Memoria, komunikazio herritarra eta ezintasunen aurrean elkartasunaren lekuko Saharako Brigada
Saharan Uztailean egon den Brigadaren kronika honetan ezintazunak dituzten pertsonen ”IBSAR Elkhair” elkartearen lehendakariarekin bildu zirela kontatzen digute.
Errepresio gordinaren ikurra den familia batekin elkartu eta gazteek osatzen duten proiektu komunikatiboa ezagutzeko ere aukera izan zuten Askapenaren brigadistek.
Saharako brigadak bidalitako kronika guztiak ikusteko egizu klik hemen
Goiz esnatu eta aktibitatez beteriko egunerako prestatzen hasi ginen. Lehenengo hitzordua ezintasunak dituzten pertsonez osatutako Saharako ”IBSAR Elkhair” elkartearekin izan genuen.
Bilera guztietan bezala, gure itzultzaileak jada buruz ikasi duen aurkezpena egin ostean Alovat, elkarteko presidenteak, beraien zeregina zertan datzan azaltzeari ekin zion. Bere burua aurkezterakoan, ia ezaguna egiten zaigun datu bat bota zuen, kasu honetan ere preso ohia da, gainontzeko elkarteetan ikusten ari garen errealitatea.
Sortu berria den elkarte hau (2013.eko Otsailaren 26an), aurreko eragileen kasuetan bezala, legeztatzeko paper guztiak bete arren Marokoko indar okupatzaileek ez zuten erregistroan izena ematea onartu eta berez legez kanpo garatzen dute beraien jarduera. Honek, segurtasun irizpideak zaintzeaz gain, egunerokotasuneko eginbeharrak asko zailtzen ditu: elkarte honen egoitza presidentearen etxea da (gainontzeko kasuen antzera), bitarteko material guztiak etxeetan dituzte eta finantzazioa beraien poltsikoetatik ateratzen dute.
Ezintasuna duten pertsonekin lan egiten duen elkarte bat izanda, honek edozein proiektu praktikoa aurrera eramatea ia ezinezkoa bihurtzen du (aisialdia, eskola txikiak…) Gainera, deitzen dituzten mobilizazio guztiak marokoar poliziek apurtzen dizkiete eta jarraipenak eta mehatxuak pairatzen dituzte. Beraientzat elkarte hau beharrezkoa da Sahara okupatuan ezintasunak dituzten pertsona guztien egoera Marokoko okupazioak ezaugarritzen baitu.
Burujabetza ez izatearen ondorio argiak dira hezkuntzarako eskubiderik ez izatea, osasungintzan baztertuak izatea, edota kaleetan nabarmena den hirigintzan duten hutsunea beraiei bereziki zelan eragiten dien. Hau dela eta, jorratzen duten arloari lotutako aldarrikapen zehatzak izan arren, argi eta ozen esaten dute haien helburu politiko nagusia autodeterminazio eskubidea gauzatzea dela.
Aldarrikapen nagusia ez soilik elkarte honetan, baizik eta orain arte ezagutu ditugun eragile guztiena, denek, bakoitza bere arlotik, argi daukate arloko arazo guztiak gaur egun pairatzen duten herri zapalkuntzaren barnean garatzen direla eta beraz arlokako arazoen konponketaren bidean herri moduan aritzeko gaitasuna berreskuratu behar dutela. Alabaina, gaurdanik arloetatik presionatzeko balioaz ohartu dira ere eta honen harira sektore anitzeko eragileen jarduera.
Eguerdi aldera errepresio gordinaren ikurra den emakume batekin elkartu ginen. Bere neba, Said Dember, etxeko gazteena 2010.eko Abenduaren 22an akatu zuten tiro batez Marokoko indar okupatzaileek, Gdeim Izik erresistentzia kanpamenduaren desalojoaren osteko egunean. Baina emakume honen istorioa ez zen egun honetan hasi, ezta bukatu ere, bere anaiaren argazki handi bat atzean zuela emakume honen testigantza jarraituz, Euskal Herrian familia askorekin gertatzen den bezala, Saharako Historiaren parte bat ezagutu genuen.
Saiden aita, hainbeste saharar bezala indar okupatzaileek Marokoren alde armak hartzera behartu zuten eta honen ostean Fezen bizi izan ziren, han jaio zen Saiden arreba; bestetik, bere amama Tindufeko errefuxiatuen kanpamenduetan bizi eta hil egin zen, Said ezagutu gabe hain zuzen ere; eta beraiek Mendebaldeko Sahara okupatuan etxeko gazteena galtzeaz gain, ostean egia argitzeko nahian errepresio oso bortitza jasan egin dute.
