe. Hainbesterekin, Dominique Joseph Garatek protesta ospetsu bat egin zuen beste deputatu guzien hasarrea eragin zuena.

Azken aldikotz, biltzarra bildu zen 1789ko azaroaren 18an, sindikari (ez eta delako bi deputatuei) agindu zion Asanblada nazionalari eskatzeko ordura arteko konstituzioa mantentzea, edo bederen, Nafarroa beherearekiko eta Zuberoarekiko bateratzea eskatzeko.

Azken urrats horrek, bistan da, ez zuen ondorio bihirik ere lortu eta ez zuen gertakarien ezinbesteko korrika berandu. 1791ko urtarilaren 14an, Uztaritzeko tribunala, ofizialki eta behin betiko, Baionara eremana izan zen. Udalzainek, gertakari dramatiko hura ospetsuki  markatu nahi izan zuten. Beren xarpa soinean zutela, udalzainek Herriko etxearen eta bailerriko tribunalaren arteko bidea ilaran  egin zuten, eta, zigiluak jarri zituzten bi artxibo geletan.

Lapurdi desagertzen zen entitate juridiko gisa, bainan, denen artean, Uztaritze herriak zuen jaso kolpe larriena. Biltzarraren desagerpenak, tribunalarenak batez ere, bailearen inguruan ari ziren agente guzien joaitea eragin zuen: juje, abokat, idazkari, notari, uxer, sarjent… Gainera, Espaniaren kontra Konbentzioak deklaraturiko gerlak Errobitik hainbat mendetik egiten zen ibai garraioa baratu zuen, bai ta, horri esker lan egiten zuten merkatarien, mandozainen, zirgalarien eta biltegizainen joaitea eragin ere.

Lapurdi suntsituta zegoen polikaren eta ekonomiaren arloetan, bainan, bere zorigaitza ez zen horretan geldituko: erligioaren pratikaren kontrako oztopoek hasarrea sortu zuten populuaren baitan. Baionan, «populuaren ordezkariek» («representant du peuple»), Pinet eta Cavaignac deituriko gaizkileek untsa bazakiten Lapurtarrek hastiatuak zirela. Espedizio militarraren hastetik, 1794ko martxoaren 3an, lapurtarrak akusatu zituzten espaniolekin kolaboratzea. Mendekuz eta gaztiguz, agindu zuten hainbat herriko biztanleen deportazio masiboa, hala nola, Sara, Azkaine, Biriatu, Itsasu, Espeleta, Zuraide, Kanbo, Larresoro, Makea, Mendiondo eta Luhuso. Biztanle guziak, hiru mila jende inguru, emazte ala gizon, edozein adineko, beren etxeetarik ateraiak izan ziren, orgetan kargatuak, eta preso ezarriak Landesetan eta Gersean. Aterbe okaztagarrietan hetsiak, gaizki haziak eta orotaz gabetuak, malurus horietarik asko hil zen.

Gertakari tragiko horrekin, utziko dugu Lapurdiren historiaren laburbilduma hau.

B.Castorenek itzulia.

Michel Duhart: Lapurdiren historia laburra (Bigarren partea)

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

2 pentsamendu “Michel Duhart: Lapurdiren historia laburra (Bigarren partea)”-ri buruz

  • Pello Eizagirre 2019-08-25 12:06

    Benat, Euskal Herriko historia zurekin zorretan dago “Luis Mª Martínez Garate, Ustaritz 1789. Laburdi en la Revolución Francesa ezinbesteko bultzatzailea izan zarelako.”
    Ez dut oraindik irrakurri liburua baina ziur-ziur begia botatzeak merezi duela
    https://nabarralde.eus/luis-ma-martinez-garate-los-estados-espanol-y-el-frances-siempre-han-tratado-de-centrar-a-cada-parte-de-vasconia-en-su-imaginario-nacional/
    Zoritzarrez, gazteleraz bakarrik egina dago, euskeraz ere ilki dadin,otoi dezagun, euskerazko historiografía arras argala baita.

  • Benat Castorene 2019-08-25 14:00

    Michel Duhart da kultura haundiko kontserbadore Euskal herrizale suhar bat. Beti oso onesta eta zehatza bere erran eta idatzi guzietan.
    Uztaritzeko artxiboak arakatzeaz gain, asko ikasi zuen Eugene Goyhenetche eta Louis Dassance uztarriztarren ondoan.
    Ene meritua biziki tipia da. Bi historialariak kontaktuan jarri ditut. Haien arteko bi elkarrizketetan parte hartzeak segituan haundizki saristatu nau.
    Ene adiskide Luis Mariaren liburuari egotziko nukeen gauza bakarra da ez duela azpimarratu Lapurdiren eta Baionaren betidanikako oposizio nazionala eta etnikoa, ez eta esplikatu horrengatik izan zela hautatua departamenduaren zentro administartibo bezala Pabekin batera.
    Tabuz mintzatzen nintzanean, horretaz mintzatzen nintzen zehazki.