Menderakuntzatik askatasunera. Independentzia!

Menderakuntzatik askatasunera. Independentzia! –

1) Euskal Herria gainbehera politikoan dago azken urteetan. Gero eta era gordinagoan agertzen zaigu krisia, euskararen, nortasunaren, kulturaren, demografiaren edo kontzientziaren galera nabarmenen bidez, bai eta asimilazio zein zapalkuntzaren normalizazioaren bidez.

2) Krisi nazional horrek lotura zuzena du marko politiko propio baten faltak sortzen duen hutsunearekin, marko propiorik ezean menderatzailearenean desegitea beste aukerarik ez baitago.

3) Egoera iraultzeko, herri euskaldunak nahitaezkoa du euskal marko nazionala berrantolatzea, alegia, euskaldunok nazio askapenerako mugimendu, estrategia eta gidaritza baten baitan elkartzea, inperialismoaren eredu, arau eta erakundeetatik at.

4) Horretarako, oinarrizko bi printzipio ezartzen ditugu abiapuntu gisa:

  1. Euskal Herria nazio okupatua da, eta autodeterminazio eskubidea du, hots, independentzia nazionalerako eskubidea.
  2. Independentzia lortzeko, menderatzaileen sisteman integratu ordez, gure herri boterea bultzatu eta euskal estatua egituratzera jo behar dugu.

5) Printzipio horiekin ados dagoen euskaldun oro animatzen dugu aurtengo Aberri Egunean Euskal Herriaren berrantolaketa politikora eta erresistentziara batu dadin. Dei egiten dugu apirilaren 12an eguerdiko 12etan Pausun elkartzera, frantziar eta espainiar estatuek inposaturiko muga hautsiz.

Menderakuntzatik askatasunera. Independentzia!.

Ekimenean parte hartzeko interesik baduzu, jarri kontaktuan helbide elektroniko honekin:

aberrieguna2020@protonmail.com

6 pentsamendu “Menderakuntzatik askatasunera. Independentzia!”-ri buruz

  • Benat Castorene 2020-01-21 20:42

    Ausartuko naiz iruzkin tipi bat bat egitera.
    Testuak bi aldiz « eskubidea » hitza aipatzen du,denok askotan egiten dugun bezala.
    Bainan eskubide bat, berez, ez da ezer ez bada aurrean norbait eskubide hori aitortuko duena eta bere eginbidetzat hartuko duena,
    (gogoeta hau inspiratzen didan Simone Weil filosofo frantses bikainak « obligaziotzat » erranen zuen)
    Nork bada hartuko du gure eskubidea bere eginbidetzat ? Gutaz besterik ?
    Nehork.
    Hogoitahamar kasko pelatu bagara ere, Pausuko Aberrigunera joanen naiz, « aspaldiko partez »
    Bainan « eskubide » hitza ikusi edo entzunen dutalarik, ene buruan « eginbide » edo « obligazio » itzuli gogo dut.

  • Azkenengo urteetan aberriaren eguna alderdi batzuen egunaren tankera hartuta zegoen. Urte osoan etsaien sistema elikatzen ibili eta aurpegia zuritzeko festa izaerarekin gainera. Pozgarria da herri sektoreek Aberri eguna gure askapen borroka berrindartzeko egiazko planteamenduz egitea. Badago itxaropenik oraindik! Han izango gara!

  • Beñaten hausnarketari zerbait gehitzearren, ene ustez eskubideak eta betebeharrak elkarloturik doazen txanpon bereko bi aldeak dira beti, eta are gehiago euskaldunon kasuan. Gutako ororentzat betebehar bat behar luke Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea gauzatzea, norbanakoaren txikitasunetik hasita maila kolektiboraino, inori (are gutxiago etsaiari) ezer erregutzen ibili beharrean. Zeren oso erraza da eskubideak eskatzea, edo eskakizun hori ordezkari politikoei delegatzea, baina gaitasuna da eskubide ororen iturri, ez beste ezer, eta, gai izateko, hots, boterea erdiesteko herriak antolatu eta borroka egin beste biderik ez du. Izan bedi datorren Aberri Eguna zinezko pausu bat herri honen antolakuntza bidean!

  • Benat Castorene 2020-01-23 09:20

    Ados Oier. egia erraiteko, ene iruzkina, tipia izanik ere, gehiago doakio berritzekoa den borrokaren filosofia bati (adibidez ekidinen liguzkeena atzoko lerrakada kaltegarriak eta gaurko printzipiorik gabeko normalizazio hau), ezen eta Aberri eguneko deialdi bati.

  • Gure eskubidea dela aldarrikatzeak ez du esan nahi etsaiari ezer eskatzera doazenik. Eskubide bat defendatzen da eta etsaiak ukatu ezkero borrokaren bitartez errespetarazten.
    Adibide gixa, nik txakurren aurrean euskaraz hitz egiteko eskubidea dut. Eskubide hori ukatzen badidate, erresetaraziko dut euskaraz erantzuten.
    Autodeterminazio eskubidea dugu eta gure obligazio morala da eskubide horiek inposatzeko beharrezko indarrak egituratzea.

  • Ez bada aipatzen eta ezkutatzen baden gure Estatuaren izena, gaizki goazela bistan da. “Euskal Herria nazio okupatua da” ordez “Nabar Estatua Estatu okupatua da” izango litzateke errealismo politikoa erabiltzea. Independentzia definitu behar dugu eta oso erreza dugu: Nabar Estatuaren jarraipen eta luzapena da independentziaren abiapuntua. Horrekin lotuta Estatu okupatuaren erresistentzia antolatu behar da indar okupatzaileak gre lurraldeetatik botatzeko helburuarekin. Bitartean bere sistema kolonialari aurre egin behar diogu eta gure lurraldeak ingobernableak bihurtzea gobernatzen dutenei: inperalismoak eta bertako errenegatu traidore eta kolaboratzaileek.