Abenduaren 22an Saiden etxean telefono dei bat jaso zuten Said ospitalean zegoela esanez, bere arreba hara hurbildu zen. Heltzerakoan bere anaia hilda zegoela esan zioten eta gorpua ikustea lortu zuenean, berak besoan zerbait zuela uste bazuen, baina buruan benda bat jarrita zuen eta bertako erizain batek Saidek tiro bat zuela esan zion.
Familiak lehenengo momentutik Saidekin zer gertatu zen argitzeko determinazioa hartu zuen eta sasi guztien gainetik horretan ibili dira azkeneko urteetan. Bertsio ofiziala ez zuten sinistu eta gorpuari autopsia egiteko eskatzen hasi zirenean amesgaiztoa hasi zen.
Lehenengo bizilagun batzuen presioa, ostean udaletxearen presioa, xantaia ekonomikoa, arrebak lana galdu izana, baina gogorrena aita gaixotu zenean etorri zen. Aita gaixotzerakoan tratamendu egokia eman ahal izateko autopsia eskatzeari uko egin behar ziotela esaten zioten, diruari ezetz esatea baino askoz zailagoa izan arren familia duintasunari heldu eta bere horretan mantendu ziren.
Aita hil ostean, etxea poliziaz inguratu zuten jendeak bere aitari azkeneko agurra ematea oztopatzeko eta ondoren aitaren gorpua “morge”-tik kanpo egun batzuk utzi zuten oso tenperatura altuekin. Tartean, etengabe, anaiaren gorpuaren autopsiaren eskaerari uko egiteko “eskaintzak” izan zituzten. Azkenean, anaiari autopsia egin ziotela esan zuten eta honen txostena erakutsi zioten familiari, baina txosten hau lehenengo informea bezalakoa zen eta, batetik bestera, soilik data eta medikuaren datuak aldatu zituzten. Azkeneko mendeku marokoarra, gurasoek anaia hilda ikusi barik erretzea izan zen.
Hala ere, Saiden arrebak sufrimenduz beteriko istorio hau kontatzerakoan ez du inoiz esaten alferrikakoa izan denik. Bere aburuz, bere familiaren borrokak kaleko errepresioaren maila jaisteko balio izan du, bere anaiarena gertatu ostean kalean sahararrek bortizkeria jasaten jarraitzen badute ere, geroztik ez da kalean bala bidezko erailketarik egon. Azpimarratzekoa da, arrebak eta bere familiak euren aldarrikapen zehatzei ematen dieten balio politikoa, argi baitute egiaren argipenaren bidean Saidi egin ahalko dioten omenaldirik onena beste gazte bat kalean eraila ez izatea dela, eta era berean Sahararen askatasuna gauzatzea.
Kafetegi batean azkar zerbait bazkaldu ostean, gure laguntzaileak, anfitrioiak eta lagunak bihurtu diren Equipe Media-ko gazte batzuekin batu ginen. 27 kide inguru duen talde gazte honek Mendebaldeko Saharako egoera ezagutzera emateko 2009an sortu zuen proiektu komunikatibo hau.
Estatu marokoarrak ezartzen duen blokeo mediatiko apurtzeko eta ahalik eta munduko txoko gehienetara heltzeko asmoz webgunean argitaratzen dutena arabiarrez, ingelesez, frantsesez eta gazteleraz dago; noizbehinka informazioa italiarrez eta portugesez jartzen dute ere bai. Bere lanaren ezaugarriengatik eta duen balioagatik klandestinitatean aritzen dira, ezkutuan grabatzen eta beraien bitartekoekin sarea okupatzen dute. Suzko armarik ez duten arren, kamara eskuan eta teilatuetatik irudiak lapurtzen dabilen frankotiradorerik badute Equipe Mediako lagunek.
Egun, albistea dagoen tokian daude eta beraz, hiri zein unibertsitate nagusietan erreportariak daude. Gainontzeko saharar antolatu guztien antzera, neska-mutil hauek ere errepresioaren jo puntuan daude, honen adibide garbia bertan zegoen neska bati aurreko astean poliziak bere beharra egiten ari zenean emandako injekzioa, edota bideo baten ikusitakoa: grabatzen zegoen gazte bati poliziak harriak bota zizkiola.
Egunari bukaera emateko basamortura eraman gintuzten kameradun matxinatu hauek, harean alfonbra batzuk bota, iluntzerakoan sua egin eta beti presente dagoen tearen inguruan, nahi eta nahi ez, leku magiko horretan hizkuntza zaharrez berba egiten zuten bi talde eratu ziren gamelu brotxetak, ogia, gazta, entsalada eta sandia jaten genuen bitartean.
Euskara eta hassannia, bi hizkuntza jarraituak eta baztertuak.
Euskal Herria eta Sahara, duintasunez eta arrazoiz beteriko borroka bi!
Askatasuna lortu arte jo eta ke!