Micah P. Hinson-en desastre antologikoa

Micah P. Hinson donostian – Juan G. Andres

Antzoki Zaharreko atze-oihaletatik txalo artean eszenatokira sartzean zekarren balantzak salatu zuen hasiera-hasieratik Micah P. Hinson. Marmarka, bakarrizketan, guztiari fucking.

Katarroa zuela eta arrainontzi batean burua balu bezala abestuko zuela-eta abixuka hasi zen emanaldiarekin. Eta abixuka amaitu zuen. Fokoei ostikoka hastea bakarrik falta izan zitzaion. Ez nuke nahi muxukatzen zuen mikrofono retroa izan, batek jakin zer likore edo zerbezaren, zein, tabakoaren hatsa funtzio guztian zehar dastatzeko. Pentsatzeak soilik goragalea ematen dit.

Lehen abestitik ahotsak eta gitarra jotzeko erak arrazoi ematen zioten eszenatokira sartzerakoan zeraman balantzari. Kitarra apenas zen entzuten, ia ez baitzien eskuei eragiten. Ezin zituen mihia eta kitar kolpeak koordinatu. Akordez erratu eta zabarki konpontzean okertzea besterik ez zuen lortzen. Pena emateraino. A ze espektakulua. Abestia bukatzerakoan, 2,1 segundoko ixilune deserosoa eta gero hasten ziren lehen txaloak.

Gure aurrean jesarrita zegoen oriotar talde batek, zinez suminduta, “¡Fuera!” bat edo beste oihukatu zion. Bukatu aurretik atera ziren Antzoki Zaharretik. Ez ziren bakarrak izan.
Goiko argazkiaren egile, Juan G. Andres laguna ere ez zen ez aldarte onean. Beste batzuk umorez hartzen saiatu ginen, ordaindutako 20 euroak ahanzteko saiakera eginaz.

Micah P. Hinson: ”Ilargian ibiltzea lortu dugu, baina oraindik ez daukagu desafinatuko ez den kitarrarik”

Bigarren edo hirugarren piezan (hala deitzerik baldin badago), Hinsonen hatsaz nazkatuta-edo, mikrofonoak irrist egin zuen beheruntz. Nola ahala, burua makurtuz abesten segi eta segundu gutxira mikroaren hankarenak ere egin zuen. Haserre, kantua gelditu zuen imintzioka, berriz ere guztia ondo jartzeko. Marmarrean, Mr Bean estilora. Eta abesten segi zuen batek daki nondik… Dena horrela.

“Ingalaterran egoten naizen bakoitzean gaixorik itzultzen naiz…”, zioen, “England is a dirty shit”. Abesti eta abesti artean poltsikotik ateratzen zuen ordularia, batere erreparorik gabe. Bere denbora hartzen zuen hamaika aldiz kitarra afinatzeko: “Ilargian ibiltzea lortu dugu, baina oraindik ez daukagu desafinatuko ez den kitarrarik”. Eta horrela joan zen kontzertua, pare bat akople tarteko. Salbatu zitezkeen abesti bakarrak I can´t fall in love Elvis Presley-en coverra eta taldearekin batera jo zuena (kontzertuko azkena) izan ziren. Micah P. Hinson dekadente baten ahazteko kontzertu bat, edo batek daki, inoiz zinemetan ikusiko duguna.

Ezin Johnny Cash-en garai beltzenekin alderatzen hasi, Grand Ole Opry programan, Nashvillen ostikoka hasi zenekoekin esaterako. Baina Hinson ere ez dut uste askoz beherago joan ahal denik.

Noiz: Azaroaren 13an, 20:00etan Non: Antzoki Zaharra, Donostia
Nor: Micah P. Hinson, Timber Timbre

Hemen bideo bat, ondo egiten zuenekoa.

 

Ekaitza bainuontzi batean