Mendigorriko gurasoen eta Behatokiaren deia, gurasoek D eredua hautatu dezaten
Mendigorriko gurasoen eta Behatokiaren deia, gurasoek D eredua hautatu dezaten –
Mendigorriko auziak erakutsi du haurren arteko desberdinkeria sortzen duela egungo Euskararen Legeak.
Borroka luzearen ondorioz lortu da Mendigorrian D eredua, eta eskatu dute ez dadila Eskola Mapa berriro baldintza gisa paratu.
«Mendigorriko gurasoak oso pozik gaude datorren ikasturtean gure herriko haurrek D ereduan matrikulatu ahal izanen dutelako». Hala dio Iñigo Lergak, Mendigorrian D eredua gurasoen taldeko kideak. Behatokiarekin batera prentsaurrekoa eskaini dute gurasoek, Nafarroako Gobernuak Eskola Mapa aldatu eta euren herrian D eredua zabalduko zuela jakin ondoren balorazioa egiteko. «Gure haurrek euskaraz ikasi ahal izateko pauso garrantzitsua da, bai, baina ez zaigu ezer oparitu».
Luze borrokatu ondoren lortutako emaitza dela ziurtatu du Lergak. «Hilabeteetan ate asko jo behar izan ditugu, eskariak, bilerak, jakinarazpenak, erregistroak, erantzunak, abokatuak, prentsaurrekoak… Zenbat ordu eta neke. Nafarroan hizkuntza eskubideak eskatzea ez da erraza, oztopoak bat bestearen atzetik topatzen dira». Seme-alabek ere ondorioak izan dituztela dio, herrian bertan geratu beharrean Garesera egin behar izan dutelako egunero joan-etorria. Baina merezi izan duela diote gurasoek, «ez dugulako soilik gure haurren eskubideengatik egin, Nafarroa osoko haurren eskubideengatik baizik».
Bat dator Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendaria. «Hizkuntza eskubideen errespetuak eskubide unibertsala izan behar luke, eta, beraz, Nafarroako lurralde osoan haurrek berdintasunean berezko hizkuntza ikasteko aukera izan beharko lukete, ezarritako baldintzek inongo bereizkeria edo mugarik ezarri gabe». Horregatik, uste du Mendigorrian D eredua lortu izana «urrats txikia baina garrantzitsua» dela. Dena den, gogorarazi du oraindik ez dela Hezkuntza Mapako aldaketa gauzatu. «Aste honetan ziren aldaketa egitekoak. Beraz, lehenbailehen Mendigorriko D ereduaren aukera bermatu dezatela eskatzen diogu Departamentuari, inolako aitzakiarik gabe».
Hala ere, haurren arteko desberdinkeriak irauten duela gogorarazi du Gaubekak. «Nafarroan Euskararen Legeak ezartzen dituen muga, injustizia eta kohesio ezaren adibide gabia da Mendigorria». Izan ere, Mendigorriak erakutsi du euskaraz ikasi nahi duenaren gertutasun printzipioa urratzen dela, ez zaiolako herrian bertan euskaraz ikateko eskubidea ziurtatzen. «Hezkuntza Departamentuak erantzun izan digu Mendigorriko ikasleek euskaraz ikasteko eskubidea bermatuta zutela, Garesko D eredua aukeran zutelako, eta ez zelako inon zehazten eskubide hori herriko eskolan bertan egikaritu behar zenik». Larria da hori Gaubekarentzat. «Zergatik gaztelaniaz hezkuntza hautatzen duen haurrak herrian bertan ikasteko aukera du, eta euskarazkoaren alde egiten duenak egunero autobusa hartu eta beste herri batera joan behar du? Horrek ez al du ikasleen arteko berdintasuna urratzen? Herri bereko haurren eskubideak mailakatzen?». Onargaitza da hori. «Nafarroako Gobernuak gaurdanik bermatu beharko lituzke gertutasun printzipioa eta zentro guztietan euskaraz ikasteko eskubidea. Eskola Mapak ezin du ikasleen oinarrizko eskubideak baldintzatu».
Horren aurrean, Mendigorriko gurasoek eta Behatokiak deia egin diete Nafarroa osoko gurasoei euskarazko ikasketen alde egin dezaten. Baita D eredua ez dagoen ikastetxeetan ere. Iñigo Lerga: «D eredua nahi dutela ozen esan behar dute. Guk horrela egin dugu: D eredua herriko eskolan nahi dugula esan dugu behin eta berriz, eta eskaera hori, gainera, publiko egin behar da. Mendigorrian bizitakoak erakutsi du, zoritxarrez, oraingoz hori dela bidea». Gaubekak ere azpimarratu du eskari horiek publiko egitearen garrantzia: «Egun eskari-sistema dagoen bezala, gogo hori ezkutatzen da: Eskola Mapan ez bada hala azaltzen, ezin da D eredua hautatu. Horregatik, garrantzitsua da ozen azaltzea gogo hori egon badagoela. Nafarroako Gobernuak ez luke eskaera eta eskaintzaren arabera erabakiak hartu behar, herritarren eskubideetan oinarrituta baizik».
Bide horretan, gurasoek eta Behatokiak laguntza eskaintzeko prestutasun osoa adierazi, eta tokian tokiko udalen inplikazioa aldarrikatu dute. «Udalen inplikazioaren auziarekin epaitegietara jo genuen, Nafarroako Gobernuak argudiatu baitzuen Mendigorriko Udalak ez zuela D eredua eskatzeko legitimizazioarik. Epaileak, aldiz, ondorioztatu zuen baietz: udal batek bertako herritarrei eskubideak berdintasunean bermatzen ez zaizkiela ulertzen duenean, udalak herritarrak babesteko legitimizazio osoa duela». Horregatik, udalak ere bidelagun izan behar dutela gogorarazi dute. Azken batean, herriarentzako ere oso onuragarria delako, Lergaren hitzetan: «D eredua eskaintzeak etorkizuna ematen dio gurea bezalako herri txikiari. Zonaldean euskara bultzatzeaz gain, herriaren aniztasuna bultzatzen duelako». Era berean, Nafarroako Gobernuak ere neurriak hartu ditzala eskatu du Gaubekak: «Ez da hezkuntzan unibertsaltasunik euskaraz berdintasunean ikasi ahal izatea bermatu gabe, eta horretarako Nafarroan dauden horma eta oztopoak gainditzeko determinazioa hartu behar du gobernuak».
Azkenik, bide luze honetan lagun izan dituzten erakunde, kide, guraso, herritar eta babesleei eskerrak eman nahi izan dizkiete.