Mendiak eta Gurutzeak
Mendiak eta Gurutzeak –
Markel Olanoren “Gurutzerik gabeko Euskal Herria” artikuluaren harira
Zertarako, zergatik mendietan, tontorretan, eraikuntzetan ikurrak gehitzea? Ez daude askoz hobeto ezer gabe?
Markelek oso ondo aukeratu du Gurutzearen defentsarako Udalaitz Gurutzea, berak dioen bezala, diktaduraren kontrako mugimenduak 1971n Udalaitz tontorrean Gurutzea jarri zuen, balio sozial eta demokratikoak garatu zituen eta horrek izugarrizko eragina izan zuen gure herrian. Baina, badakigu zenbat Gurutze dauden Euskal Herriko mendietan? Pilo, pilo bat, eta gehien-gehienetan beste helburu batzuekin jarrita.
Demagun, Udalaitz Gurutzea zutik uzten dugula bere garaian ikur sozial eta demokratikoa izan zelako; horrek zer esan nahi du gainontzeko guztiak eraitsi modukoak direla?
Horren gaineko adibide bat jarriko dut. Duela hamabost urte, Kostalera tontorrean 15 cmko arranoa jarri genuen, bi kilo eskaz pisatzen ez zuena, lehenengo aldiz kendu zuten eta tontorretik behera bota zuten, bi urte pasata berriro jarri genuen, eta berriro bigarren aldiz kendu zuten eta desagerrarazi egin zuten. Aipatutako Gurutzeek hamar metrokoak edo luzeagoak dira, eta 250 kilo edo gehiago pisatzen dituzte.
Kristautasuna errespetatzeak ez du suposatzen kristauen ikurrak edonon agertzea, eta askoz gutxiago aipatutako neurri itzelekin mendietan, naturan. Kristau erlijioak betidanik eduki ditu pribilegioak eta egun batean joan beharko dira gutxitzen, eta oraingo gizarteari moldatzen eta egokitzen.